Irakurtzea ez da soilik aisialdirako jarduera; hizkuntza-gaitasuna, pentsamendu kritikoa eta emozioen kudeaketa lantzen dituen funtsezko ariketa da. Haurren eta gazteen garapenean, istorioek imajinatzen duguna baino askoz gehiago eskaintzen dute: arreta hobetzen dute, enpatia ere handitzen dute, eta ikaskuntza-erraztasunak ematen dituzte.

Baina, gaur egungo testuinguruan, hau da, pantailen presentzia handiko eta kontsumo kultural anitzaren garaian, galdera bat sortzen da: nola irakurtzen dute gizarteko umeek eta gazteek, eta nola aldatu dira joerak azken urteetan?

Gazteek eta haurrek irakurtzen al dute?

2023an, 14 urtetik gorakoen artean liburuak irakurtzen dituztenen ehunekoa %68,3ra iritsi zen. Urte horretan, gazteen arteko datua bereziki altua izan zen. Gazteek irakurtzeko joera sendoagoa erakutsi zuten Hezkuntza Ministerioak egindako ikerketan.

Gobernu eta sektoreko txosten berrien arabera, liburuak aisialdirako irakurtzen duten pertsonen proportzioa azken urteetan handitzen ari dela adierazten dute. 2025. urtearen hasieran aurkeztu ziren 2024ko Espainiako Irakurketa Ohituren eta Liburu Erosketen Barometroaren emaitzak. Barometroaren arabera, 14 eta 24 urte bitarteko biztanleen %75,3k liburuak irakurtzen ditu bere denbora librean. Haurrei dagokienez, haurren irakurketa datuak handia izaten jarraitzen du, eta gainera, datuak gora jarraitzen du 6 urtetik beherako umeak dauden etxeetan, gurasoek liburuak irakurtzen dizkietelako. Sei eta bederatzi urte bitarteko haurren %82,5ek aisialdian irakurtzen dute borondatez.

Hala ere, badaude hain positiboak ez diren zenbait datu. Adibidez, PISA txostenean zehazten zen irakurketari dagokionez, 2022ko datuak 2015ekoak baino okerragoak zirela. Hala ere, espainiar estatuko ikasleen %76 inguruk 2. maila (maila hori gutxienekotzat jotzen dena izanda) edo handiagoa lortu zuen irakurketan, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen irizpideak oinarri hartuta. 

Eta zelan irakurtzen dute?

Azterketa kualitatiboek eta txosten sektorialek adierazten dute gazteek irakurtzeko joera aldatu dutela: irakurketa ohitura “asteko” edo “hilabetean behin” maiztasunetan mantentzen dute, baina irakurtzeko modalitate berritzaileak indartu dira: audioliburuek indarra irabazi dute, eta komikiak oso irakurriak dira gazteen artean. Gainera, gazteek sare sozialak erabiltzen dituzte irakurketa gomendioak jasotzeko.

Generoei begira, fantasia eta gazte-narratibak dira indartsuenak. Hala ere, gizarte errealismoak eta genero garaikideek ere indarra irabazi dute azken urteetan. Iker Mendizabal irakasleak PISAko datuei buruz eta tendentzia berrien inguruan hurrengoa dio: “PISAren emaitzek argi uzten dute atzera geratzen ari garela, COVID-19 dela eta, pantailen kontsumoak eragin handia izan du arreta- eta irakurmen-mailan. Hala ere, aukera berriak ere badaude: audio eta testu interaktiboak beste irakurketa-modalitate batzuk eskaintzen diete gazteei”.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoan, zer?

Euskal Autonomia Erkidegoan irakurketa presente dago gazteen artean, baina erronkak ere badaude. Azken urteetan egindako inkestek erakusten dute euskal gizarteak oraindik liburuak baloratzen dituela aisialdirako jarduera gisa, nahiz eta ohitura hori adinaren eta generoaren arabera nabarmen aldatzen den.

Eusko Jaurlaritzako Gazteen Euskal Behatokiaren 2025eko datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %56k aitortu du azken hilabetean liburu bat irakurri duela plazer hutsez, ikasketa edo lan arrazoirik gabe. Emakumeen artean ehuneko hori igotzen da (%66 ingurura), baina gizonen artean jaitsi egiten da %46ra. Aldea handia da, eta irakurtzeko zaletasunaren sustapenean genero-ikuspegia ere beharrezkoa dela erakusten du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, esanguratsua da liburutegi publikoen erabilera datua. Azken urteetan datuak gora egin du. 2023an, adibidez, 2,7 milioi mailegu baino gehiago egin ziren EAEn, aurreko urteekiko %48ko igoerarekin.

“Gazteek irakurtzen dute, baina ez modu lineal batean”, azaldu du Iker Mendizabal irakasleak eta hezkuntza-ikerlariak. “Gazteen interesak azkar aldatzen dira, eta sare sozialetako irakurmen arinak liburu tradizionalaren ohiturarekin uztatzen dira. Ez da galera bat, baizik eta irakurtzeko beste modu bat”.

Irakurketa sustatzeko planak

Euskal Herriko erakundeek eta hezkuntza-komunitateek azken urteotan irakurketaren aldeko estrategia berriak jarri dituzte martxan, haur eta gazteen artean ohitura hori sendotzeko helburuarekin, irakurtzea ez baita soilik entretenimendurako tresna bat: adierazpena, komunikazio eta pentsamendu kritikoa garatzeko oinarri ere bada.

