gAUR egingo du lehen bilera Kulturaren Euskal Kontseiluak; gaur osatuko da, beraz, Gobernuari kultura gaietan aholku ematea helburu izango duen gizon-emakumeen taldea. Eta, gainerako eginkizunen gainetik, aurreko Kulturaren Euskal Plana ordezkatzen duen Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuaren jarraipena egin beharko duen taldea. Asko idatzi da azken hilabeteotan Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuaz, zein aldaketa dakarren Kontratu honek Kulturaren Euskal Planarekin alderatuz gero. Eta hala ere, uste dut gaur egun egokia dela orain arteko gogoetei beste bat gehitzeko. Badakit ez dela gogoeta "neutroa", baten batek esango du interesatua ere badela, buru-belarri sarturik egon nintzela Kulturaren Euskal Planean. Hala da, eta aitortzen dut. Baina, berriro diot, uste dut merezi duela ondorengo lerroek biltzen duen gogoeta egitea; hori bai, argi utzirik Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuarekiko begirunetik eginiko gogoeta dela. Eta, bereziki, Kulturaren Euskal Kontseilu berria osatzen duten gizon eta emakumeen merezimenduekiko begirune handienetik.

Ez nuke nahi orain arte idatzitakoak errepikatzerik, baina nire iritziz garrantzitsua da bost alderdi kontuan hartzea nolako aldaketak gertatu diren ulertu ahal izateko. Eta bost horietatik lehenak, hain zuzen ere, aldaketa izenarekin du zerikusia. Izan ere, guztiz normala da aldaketa gertatu izana. Zuzen dabiltza horretan kulturaren gaurko arduradunak. Ajuria Enean gertatu den aldaketak bere isla izan behar du kultura gaietan ere. Kontrakoa izango litzateke benetan harrigarria, aldaketarik gertatu ez izana, alegia. Aldaketarik ezak kezkagarri izan beharko luke oso bai gaurko arduradunentzat, eta bai lehengoentzat ere. Behin eta berriz "salatu" dute Kulturaren Euskal Plana identitateaz obsesionatua zegoela. Egia da; ez dakit obsesiora iristen zen, baina hemen herri bat, nazio bat dagoela oinarri harturik, herri horren kulturaz arduratzeko Plana zen. Herri plurala, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten duena, modu bateko eta besteko iritzi eta pentsamoldeak dituena; gure herria horrelakoa dela jakinik, herri horrek izan duen kultura, egunero sortzen duena, aztertu, bultzatu, sustatu? egin nahi zuen Kulturaren Euskal Planak. Kultura horretako eragile eta sortzaileekin eskuz esku lan egin. Herri honetako erakundeekin elkarlanean jardun

Izena bera aldatzea nahikoa adierazgarri da. Gaurko arduradunek ez dute Euskal Kulturaren aldeko ahalegina bere egiten. Kulturen aldeko Kontratuak urtu nahi dute euskal kultura. Zein kulturaz ari gara? Munduko kulturez, oro har? Ez dakigu, ez zaigu esaten. Argi geratzen da, ordea, ez dagoela benetako apusturik hemengo kulturaren alde. Hala adierazten du, zalantzarik gabe, gure kultura munduko elkarte esanguratsuak gaur biltzen den Kulturaren Euskal Kontseilutik kanpo geratu izanak: Euskal Produktoreen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea, Musikaste-Eresbil, Topagunea edo Euskal Antzerkizaleen Elkartea.

Bigarren alderdia: erakundeen arteko koordinazioa. Herri honetako erakundeekin elkarlana sustatu nahi zuen Kulturaren Euskal Kontseiluak, bai bagenekien erakunde horiek ere eskumen garrantzitsuak dituztela kulturari dagokionez. Diru eta giza baliabideak bide berean jarri nahi genituen. Gobernuaren Plana zen sortzez, baina, izatez, erakunde guztiena izatea nahi genuen. Gaur, ostera, argi utzi diete Foru Diputazioei nork hartuko ditun erabakiak, nork ezarriko dituen ildo estrategikoak. Gainerako erakundeek ekarpentxoren bat edo beste egin ahalko dute, baina funtsezko ildo estrategikoak eztabaidatzeko aukerarik gabe.

