HERRI lasterketen denboraldia puri-purian dago. Ia-ia astebururo dago baten bat Bizkaiko herriren batean, eta korrikalari ugari biltzen dira. Batzuk federatuei zuzenduak daude; beste batzuetan eskola-umeek ere parte hartzen dute. Itxarturen krosaren kasuan, aurten 33. edizioa izan da. Itxartu Taldeak antolatutako lasterketa honek tradizio luzea dauka Algortan eta Bizkaiko eta inguruetako hainbat klubek parte hartzen dute. Esaterako, lasterketa hasi aurretik, Bilboko Pagasarribide klubeko korrikalariak, Berangoko Atletismo Taldekoak, Sestaoko Aurrerantz klubekoak edota Portugaleteko eskolakoak ikusi genituen. Gainera, urtero bertaratzen da Burgoseko Mena Haraneko atletismo eskola, klub gonbidatu gisa.

Txikienentzat, lehiaketa egutegi ofizialeko hitzordu gisa kontuan har daiteke kros hau, Triano, Usansolo, Muskiz, Sestao eta Getxoko probez osatua. Gainera, kontuan izan behar dira hilean behin egiten diren atletismo txikiko probak edota pistako probak, kimu eta haurren kategoriakoei zuzendutakoak. Egutegia bete-beteta dago, beraz, atletak ondo prestatuta etortzen dira Itxarturen krosera.

Esan behar da proba hau Gabonen ostean egiten zela, gehienetan urtarrilean; baina pasa den urtean antolatzaileek martxora pasa behar izan zuten. Arrazoia izan zen Getxoko Udala obrak egiten ari zela Algortako batzokitik hasten den ibilbidearen zati handi batean. Ez zutenez aurreikusitako datarako bukatu, krosa egunez aldatu behar izan zen. Horrela izanik, Algortako Etorbidea igo eta jaitsi beharrean, korrikalariak batzoki ondotik irten ziren, baina bero ezkerretara egin zuten buelta emateko eta berriro ere batzokirantz jaisteko.

Aurten ere martxoan egin da krosa, eta pasa den urteko ibilbidea mantendu da; izan ere, obren ondorioz, errepidea estuagoa da eta ez dago atleta guztiak batera igo eta jaisteko espazio nahikorik.

Ibilbide berria ikasita, 500 eskola-ume inguruk parte hartu zuten Itxarturen krosean. Goiza lasaia izan zen; ez zen eguzkirik izan, baina ezta hotzik, euririk edo haizerik ere. Aurreko edizioan eguna oso haizetsua izan zen eta korrikalari txikienentzat gogorra izan zen; ahalegin handia egin behar izan zuten helmugara heltzeko. Aurten, arazoa ez da haizea izan, baizik eta laban egiteko arriskura. Izan ere, goizean ez zen euririk izan, baina bai gauean zehar; lurra bustita zegoen eta ibilbidearen zati batzuetan korrikalari batzuk erori egin ziren, irrist eginda. Txikienen lasterketan gertatu zen, batez ere. Hala ere, malko batzuk izan ziren arren, helmugara iristea lortu zuten, gurasoen laguntzarekin. Horiek bai jarraitzaile finak, ez zuten ezer galdu, lasterketa mugikorren bidez grabatzen zuten bitartean. Horrela izanik, txikiek 180 metro egin zituzten; benjamin eta benjamin aurrekoek 500 metro, hau da, ibilbidearen buelta oso bat; kimuek 1.000 metro, hau da, bi buelta; eta haur kategoriakoek 1.500 metro, hau da, hiru buelta.

Goizeko hamaikak baino lehen, lehenengo lasterketaren irteera ordua, parte-hartzaileak gerturatzen hasi ziren. Inguruetatik ibili ziren beroketa ariketak egiten, eta ibilbide berria kontrolatu nahian, monitoreen laguntzarekin. Kluben eta ikastetxeetako parte-hartzaileen presentzia oso nabarmena zen, uniformeengatik. Beste parte-hartzaile batzuek Athleticen kamiseta aukeratu zuten korrika egiteko.

Haurrek elkarrekin egin zituzten lasterketa osoak eta nekatuta bukatu arren, ederto pasa zuten. Gainera, txalo-zaparrada handia eta animoak jaso zituzten ibilbide osoan zehar, beren kide eta monitoreen aldetik. Aldapa ez zen hain gogorra izan eta denek gozatu zuten.

Behin lasterketak bukatuta, parte-hartzaileek domina bat jaso zuten oroigarri gisa, baita hamaiketako eder bat ere; gosetuta zeuden eta ez zuen asko iraun. Gero, nagusien txanda izan zen. Horien ibilbidea konplikatuagoa izan zen; hainbat kilometro egin zituzten. Eta horrela bukatu zen Itxartu krosaren aurtengo edizioa. Parte-hartze maila handia eta txiki batzuentzat atletismoarekin kontaktuan hasteko modu polita.