Opinión: Erramun Osa

Ziklo baten amaiera

10-09-2021

Duela hogei urte, lanetik bueltatu berritan, telebistan etengabe errepikatzen ari ziren irudiei erreparatu nien. Ezin nuen sinetsi! Nolatan egin zezakeen hegazkin batek eraikin baten kontra? Eta hasierako harridura kezka bilakatu zen ikusirik bortxazko erasoa zela, toki esanguratsuen aurkako erasoa, eraikinak eraistea eta milaka zibil hiltzea helburu zuena... Harrezkero, irudi lausoa duen mugimendua akabatzera bideraturiko ekintza orok ez du sakoneko arazoa bideratzea lortu. Aitzitik, gorroto horrek, sakon-sakoneko erroak eta arrazoiak dituena bere horretan dirau... mugimendu horren finantzaketan esku hartzen zuten eta duten herrialdeek, hala nola Persiar golkoaren inguruko erregimen batzuek, tartean segitzen dutela.

Afganistan inbaditu zuten, herrialde horrek EIri ematen zion babesa aitzakiatzat hartuta. Hogei urte geroago, ordea, duela hogei urte boteretik iraitzitakoak bueltatu dira, aldarte eta indar handiagoz. Arazoa da egonkortasunik ezin dela erdietsi munduan lurraldeek garatzeko aukerarik ez badute eta bestelako lehentasunak dituzten handikien jolasleku bihurtzen badira. Horrela, ez da kasualitatea arestian aipaturiko golkoaren bueltan dauden zenbait erregimen Afganistango gobernu berria aitortzea, ez eta zenbait potentzia tartean egotea ere, besteak beste, lurralde hori aberatsa delako egun estrategikotzat jotzen diren hainbat lehengaitan.

Muturreko mugimenduak, erlijiosoak zein politikoak, indartu dira munduan barrena, genero berdintasunaren edota dibertsitatearen kontrako mezuak gero eta sarriago, ozenago eta ageriago entzuten dira nonahi eta nolanahi. Azken finean, gizartearen ikuspegi jakin bat inposatzea da kontua. Horretan, mendebaldeko herrialdeek porrot egin dute, mendebaldeko printzipio eta ikuskerak ezartzen saiatu direnean, bestelako ibilbidea eta printzipioak dituen gizarte batean... eta jarrera horrekin batera, beste joera bat ere indartzen ari da, bestelako jarraibideak munduan ezarri nahian ari dena.

Izurriteari aurre egin behar izan diogun honetan, aukera paregabea izan dugu gizateriak mundu mailan ahaleginak parteka ditzan. Egoskorkeria tarteko, aukera hori ere galtzen laga dugu, lurralde aberatsen eta ez-aberatsen arteko arrakalak areagotuz. Esperantzarik eta etorkizunik eza, galtzeko ezer ez izatea da muturreko mugimenduek oldartzeko eta nabarmentzeko baliatzen duten heldulekurik sendoena.

Izua, samina eta astindua

23-09-2001

Munduaren zaindari bakar bilakatua, bere interes estrategikoen menpeko giza eskubideak, justizia eta herrien eskubideak utzi dituen eta, noiznahi zein nonahi bere lurraldetik urrun dauden herrialdeak erasotzeko ahalmen militar beldurgarrienaren jabe den herrialdeari eraso egin diote. Honenbestez, munduaren segurtasunaren jagole bide den herrialdea ez da gauza bere herritarren segurtasuna bermatzeko, eta ikusi behar izan du, bortxa tarteko, izua hezurretaraino sartuta, hegazkinak eta barruan zihoazen bidaiariak heriotza-eramaile nola bihurtu dituzten.

Nazioarteak, herrialde batzuetan gertatzen ari diren makurkeriak tarteko, albo batera begiratzen du, eta milaka eta milaka pertsona eskubiderik gabe, odolusten uzten ari bada ere, halako injustiziek ez dute bestelako bidegabekeriarik ahalbidetzen ez eta zilegi egiten ere. Ez dago ideia bakar bat, xede bakar bat, justifika dezakeenik lagun hurkoaren heriotza, samina;izan ere, heriotza bakar bat ere ez da gizatasunaren ikuspegitik eramangarri, ez eta onargarri ere.

Eta orain, munduko herritar gehien-gehienak gertatua ulertzen ahalegintzen ari diren honetan, zalantza eta kezka dira nagusi.Izan ere, gertakari lazgarriek mendeku eta gerla hitzak barreiarazi badituzte ere, gertatua hoztasunez eta zuhurtziaz aztertu beharra dago. Alabaina, sorrarazitako egoerak herritar askorentzat onartzen errazak suerta daitezkeen bestelako egoerak ekar ditzake;hartara, AEBek indarrari are indar handiagoa erabiliz erantzuten ohituta daudenez gero, tamalez, heriotzaren, saminaren, katea oraindik ez dela eten aurreikusi behar dugu.

Jazotakoak nazioarteko harremanetan, ekonomian, giza harremanetan zein pertsonen eta garraioen segurtasunean izango dituen ondorioak ikusteko daude;hala ere, nire iritziz, momentuko larrian iragarritakoak baino are apalagoak izango direla iruditzen zait. Alta, behin-behineko aterabide eta adabakiak bazterturik, aukera berdintasunean, herri guzti-guztiak berdintasunean eta askatasunean garatzeko eskubidean, justizia eta demokraziaren irizpideetan aitzina baino ezin eraiki daiteke elkarbizitzarako oinarri sendorik. Gainerakoa oihana da, eta gorrotoa lege bihurtzea.