Hirugarren alderdia, neurri batean aurrekoarekin lotua. Esan bezala, kulturako sektore eta eragileekin adosten ziren lehen neurriak eta politikak. Euskadi Literatura Sariekin gertatua ez da adibide txarra. Deialdian bere garaian, 90eko hamarkadan egin ziren aldaketak, idazle eta argitaletxeekin adosturik egin ziren. Urte batean bai eta hurrengoan ere bai, sektore jakin batetik zetozen kritiken aurrean, bilerak egin ziren berriro ere Euskal Idazleen Elkartearekin, erdaraz idazten zuten idazleekin, eta euskaraz eta erdaraz argitaratzen zuten argitaletxeekin aldaketarik behar ote zen aztertzeko. Orain, azken deialdian egin diren aldaketaz Gobernuak bere kabuz egin ditu, inorekin kontsultarik edo bilerarik egin gabe.

Laugarren alderdia, lehenengoarekin lotua. Kulturaren Euskal Planak abiapuntu zuen herri honetako kultura hiru hizkuntzatan egiten dela eta horietatik bi ofizialak direla Euskal Autonomia Erkidegoan; hala ere, aitortzen zen bi horietatik (edo hiru horietatik) bat zela besteak baino ahulagoa, babes berezia behar zuena. Eta zehar-lerroa ezarri zen, ardatz estrategiko bakoitzean eta jarduera-ildo bakoitzean euskarak lekua izan zezan. Gaurko Kulturen aldeko Kontratuan ez dago halako aitorpenaren arrastorik. Areago, ekintzek (esaterako, Euskadi Literatura Sarietan izandako aldaketek), edo euskarazko produkzioak eskaria asebetetzea izan behar duela helburu esateak pentsarazten dute bi (hiru) hizkuntzak maila berean jartzera doazela; edo agian "merkatu libre"ko politika aplikatzera, eta, hala bada, badakigu zein izango den gure hizkuntza propioaren etorkizuna.

Eta bosgarren alderdia, hau ere lehenarekin lotua: Euskal Herriaren, nazioaren nozioa. Honek ere isla nabarmena baitu Kulturaren Euskal Kontseilu berriaren osaeran. Kulturaren Euskal Planak argi eta garbi zuen, ahal zen neurrian, zazpi lurralderentzat lan egin behar zuela. Zazpi lurraldeko kultura "gobernatu" behar zuela.

Horregatik zeuden ordezkaturik Kontseiluan Iparraldeko eta Nafarroako elkarte eta erakundeak, Euskal Kultur Erakundea eta Euskal Kultur Elkargoa. Gaur ez dago halako ordezkaritzarik; Iparralde eta Nafarroa euskaldunaren ordez, Madrilgo izen ezagunak ikusten ditugu Kontseilu berrian (eta, berriro diot, begirune osoa diet guztiei).

Labur bilduz, eta hasierako baieztapenera itzuliaz, ez nuke nahi lerro hauek kritika modura hartuak izatea. Logikoa da gaurko Gobernuak aurrekoaren kultura politika aldatzea. Aldaketa horietan nire iritziz funtsezkoak zein diren azaltzen saiatu naiz, besterik ez. Gauza bakarra eskatuko nuke: zintzoagoak izan daitezela egiten dituzten aldaketak aurkeztean. Ez daitezela "Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuaren" atzean ezkutatu. Gurutz Jaureguik dioen bezala "los ostentosos "antinacionalistas" dicen actuar desde unos valores universales y desde un cosmopolitismo aséptico, pero a menudo sus razones esconden o ignoran que el concepto de Estado que defienden no es neutral. En realidad, defienden uno en concreto". Aitor dezatela itzulingururik gabe ez dutela zazpi lurraldeetako Euskal Kulturarik nahi. Euskal nazioa indartu ordez, Madrili begiratu nahi diotela. Bidezkoa da. Hala egin nahi dela aitortzea da kontua. Horixe besterik ez.