Egixarre

Esan daiteke Jose Mariren haurtzaroa gorabeherarik gabe igaro zela eskolaren, etxeko beheko solairuan zegoen familiaren aroztegiaren eta Bidasoan nabigatzeko erabiltzen zituen txalupen artean. Unean uneko gertakari politikoek, 1931ko bigarren Errepublikaren aldarrikapenak kasu, etxean ez zuten aparteko gorabeherarik eragin. Familiaren konpromiso politikoa Eusko Langileen Alkartasunarekin (ELA) lotuta zegoen, sindikatu horretako kide baitzen Doroteo.

Baina bizimodu baketsua 1936ko uztailaren 18tik aurrera eten zen betiko, Espainiako armadaren zati handi batek bigarren Errepublikak ekarritako aurrerapenak iraultzeko matxinada bultzatu zuenean. Abuztuaren amaieran borrokak Irun ingurura iritsi ziren eta iraileko lehen egunetan herritarrak Nazioarteko Zubia zeharkatzen hasi ziren, herriko kaleetan izango ziren balizko borrokak izututa. Doroteo eta Raimundak ere, balak beren etxeko horman dilin-dalan hasi zirela ikusirik, aldi baterako izango zen irtenbide horren alde egin zuten, frontea etxetik urrundu arte behintzat.

Hala ere, Frantziako lehen ministroaren aginduz Hendaian errefuxiatu zirenei bost eguneko epea eman zitzaien Espainiara itzultzeko edo, bestela, Garona eta Loira arteko departamentu batera urruntzea onartu behar zuten. Beraz, jendarmeek indarrez bereizi zituzten familiako kideak: adin militarrean zeuden bi gizonak, Doroteo eta Jose Mari, tren batean sartu eta Errepublikaren kontrolpean zegoen lurraldera bidali zituzten, Kataluniara. Raimunda eta gainerako zazpi seme-alabak, ordea, errefuxiatu multzo batean Poitiersera (Vienne), 470 kilometro iparraldera, burdinbidez eraman zituzten. Agirre-Salaberriatarrak beren borondatearen aurka banatzen zituzten aldi berean, tropa matxinatuak irailaren 4an sartu ziren Irunen.

Bartzelonara iritsitakoan Doroteo eta Jose Marik Errepublikako Herri Armadan izen eman behar izan zuten eta berehala aire defentsarako bateria batera bideratu zituzten, hiriburua tontorretik menderatzen zuen Sant Pere Màrtir mendira. Hiriburuko egonaldiak txundituta utzi zuen hamazazpi urteko gaztea. Ez soilik metropoli batera iristeak suposatzen zuen kontrasteagatik, baita bizitzea egokitu zitzaizkion gertaerengatik ere. Esate baterako, kuartel modura erabiltzen zuten finkaren kanpoaldean, guardia egiten ari zen gau batean, "paseatuen" hilketen lekuko izan zelako. Edota 1936ko azaroan Bartzelonako kaleetan Durruti anarkista ezagunari egin zitzaion hileta jendetsuan parte hartu zuelako.

Baina handik gutxira hegazkinen aurkako euskaldunen taldea Sant Feliu de Guíxolsera (Girona) lekualdatu zuten, Kostako Artilleriako 14. bateriako kide izan zitezen. Berez destino lasaia bazen ere, Jose Marirentzat tragikoa izango zen: 1937ko maia-tzean aita Doroteoren heriotza gertatu zen, familiari inoiz argitu gabeko egoeran gertatua.

1939ko hasieran, Francoren tropek Katalunia konkistatu zuten eta, ondorioz, milioi erdi pertsonek Frantziara ihes egin zuten. Jose Marik ere muga zeharkatu behar izan zuen, Saint-Cypriengo esparruan barneratu zutelarik lehenengo eta Argelès-sur-Merekoan ondoren. Errefuxiatuek bi eremu hauetan bizi izan zuten egoera muturrekoa izan zen: "gaizkile eta infekziosoak bagina bezala portatu ziren gurekin. Hondartzetan zokoratu gintuzten, arantza-alanbrezko hesiz inguratu eta zaintzaileak jarri zizkiguten inguruan. Saint-Cyprienen izan nintzen, otsaileko hotzetik babesteko aterperik gabe. Han lagun asko hil ziren hotzagatik edo beste beharrizan batzuengatik".

