Eguraldi ona dugu azkenaldian, eta jendea, noski, ez dago etxean geratzeko prest. Eguzkia ikusita, mendira, hondartzara edo beste edonora joateko gogoz irteten gara denok. Askok kirol arropa janzten dute eta asteburuetan Bizkaiko herrietan antolatzen diren lasterketetan parte hartzen dute, ez soilik helduek, baita haurrek ere. Eskola lasterketen denboraldia bukatu da, baina lasterka aritzeko gogoa badago oraindik ere. Herri lasterketa askok aukera baliatzen dute txikienen artean ere kirol hau zabaltzeko, eta lortzen ari dira; izan ere, Ugaoko Herri Krosak, esaterako, parte-hartze handia lortu du. Aurten ere DEIA izan dute babesle. Hamabigarren edizioa izan da eta oraingoan Galdakaoko Herri Krosa ere egun berean izan da; hala ere, argi dago jende nahikoa dagoela proba guztietarako.

Eguzkia lagun izan zuten proba guztietan, eta jendea gogotsu aritu zen txikienei animoak ematen. Zirkuitua Ugaoko udaletxe inguruan egin zen, eta korrikalari bakoitzak bere adinaren araberako ibilbidea egin zuen. Horrela izanik, asfaltoa zapaldu zuten lehenak 8 urtetik beherako haurrak izan ziren. Talde handi horrek gurasoekin batera egin zuen korrika eta momentu dibertigarriak izan ziren helmugara iristean; batzuk 10 minutu beranduago egin zuten korrika, baina soilik 400 metro. Egia esan, gurasoek oso ondo pasa zuten umeekin batera korrika eginez, eta neba-arreba nagusiak ere ikusi genituen, txikiei laguntzen. Oso irudi politak izan ziren. Baten bat haur-kotxe bati tiraka ere ibili zen, helmugara heldu ahal izateko.

Behin lasterketa horiek bukatuta, ezusteko bat izan zen; antolatzaileak gainezka ibili ziren 8 eta 10 urte bitarteko, eta 11 eta 13 urte bitarteko kategorietako izen-emateekin. Irteeran talde handiegia ez osatzeko eta lasterketak arazorik gabe egiteko, antolatzaileek erabaki zuten proba horietan banaketak egitea; beraz, mutilek talde batean egin zuten korrika, eta neskek beste batean. Horrek erakusten du Ugaoko udalak egindako deialdia arrakastatsua izan dela.

Lehenengo kategorian, talde bietako kideek 400 metro egin zituzten; aldiz, bigarrenean, nahikotxo luzatu zen distantzia, 1.100 metroko ibilbidea egin behar izan baitzuten. Probetan erorketa txiki pare bat izan ziren, horietako bat helmugatik bi metro eskasera. Hala ere, goizeko pasadizorik dibertigarriena 8 eta 10 urte bitarteko korrikalarien artean eman zen. Lasterketa bi taldetan banatu behar izan zenez, neskak helmugara heltzean, mutilak irteeran jarri ziren. Megafoniaren bidez iragarri zuten lasterketa 11:15ean hasiko zela, baina korrikalariek pentsatu zuten irteteko agindua eman zietela eta hala egin zuten, ikusleen eta antolatzaileen harridurarako. Azkenean, irteerara itzuli ziren eta, aurrerago, irteteko pistola-tiroa eman zen.

Ondoren, bigarren urteko haur kategoriakoen txanda eta kadeteen txanda izan zen; horiek 1.700 metro egin behar izan zituzten. Amaitzeko, gazte, senior eta beteranoen kategoriek parte hartu zuten, 5.100 metro eginez. Azken kategoria horretarako irabazleek, gizon zein emakumeek, trofeo bat, txapela bat eta 100 euroko opari-txartela jaso zituzten, Ugaoko dendetan erabiltzeko. Gainera, herriko lehenengoek ere saria izan zuten.

Eskola kategorietan, aldiz, ez zen irabazleentzako saririk izan; parte-hartzaileek domina bat jaso zuten oroigarri, baita indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa ere.

Baina gauza ez zen hor amaitu; izan ere, esan dugun moduan, proba solidarioa izan zen, aurreko urteetan legez.

Izen-ematea doakoa izan zen, baina korrikalariek litro bat esne eman zuten dohaintzan, eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari entregatu zitzaion. Mundu guztiak bete zuen baldintza hori, noski; are gehiago, batzuek hainbat litro eraman zituzten. Gainera, lasterketaren amaieran, zozketa bat egin zen, korrikalarien artean.

Horrela bukatu zen, beste urte batez ere, Herri Krosa. Ugaoko kaleak kolorez eta alaitasunez bete ziren eta herritar eta inguruko pertsona asko korrika egitera animatu ziren, gainera, lasterketaren bidez ekarpen solidarioa egiteko ilusioaz.