Ez daukat gomutan nork esan zuen azalekoa aldatu behar zela muinak berdin iraun zezan. Arrazoi osoa zuen. Historiari begiratzen badiogu konturatuko gara gizakumeok hori egin dugula eten barik historiaren goiznabarretik. Hala ere, azalekoa aldatzen dugunetan muina ere aldatzen dugula sinisten dugu, edo sinistu nahi dugu. Behekoak behean dirau eta goikoek euren artean birbanatzen dute agintea. Berbarako, Frantziako Iraultzan ez zuten glebakoek agintea iritsi. Horren argigarri, Parisko Komuna ehun bat urte geroago. Hartan-horretan, Eliza Katolikoak antolatzen dituen prozesioei jarkitzen zaizkienek prozesioak antolatzen dituzte. Besteei ukatu nahi dizkieten eskubideak aldarrikatzen dituzte euren buruentzat. Sektario gisa izendatuaz hurkoaren izena belzten dute euren buruarentzako begirunea aldarrikatzen duten bitartean. Goebbelsen propagandaren transposizio printzipioa erabiltzen dute, eta hurkoari leporatzen diote euren hutsegitea. Hori bai, itxuraldatuta.

Tsarren Erresuman jainkogabeak errespetatzeko aldarrikatu zutenek eurek Errusiako Elizaren eta haren jarraitzaileen sinesmenak debekatu zituzten, eta, bide batez, haien aberastasunak ostu. Lapurtu, ostu, ebatsi aditzak barik “herriarentzat konfiskatu” eta antzeko esamoldeak erabili zituzten, baina Errusiako herriak ezer gutxi hartu zuen handik, historiak erakutsi digunetik: azalekoa aldatu muinak berdin iraun dezan. Nikolas II.a barik, Lenin, baina, azken batean, euren buruentzat jardun zuten. Gomutan dauzkat garai hartako prozesioak, alderdi komunistak antolatu zituenak, ordu arte egiten izan ziren kale-agerraldi ortodoxoak ezabatzea, desagerraraztea eskatzen zutenak. Parisko Komunan jazo zen legez, 1917az gero Errusiako Inperioko herrietako gizakume xeheek berdin iraun zuten, goseak hilda. Hala ere, prozesio berriek iragarri zuten prozesio zaharrak txarrak zirela eta prozesio berriak, berriz, onak. Karibeko esamoldea erabiliz, “kendu zaitez zu zeu, ni neu jar nadin”.