ordizia - Xabier Mujika ordiziarrak mendia maite du. Bertan ibiltzea oso gustuko du, baita lasterketetan parte hartzea ere. Horretarako prestatu behar dela sinesten duen horietakoa da, eta lasterketa edo irteera bat egin baino lehenago, irteeran bertan eta ondoren elikadurak duen garrantziaz aritu da.

Nola hasi zinen mundu honetan?

-Dietetika ikasketak egin nituen Gasteizen, eta orain nire lanbidea erizaina da. Nire garaian albaitaritza ikasi nahi nuen, baina Zaragozan ez ninduten hartu eta gehien baliozko-tzen zitzaizkidan ikasketak dietetikakoak ziren eta horregatik aukeratu nuen. Ondoren, lehen urtea egin ostean ikusi nuen asko gustatzen zi-tzaidala eta bukatu egin nuen. Garai hartan ez zegoen homologatuta karrera eta orduan erizaintza ikasteko aukera eman ziguten irtebideetako bat bezala, hala ikasi nuen, eta horixe da egun nire ogibidea Zumarragako Ospitalean.

Hitzaldiak eman izan dituzu Ordiziako mendi astean elikadurak lasterketatan duen garran-tziaz. Zertaz hitz egiten duzu?

-Beno, mendia betidanik gustatu izan zait. Batez ere, lasterketa edo irteera bat baino lehen nola prestatu behar garen azaltzen dut, baina baita bidean zehar ere. Egia da garaiak aldatu direla eta mendiari begira enfokatuta dagoen kirolaren inguruan izugarrizko negozioa dagoela, eta askotan, jaki asko etxean egin ditzakezu, erosi gabe. Noski, isotoniko edo barra batean adibidez ikusi dezakezu momentuan zer daukan baina etxean bertan egin daitezke.

Elikadura zaintzea funtsezkoa da, orduan.

-Lehenengo gauza jakin behar duguna bakoitzaren gorputzak non duen aerobiko eta anaerobikoaren arteko muga da. Zenbat eta gehiago gerturatu zure muga anaerobiko horretara, gorputzak karbohidrato gehiago gastatuko ditu. Orduan badakizu muga horretara gerturatu behar bazara, adibidez, malda bat igotzerakoan azkar-azkar, tarte horretan zure elikaduran karbohidrato gehiago sartu beharko dituzu. Aldiz, erritmo baxuago batean ibili behar bazara ogitarteko bat, fruitu lehorrak... jan ditzakezu. Bertan karbohidrato eta grasaren nahasketa gastatzen joango da.

Nola jakin dezakegu non dagoen muga aerobiko eta anaerobikoaren arteko muga?

-Sistemarik zehatzena esfortzu proba bat egitea da. Beti esaten duguna da, baina jendeak askotan diru asko gastatzen du mendirako materiala erosten eta gero esfortzuko probarik ez du egiten. Oso garrantzitsua da jakitea gure bihotz taupaden muga non dagoen, eta behin jakinda zenbat taupadetatik gora egongo zinatekeen anaerobikoan, errazagoa izango da mendi irteera edo lasterketa batean zehar zer jan behar dugun jakitea . Nik, esaterako, ibilbidea hartzen dut eta ikusten dut momentu bakoitzean zer jan behar dudan. Malda bat igo behar badut karbohidratoak hartuko ditut; eta, aldiz, malda behera azukrean horren aberatsa ez dena hartzen dut.

Ez da berdin prestatzen mendi buelta baterako edo ultra lasterketa baterako, ezta?

-Bai, eh. Ultra batean azkarrago ibiliko zara, baina aldea ez da handia. Normalean, mendi buelta batetik etxera iristean, hamar ordu ibilita, egindako ariketa fisikoa aerobikoa da batez ere. Ultra batean zehar izandako pultsazioak kontuan hartuz gero, ariketa aerobikoa egin duzula ikusiko duzu. Azkarrago ibiltzen zara bai, baina ez dago horrenbesteko aldaketarik.

Lasterketa baten aurrean jendeak elikadura zaintzen duela esango zenuke?

-Mendi lasterketa batean sartuta dagoen pertsona batek buruan izan beharko lituzkeen gauzak entrenamendua, eguneroko elikadura eta lasterketa bertakoa.

Beraz, lasterketa bati begira elikadura urtean zehar zaindu beharreko zerbait da.

-Bai, hasiera batean egin beharko genukeena da urtean zehar elikaduraren piramidea jarraitu. Gainera, orain, 2016an berria atera dute, eta aldaketa ugari dakartza. Bertan azaltzen da ariketa fisikoa egin beharko litzatekeela ordubetez, adibidez. Azkenean, gorputza prestatzen dugu lasterketa bat egin baino lehen, normala den moduan. Elikadurarekin ere berdina egin beharko genuke gehiago errenditu ahal izateko. Hidratazioa ere kontuan hartu beharreko kontua da, nahiz eta askotan lasterketa amaitu ostean asko diren deshidratatuta iristen direnak.

Pasaia bat. Mendi bat ikusten den edozein. Eta berdea ere ikusten bada, hobe.

Hondartza bat. Ez naiz oso hondartza zalea... mendia nahiago dut.

Mendi bat. Txindoki.

Ekitaldi edo festa bat. Ordiziako Santa Ana jaiak; batez ere, danborrada egunean Ordiziako Martxa kantua entzuten dudan momentua izugarria da.

Gipuzkoako txoko gustukoena. Txindokiko punta. Bertara joatean izaten ditudan sentsazioak sekulakoak izaten dira.