BILBAO. Ordezkari instituzionalek eta enpresek balantze positiboa egin dute Estatu Batuetako ekialdeko eta mendebaldeko kostetan egindako bidaiaz. Nazioartekotze Euskal Agentziak Washingtonen bulego bat zabaldu du eta bertan egunotan zabaldu diren negozio eta elkarlanerako bide guztien jarraipen eta lanketa egingo da.

Zibersegurtasuneko eta energiako bilera sektorialek oso sentsazio onak utzi dituzte parte hartu duten enpresen artean. Zibersegurtasunaren alorrekoek auren ahalmen teknologikoak erakutsi ahal izan dizkiete nazioarteko enpresa multinazional handiei. Energiakoentzat berriz, merkatu estatubatuarra bera izan da negozio aukera anitz erakutsi dituena egingo diren offshoreko instalazio handien bidez; 25GW 15 urtetan.

Alor instituzionalean Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Energia eta Komertzioko Departamentuekin bilerak egin ditu, eta baita Munduko Bankua edo Garapeneko Banku Interamerikanoa bezalako alde-anitzeko eragileen ordezkariekin ere. Munduko Bankuak elkarlanerako akordio baten oinarriak ezartzeko proposamena egin du, eta Banku Interamerikanoak ordea, Euskadira etortzeko nahia adierazi du energia, zibersegurtasuna edo ingurumen politika eta estrategia publikoak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Teknologiaren alorrean bidaiak Stanfordeko Unibertsitateko Adimen Artifizialeko laborategiarekin elkarlana abiatu ahal izateko bidea zabaldu du. Euskadiko hainbat zentro teknologikok gainera, eratu berri den BRTA partzuergoko kideetako batzuk, dagoeneko adierazita zuten laborategiarekin elkarlanerako interesa.

Azkenik, Nazioartekotze Euskal Agentziak Washingtonen zabaldu berri duen, eta Jurdana Izagirrek zuzentzen duen bulegoa ezagutzeko aukera izan dute bai enpresek baita ordezkari publikoek ere. New Yorken dagoen Jaurlaritzako delegazioarekin batera, Washingtoneko bulego komertziala izango da azken aste honetan landutako negozio bideak eta harreman instituzionalen jarraipena egiteko ardura izango duena. Bide batez, bulegoa Estatu Batuetan interes ekonomikoak dituzten enpresa guztiei laguntza emateko prest egongo da.