Eusko Jaurlaritzak Irakurzale plana garatu du azken urteetan, irakurketa sustapena ardatz duen politika publiko gisa. Programaren bidez, eskolako kurrikulumean irakurketaren presentzia handitu nahi da, bai euskaraz, baita gazteleraz ere, eta irakasleentzako formazio bereziak eskaintzen dira. “Irakurketaren gaitasuna hizkuntzaren muina da; irakurle on batek komunikazio-gaitasun handiagoa izango du bizitzako arlo guztietan”, dio Iker Mendizabalek.

Bestalde, udal eta mankomunitate askok beren mailako ekimen propioak dituzte. Adibidez, Gasteizko Booktuberboom programak gazteak bideoblogen bidez irakurketa gomendatzeko animatuz.

Hezkuntza araututik kanpo ere bada irakurtzearen aldeko mugimendua: ikastetxeetan irakurle klubak, gaztetxe eta kultur etxeetan literatura-txokoak, eta euskarazko komikiak edo literatura fantastikoa sustatzeko elkarteak sortu dira. Adituen arabera, ekimen horiek funtsezkoak dira, irakurketaren esperientzia sozializatzen dutelako: “Irakurketak komunitate bihurtzen du jendea, eta jarduera isolatua izateari uzten dio”, dio Mendizabalek.

Gainera, azken urteetan euskarazko literaturaren eskaintza ere nabarmen handitu da haur eta gazteentzat. Argitaletxeek (Elkar, Ibaizabal edo Denonartean, besteak beste) kalitatezko eta gai garaikideko lanak kaleratu dituzte, irakurle berriak erakartzeko asmoz.

Etxean irakurtzeko giroa sustatzea

Irakurtzeko ohitura ez da soilik eskolan edo liburutegian lantzen den zerbait; etxean ere sustatu behar da, modu naturalean eta atseginean. Adituen arabera, etxeko irakurketa-giroak eragin zuzena du haurrek eta gazteek liburuekin duten harremanean. “Haurrak ikusten badu bere gurasoak irakurtzen, irakurle bihurtzeko aukera handiagoa du”, dio Iker Mendizabalek.

Eta orduan, nola sustatu ahal dugu irakurketa?

Lehenik eta behin, irakurtzeko une atseginak sortuz. Irakurtzeko ez da zertan ordutegi finkorik izan behar: garrantzitsuena momentu atsegin bat izatea da, eguneroko erritual txiki baten modura. Afalostean, oheratu aurretik edo igande arratsaldeetan liburu bat partekatzea ohitura polita izan daiteke.

Zenbait adituen arabera, errekurtso berriak aprobetxatu behar ditugu umeen irakurtzeko ohitura handitzeko. Pexels

Bigarren aukera bat etxean liburuak eskuragarri egotea izan daiteke. Etxean liburuak ikusgai egoteak haurrek haiekiko jakin-mina pizten du. Ez da beharrezkoa liburutegi handi bat izatea, nahikoa da liburuak, aldizkariak edo komikiak eskuragarri egotea. Horrek liburua objektu natural bihurtuko du, ez eskolako tresna soil bat.

Beste aukera bat irakurketaren bidez harremantzea izango da. Haurrekin edo gazteekin liburu baten inguruan hitz egitea, pasarte bat irakurtzea edo istorioa komentatzea oso lagungarria da. Ez da beharrezkoa azterketa bat egitea, nahikoa izango da interes partekatua erakustea. Guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketa horiek emozioak eta pentsamendu kritikoa sustatzen dituzte.

Noski, irakurri nahi duten aukeratzen askatasuna izatea oso garrantzitsua izango da. Gazteek beren gustuen araberako liburuak hautatzeko aukera izan behar dute. Batzuentzat fantasia edo abentura izango da erakargarrien, eta besteentzat, umorea edo manga komikiak. Mendizabalen hitzetan, “garrantzitsuena ez da zer irakurtzen den, baizik eta irakurtzeko gogoa piztea”. Noski, bere iritzi hori azalpen sakonago bat behar du: “Gurasoek haien seme-alabek irakurtzen dutena ezagutu behar dute, beti ere, edozein eduki ez delako komenigarria”.

Iker Mendizabal teknologia aliatu bihurtzearen aldekoa da. Pantailak etsai gisa ikusi ordez, irakurketarako lagungarri izan daitezkeela dio. Liburu digitalak edo audio bidez entzuten diren liburuak gazteen ohituretara egokitzen diren aukera dira. Etxean euskarazko podcast edo istorio laburrak entzutea ere aukera bikaina izan daiteke.

Gure egunerokotasunean eta aisialdian sartu ahal dugun beste sustapenerako jarduera bat liburutegiak eta azokak bisitatzea da. Astean zehar liburutegira bisita bat egitea oso komenigarria izan daiteke, eta asteburuetan, gertuko liburu-azoketara hurbiltzea ere onuragarria izango da. Haur eta gazteak liburuen mundura gerturatzeko modurik eraginkorrena da, Iker Mendizabalen hitzetan. Han aurkitu ohi dituzte haien interesetara egokitutako lanak eta, sarritan, idazleekin harreman zuzena izateko aukera izango dute.