Apirilean Gurseko esparrura eraman zuten Jose Mari. Ordurako milaka errefuxiatu haiek buruhauste eta zama baino ez ziren Frantziako Gobernuarentzat. Gainera, denborak aurrera egin ahala mundu mailako gerra berri bat gorpuzten ari zela zirudien. Beraz, Frantziako Gobernuak bultzaturik, irtenbide bat topatu zuen Angel Elejalde eta Marcelino Bilbao lagunekin batera: Landetan egurgile gisa jardutea.

Hala, Landetara eramango zituzten tren militarrera igo ziren urrian. Zoritxarrez, helmugara iristean ezusteko galanta izan zuten, Septfondseko esparrura eraman baitzituzten. Armadan izen emateari uko egiten zieten errefuxiatuak bertara bidaltzen zituzten, muturreko baldintzetan pilatuz. Beraz, lekuaren basakeriak bultzatuta, hiru adiskideek armadan izen eman eta handik lehenbailehen alde egitea erabaki zuten.

Hori zela eta, Frantziak Alemaniarekin zuen mugan eraikitzen ari ziren defentsa sistemara bideratu zituzten hiru lagunak, Maginot Lerrora. Bertan 26. Atzerriko Langileen Konpainian izen eman eta milaka errefuxiatu espainiarrekin batera gotortze-lanetan aritu ziren sei hilabetez. Baina 1940ko ekainean naziek Maginot Lerroa eraso eta frantziar soldaduek ihesari ekin zioten. Ondorioz, ekainaren 22an, alemaniarren "tximista gerra" geldiezina zela eta, Epinal (Vosges) hiriaren bueltan milaka soldadu harrapatu zituzten, tartean Jose Mari.

Atxilotu ondoren, Jose Mari eta bere lagunak behin-behineko esparruetan espetxeratu zituzten. Egun batzuk geroago, ehun kilometro baino gehiago oinez eginda, Estrasburgora (Bas-Rhin) eraman zituzten. Gatibualdian, Jose Mari eta Marcelinok boluntario gisa eskaini zuten euren burua Alemaniako armadaren intendentzia lanetarako, bizi-kalitate hobea izango zutenaren esperantzan. Izan ere, Estrasburgon zentralizatzen zuten alemaniarrek Frantzian lapurtzen zutena, hala nola artelanak, altzariak, xanpaina edota edozein elikagai mota.

Jose Mari eta Marcelinoren lanak 1940ko abenduaren 11n amaitu ziren. Egun hartan espainiar errepublikarrak alboratu egin zituzten preso frantses, belgiar edo britainiarrengandik, eta futbol-zelaian zentralizatu. Ilunabarrean, argibide berrien zain zeudela, SS soldadu talde bat agertu zen kolpera, zakurrez lagundurik: haginkada amorragarriek eta kolpe bortitzek erabat izutu zituzten. Ondoren, tren-geltokira eraman eta norabide ezezaguneko konboi batera igo arazi zituzten.

Beste zortziehun presorekin batera sartu zen Jose Mari Mauthausenen. Bertan, uniformearen bularrean "espainiar" hitzaren laburdura zen "S" bat josi eta izena ordezkatuko zion 4553 zenbakia ipini behar izan zuen. "Mauthausenen inork ez zuen bizirik iraun behar bospasei hilabete baino gehiago. Nekeak jota hiltzea zegoen, edo elurretan eta euripean orduak emanda. Harrobiaren hondora amildu arazi ez bazintuzten, alanbre-hesi elektrifikatura bultzatu ez bazintuzten, makilakaden ondorioz hil ez bazintuzten; bizirik irautea lortu bazenuen, hautaketa froga batean parte hartu behar zenuen: txikienetik handienerako lerroetan jarrita, azterketa fisikoa egiteko asmoz. Gaixorik zegoenari heriotza-zigorra ezartzen zioten, nahiz eta heriotza-zigorra etengabea izan! Nire lehenengo azterketan masailak estutu nituen eskuekin gorri-gorri egin arte, azal osasuntsua nuela ikustarazteko. Baliteke orduantxe bizia salbatzea horrexegatik".

