BILBO. Pixkanaka-pixkanaka, kirolaren mundua normaltasuna berreskuratzen doa. Martxoaren 14an koronabirusaren pandemia dela eta alarma estatua eta konfinamendua ezarri zenetik, oso eskasak izan dira kirol-ekitaldiak orain dela denbora gutxira arte. Are gehiago oso jarraituak ez diren kirolak, zeinak deskonfinamenduaren azkenengo fasera arte itxaron behar izan duten berriro entrenatu ahal izateko. Pilotaren kasua da, besteak beste, baina dagoeneko normaltasuna berreskuratu du. Hori normala denez, zalerik gabe.

Sei astetako ligaxkaren ondoren, Laboral Kutxa Udako Torneoa sartu da bere une erabakigarrienean eta abuztuaren 27an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handirako lehen txartela izango dute jokoan ostegunean, hilak 13, Irunen (arratsaldeko 20.00etan) Reyes Azkoitiaren eta Erlantz Garciaren taldeek.

Txapelketaren lehen fasean ikusitakoaren arabera, Olatz Arrizabalaga (Gernika), Irantzu Etxebeste (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatutako Reyes Azkoitiaren taldea izan daiteke faboritoa, ligaxka lehen postuan amaitu zuen eta. Olatz Arrizabalaga sekulako maila ematen ari da buruz buruko partidetan eta gernikarraren puntuek asko balio dute horrelako txapelketa batean.

Andrea Aldaregia(Latasa), Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate) eta Naroa Agirrek (Zestoa) ezin izan zuten garaipenik lortu lehen fasean, baina Erlantz Garciaren taldeak ere baditu edonori irabazteko pilotariak. Agian Olatz Ruiz de Larramendiri kosta egin zaio orain arte jokoan sartzea, baina atzelari nafarrak bere eskuina askatzen badu ez dago gaur egun Eulatekoa dominatu dezakeenik.