Gimnastikan hasten zarenean, adikzio moduko bat sortzen da, eta oso zaila da uztea. Kirolariek asko gozatzen dute jarduera honekin, eta uzteko unea heltzean, horrekin oso lotuta dagoen beste zerbait bilatzen dute, hala nola entrenatzaile edo epaile lana. Igone Arribas gimnasta olinpikoak esan digu kirol honek asko eman diola, nahiz eta sakrifizioa eta esfortzua ere oso handiak izan diren. Beste kirolari askok ere iritzi bera dute. Denak hasi ziren oso txikitan. Bakarrik edo taldean, tapiz gainean. "Perfekzioa bilatzen da beti" azaldu digu Igonek; eta hala da. Ariketek garbiak izan behar dute, dotoreak, musikarekin eta hautatutako tresnarekin bat etorri behar dute. Txikienen kasuan, tresnarik gabe egiten dira. Horregatik, oso garrantzitsua da entrenatzea eta ahalegina egitea. Ordainetan jasotzen dena oso pozgarria da, eta ez gara bakarrik garaipenez ari. Egunez egun hobetzen zoazela ohartzea ere sari handia da.

Bilakaera hori erakusteko plazarik onena txapelketak eta eskola jardunaldiak dira. Urtarrilean hasi ziren martxan ikastetxe zein klubak, eta dagoeneko lehiaketan murgilduta daude, bete-betean. Martxan hasten lehenak C mailako partaideak izan ziren, Zallan. Pasa den astean eta aurrekoan B mailakoen txanda izan zuen, kategoria indibidualean zein taldekoan, Arrigorriaga, Bermeo eta Durangon. Lehen fase hori ixteko, A mailakoak ere Arrigorriagan arituko dira. Aipatu behar da parte-hartzaile gehienak B mailan kontzentratuta daudela. Duela urte batzuk kirolariak bi taldetan sailkatzen ziren, baina izen-emateen kopuruak hainbeste egin duenez gora, aurten lau talde daude. Jardunaldiak astunegiak ez izateko, bi egunetan egiten dira, eta talde bakoitzak goiz edo arratsaldeko txanda dauka.

Maila horiez gain, Oinarria deiturikoa dago, A mailaren eta federatuen arteko tarteko maila bat. Klub sendoak daude hor, hala nola Bermeoko Xixili edo Bilboko Santutxu. Hurrengo mailan Leioako Sakoneta dago. Saioa Agirre dabil talde horretan, eta estatu mailan emaitza bikainak lortzen ari da. Agirrek berak lau aldiz lortu du Espainiako txapelketa.

Eskola jardunaldiez gain, Bizkaiko federazioak Aste Santuko campus tradizionala antolatzen du urtero. Aurten, campusa apirilaren 14tik 17ra egingo da, Leioako Askartza Claret ikastetxean. Ordutegia goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartekoa izango da. 150 euroko kostua izango du, gaua bertan eman behar ez bada; gaua barne badago, 250 eurokoa. Izena emateko epea hasi da dagoeneko. Maila guztietako gimnastek eman dezakete izena, eskaera federazioaren helbide honetara bidaliz: campus.fbgimnasia@gmail.com. Iaz Carolina Rodríguez eta Alejandra Quereda egon ziren, eta Sandra Aguilarrek master-class bat eman zuen. Aurten, bi gimnasta ezagun eta arrakastatsuk hartuko diete lekukoa. Lehenago aipatu dugun Saioa Agirre eta Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina lortu zuen Artemi Gavezou izango dira.

Azkenik, aipatu behar da Euskalgym ekitaldia erabateko arrakasta izan dela, Euskadi eta Bizkaiko gimnasia federazioen esanetan. Ekitaldiaren antolakuntza euskal erakundearen esku egon zen, eta azken edizio honetan Barakaldoko BECera itzuli da. Arratsalde magikoa pasa zuten bertan. Azken honetan ere, munduko gimnasta onenek euskal taldeekin partekatu zuten tapiza, eta ikuskizun ederra eskaini zieten Bizkaia Arenako harmailak bete zituzten pertsona guztiei. Almudena Cid izan zen txalotuenetako bat, ohiko moduan. Duela urte batzuk erretiratu zen arren, txikienak berarekin egon ziren zorionak emateko, eta mundu mailako ospetsuenekin ere egon ziren. Alexandra Soldatova errusiarra, Alina Harnasko bielorrusiarra edota Polina Berezina espainiarra aritu ziren Barakaldoko tapizean, eta Tokioko Joko Olinpikoetara begira faboritoen artean daudenak ere ikusi genituen, hala nola Dina eta Arina Averina biki errusiarrak edota Linoy Ashram israeldarra. Gainera, mutilen gimnastika erritmikoa aldarrikatzeko tartea ere izan zen. Oraindik ez da ofiziala maila olinpikoan, baina gero eta parte-hartzaile gehiago ditu. Horien artean, Leioako Sakoneta klubeko Eneko Lambea aipatu beharra dago.

Gimnastika erritmikoa osasuntsu dago, eta haziz doa. Urtean zehar, gimnastek hainbat jardunaldi izango dituzte, finaletara eta kontsolazioko finaletara heldu arte. Bidean hainbat proba gainditu beharko dituzte, eta pilotak eta uztaiak menderatu. Gainerakoei dagokienez, izango dute denbora federatuak direnean. Bitartean, tapiza zain dute