Baina Mauthausenen presoaren biziraupena halabehar hutsezko kontua zen. Eta Jose Mari ere hiltzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan: "Erisipela gaixotasuna harrapatu nuen esparruan. Orduan, erizaindegira eraman ninduten. Baina leku hori ez zegoen pentsatuta gaixoak zaintzeko, baizik eta haien doktoreen ikasketa-eskola gisa, gurekin frogak egiten zituzten eta. Eta jakin genuen jendea desagerrarazteko baliabideetako bat bihotzean gasolina injekta-tzea zela. Orduan, erizaindegian nengoela, injekzio bat prestatzen hasi ziren eta urkamendira kondenatutako bati soka jartzen diotenean antzerakoa izan zen. Kontua da mediku lanetan ziharduen presoa katalana zela, Pedro Freixa, eta esan zidan: -Agirre, ez kezkatu. Orduan injekzioa eman zidaten. Gero pixa gorri-gorri egin nuen, eta erizaindegi-barrakara eraman ninduten, gorpuak garraia-tzen ibili beharrik ez izateko errausketa-labearen ondoan eraiki zen gelara. Han hildako batekin ohea konparti-tzen jarri ninduten, eta harekin egon nintzen egun oso batez. Kiratsa arnastezina zen, denak hilzorian zeudelako. Eta bitartean "ama" hitza hizkun-tza mordo batean izendatzen entzuten nuen: mutter, matia, amatxo, hiltzen ari zirenak, oroitzapenei heltzen baitzieten". Jose Marirekin batera Mauthausenen sartu ziren presoen hiru laurdenak hil egin zituzten, tartean Elejalde laguna.

Infernutik bizirik irtetea ameskeria zen. Baina alemanieraz hitz egiten ikasi izana lagungarri suertatu zitzaion, 1942ko maiatzean esparrutik urrun eraikuntza-lanak egiten zituen talde batean interprete gisa jarduteko hautatu baitzuten: Cesarren kommandoan. Jose Marik Vöcklabruck, Ternberg eta Redl-Zipf (Schlier) herrietan lan egin zuen 1945 arte. Bertako kideek udalbatza, konpainia pribatu edo Gerra Ministerioarentzat kualifikazio handiko lanak egiten zituzten eta horrek baldintza hobeak izatea zekarren. Zalantzarik gabe, talde horretako kide izatea funtsezkoa izan zen bizirik irauteko.

1945eko maiatzaren 2an, amerikar zein sobietarrak iristear zeudela, Jose Marik lekualdatze bat baliatu zuen ihes egin ahal izateko. Zorionez lau egun baino ez zituen egin ezkutuan. Askatu eta egun batzuetara hegazkin militar batean bidali zuten Parisera.

Bost urteren ondoren 1945eko ekainean elkartu ahal izan zen berriro ama eta anai arrebekin Châtellerault-en (Vienne). Askatasunera egokitzapena ez zen batere xamurra izan, baina 1948an Marina neska-lagunarekin ezkondu eta Maria Elisa txikia jaio ondoren, 1953an Balear Uharteetara abiatu zen. Frantsesa eta alemana menderatzen zituenez, turismoaren sektore hasiberrian lan egiteko aukera probestu zuen. Palman Zaida hotelaren zuzendari izan zen urte luzez. Bere azken urteak Sarah Bajar bikotekidearekin partekatu zituen, 2009an hil zen arte.

Historian lizentziatua eta kultur kudeaketan masterra. Lazkao Beneditarren Fundazioan teknikaria. 'La deportación de los vascos a los campos del Tercer Reich (1940-1945)' txostenaren eta 'Bilbao en Mauthausen: Memorias de supervivencia de un deportado vasco', Editorial Crítica, liburuaren egilea.