Pilota

Luzea da bidea

Ortuellako frontoian eskuz binakako eskola ligako hainbat partida jokatu ziren lehengo egunean

24.12.2019 | 11:06
Gaur egun, mila pilotari inguru ari dira eskola ligan lehiatzen.

Pilotari profesional bihurtzeko prozesua zaila eta luzea da. Txikitatik hasi behar da bidea egiten, kategoriaz igotzen, nabarmentzea lortu arte, eta orduan heltzen da fitxaketen unea, beste kirol batzuetan bezala. Ez da ezinezkoa. Bizkaiko hainbat pilotarik gipuzkoar eta nafarren hegemonia haustea lortu dute eta pilotazaleen panoraman onenen artean daude. Mikel Urrutikoetxeak, Zaratamokoa, lau eta erdiko eta banakako txapela janztea lortu du eta bere herrikide Danel Elezkanok Binakako txapelketa lortu berri du. Beren ametsa egia bihurtzea lortu dute, eta orain beren hasierako klubetan egoten dira, atzetik datozenei laguntzeko. Ez dute beren jatorria ahaztu.

Zorionez, eskola mailako esku-pilotak une gozoa bizi du. Denboraldiz denboraldi goraka doa. Gaur egun, mila pilotari inguru ari dira eskola ligan lehiatzen, eta aipatu behar da neskatilen kopurua ere handitzen ari dela. Liga mistoan jokatzen dute, baina, gainera, Bizkaiko federazioak nesken esku-pilota sustatzeko antolatzen dituen kontzentrazioetan parte hartzen dute. Zalantzarik gabe, Emakume Master Cup txapelketak eragin positiboa izan du neskengan.

Hala ere, oraindik ere handicap txiki bat aurkitzen dugu kirol honetan: haur askorentzat bigarren kirola da. Aurreko erreportaje batean aipatu genuen palan ere gauza bera gertatzen dela. Jokalari gehienek futbola edo saskibaloia ere praktikatzen dute; ondorioz, batzuetan, partidek kointziditu egiten dute. Horregatik, palaren kasuan, partidak igande goizetan izaten dira. Esku-pilotan, aldiz, gehienak ostiral arratsaldez izaten dira, baita larunbat arratsaldeetan ere.

Eskola liga urte osoan zehar egiten da, baina bi zatitan banatua: Urritik otsailera binakako txapelketa antolatzen da, eta otsailetik maiatzera banakakoa izaten da. Bestalde, haurrak adinaren arabera sailkatzen dira kimu, benjamin eta haur kategorietan, eta horietako bakoitzean mailaketa egiten da. A maila altuena da: D maila hasierakoa da. Azken horretan kirola ikasten ari direnak sartzen dira. Azkenik, tarteko maila bitan zati-tzen da: B altua eta B baxua. Beste kirol batzuetan, emaitzen arabera igo eta jaitsi egiten da. Kasu honetan, klubek erabakitzen dute zein mailatan inskribatzen diren jokalariak. Haiek dira beren prestakuntzaren arduradunak eta bilakaera behatzen dute, beraz, haiek erabakitzen dute zein maila dagokien.

Joko-sistemari dagokionez, partida guztiak dira bi setekoak, eta set bakoitza hamar tantokoa. Beraz, berdinketa gertatzekotan, hirugarren set bat jokatuko litzateke, berdinketa hausteko, bost tantokoa. Gainera, palarekin gertatzen den moduan, pilotariek posizioak trukatu behar dituzte, hau da, partidan aurrelari gisa hasten direnak atzelari izatera pasatzen dira, eta alderantziz. Bi posizioetan joka-tzen ikasten dute horrela, baina zaila egiten zaie, egia esan. Horretaz gain, aipatu behar da benjamin kategoriakoek pilota desberdinekin jokatzen dutela, kirol honetan ohitzen joateko, eta partidetan sakeak txandakakoak direla.

Denboraldian zehar antolatzen diren eskola jardunaldien barruan, bereziki aipatu behar dira klubek eurek antolatutako txapelketak edota Bizkaiko federazioak antolatutako ekitaldiak, ez soilik txapelketa moduan, baita sustapenerako ekintza moduan ere. Horren adibide argia dugu eskola bileretan, izan ere, pilotaren munduan barneratzen ari diren haurrek ematen dute izena. Denboraldian zehar, lau topaketa desberdin egiten dira benjamin kategorian; eta beste lau kimu kategorian, urtarrila eta maiatza bitartean. Ekitaldi hori Bizkaiko eskola guztiei dago zuzendua, baina azken urteetan ia beti datoz berberak. "Guk klub guztiei bidaltzen diegu informazioa, irailean, eta nahi dutenek ematen dute izena. Ia beti egiten ditugu Bizkaia pilotalekuan, baina batzuetan Bilboko Deportivo frontoian aldatu behar izaten ditugu" esan digute Federaziokoek.

Horrela izanik, partida labur batzuk egiten dituzte, "joko" deituak. 10 minutu ingurukoak izaten dira. Ondoren, lau taldeak bi izatera pasatzen dira, beste joko batean aritzeko. Horretan, haur batek atera eta besteek txandaka ematen zioten pilotari. Ondo pasatzeko astia ere badago. Zapiaren jolasa egiten dute eta ederto pasatzen dute. Eguna bukatzerako, hainbat partida jokatzen dira. Ondoren, monitoreek puntuazioa jartzen diete neska-mutikoei, sailkapen bat egiteko.

Horrela, promesa gazteek beren idoloen bideari jarraitzeko entrenatzen dute.

Más información