ASTE Santuko oporrak heldu dira, eta Urdanetan modu oso berezi batean egin nahi izan diete harrera, pasa den asteazkenetik hasita. Kirolez eta dibertsioz betetako bost egun izan dituzte, eta ikasle guztiek aktiboki parte hartu dute. Ikasgelen arteko saskibaloi finalak, txikitxoen gimnastika erakusketak edota kros tradizionala jai-egitarau honen jarduera sendoetako batzuk izan ziren. Dena bukatzeko, igandean, eukaristia izan zuten.

Hala ere, krosa izan zen jarduera jendetsuenetako bat; ikasle, ikasle ohi, guraso eta irakasleak elkartu zituena. DEIAren babesarekin, Urdanetako krosaren hogeita zazpigarren edizioa izan da; eta parte-hartze bikaina izan zuen. Goizeko 10:30ean hasi zen ofizialki ekitaldia baina, hori baino lehen, ikastetxe ingurua atletaz beteta zegoen, denak beroketa ariketak egiten. Lehenengo proba ez zen atletismo pistan egin; korrikalariak Loiuko udaletxetik abiatu ziren, pistan zegoen helmugaraino korrika egiteko. Antolakuntzak bi autobus jarri zituen, hamahiru urtetik gorako atletentzako. 3.500 metro zituzten aurretik, zailtasun batzuekin; izan ere, ikastetxeraino igotzeko hainbat aldapa igo beharra zegoen. Bertaratutako guztien harridurarako, irabazleak hamar minutu eskasetan gurutzatu zuen helmuga. Apurka-apurka heltzen joan ziren gainerako parte-hartzaileak; amaitzeko, ileorde horiak zeramatzaten bi atletak itxi zuten ibilbidea.

Behin lasterketa hori eginda, pistaren inguruak haur eta gurasoz bete ziren, denak gainerako probak ikusteko prest. Adinaren arabera, beherako ordenan egin ziren. Horrela izanik, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoek 1.200 metro egin behar izan zituzten. Ibilbidea ikastetxearen barruko aldetik egin zen, helmuga gurutzatzeko pistan sartu arte. Gainerako haurrek tartan delakotik egin zuten ibilbidea. 2009 eta 2010 urteetan jaioek 600 metro egin zituzten; 2011 eta 2012an jaioek 400 metro; eta gainerakoak 200 metro.

Probek une dibertigarriak izan zituzten; esaterako, lasterketetako baten parte-hartzaileek pistara egin zuten salto haien izenak esan aurretik, korrika egiteko gogo handia zutelako, eta speaker lanetan ari zenak modu lagunkoian egin zien errieta. Beste momentu batzuk ez ziren hain alaiak izan, esaterako, probetako batean izan zen erorketa. Irteteko seinalea ematean, haur multzo handi bat sortu zen, batzuek estropezu egin zuten eta lurrera erori ziren. Berehala eman zieten arreta osasun zerbi-tzukoek eta sendatu egin zituzten, baina ezin izan zuten krosean korrika egin.

Beste faktoreetako bat atleta ba-tzuen nekea izan zen, goiz osoan zehar egin zuen beroaren ondorioz. Hainbat egunez euria egin ostean, larunbata eguzkitsu esnatu zen, eta tenperatura asko igo zen; horrekin, eta egin beharreko ahaleginarekin, korrikalari batzuek gorriak ikusi zituzten helmugara heltzeko. Zorionez, helmugara helduta edari freskagarriak eta jatekoa zeuzkaten zain, berriro indarrak hartzeko.

Kirol ekitaldi jendetsu honetan, ikastetxeak aukera aprobetxatu zuen parte-hartzaileen artean sari zozketa bat egiteko. Horietako bat Urdanetako ikasle ohi bati egokitu zitzaion.

Gainera, patioetan hainbat stand jarri ziren, hala nola ikasle ohiena, eta jateko eta edatekoak banatzeko batzuk. Krosaz gain, partidak eta ligako norgehiagokak egin ziren, beraz, ikastetxean kirolaren izpiritua arnas zitekeen.

Horrela bukatu zen Urdanetako krosa, beste urte batez. Egun garrantzitsua da ikastetxearen egutegian, eta familia guztiak jai-giroan elkartzeko aitzakia paregabea da.