Ez da Su Ta Garri buruzko komiki bat - argi utzi nahi izan du Alex Tello Sua-ren egileak - Suaren istorioa da, ez Su Ta Garrena". Taldearen abesti guzti-guztiak hartu ditu, zatikatu, eta fikziozko kontakizun bat harilkatu du. Sua du protagonista, komikiari izenburua ematen dion gazte euskalduna. Su Ta Garren letrek iradokitzen duten atmosfera horretan bizi da. Motibazioa falta zaio; ez dauka estimulurik tabernetan, motorrarekin edo lagunekin ibiltzeaz harago; eta parranda du ihesbide: "Maitasuna, alkohola, drogak... eta musika aurkituko ditu bertan", gidoilariaren esanetan.

Narrazioak aurrera egin ahala, pertsonaia ere umotzen joango da. Une zailei egin beharko die aurre, eta musikaren laguntza izango du horretarako: "Aurrera egiteko motiboak emango dizkio". Azkenean, bere tokia aurkituko du mundu honetan, egiten duenarekin harro eta gustura egoteko arrazoiak.

Tiraderan gordetako harribitxia Sua aspaldi jaio zen Telloren buruan. Antzerki munduan zebilela, ia orain dela hamarkada bat hasi zen Su Ta Garren kantuekin musikal bat prestatzen. "Kanta guzti-guztiak hartu eta euskal gazte baten istorioa zirriborratzen hasi nintzen. Hasieratik argi neukan gazte honen bizitza nondik nora zihoan eta lanak hiru ekitaldi izango zituela. Abestietako hitzak hartu eta ondo enkajatuko zutela ikusten nituen zatiak zirriborroan kokatzen joan nintzen".

Bi urte igaro zituen horrela, "jolas egiten". Garaian taldeak zituen 110 abestiak erabili zituen ia-ia. Bukatutakoan, ordea, musikala "handi" geratzen zi-tzaiola iritzi eta "kajoian gorde eta ahaztu" zuen. "Polita izango zen, baina niri handia geratzen zitzaidan, ni beti txikia izan naiz. Ikuskizunetan eskarmentua baneukan baina ez nuen posible ikusten", argitu du Tellok.

Gidoia hor zegoen, tiraderan, baina ideiak Telloren buruan jarraitzen zuen, bueltaka. Momentu batean, 2016an, komiki bat egin zitekeela otu zitzaion (komiki-zalea ere bada). Inoiz Su Ta Garreko Xabi Bastidarekin eta Aitor Gorosabelekin egona zen, lana zela-eta elkar ezagutzen zuten, baina inoiz ez zuen bildu harribitxiaren berri emateko adina kemen; 2018an Bastidarekin topo egin eta kontatu zion arte. "Bale, bale", izan zen bere erantzuna, eta kontua hor geratu zen. Handik gutxira, ordea, Dani Fano komikigilearekin egon zen Tello, eta hark ideia ona iruditzen zitzaiola aitortu zion.

Hor aktibatu zuen makineria guztia. Su Ta Garrekoekin hitz egin zuen, bilera batean komikia nola ulertzen zuen azaldu zien eta gustatu egin zitzaien. Handik gutxira beste bilera bat egin zuten, Fanorekin batera. Berak markatu zien egin beharreko bidea: marrazkilaria lokalizatu behar zuten, liburuaren bideragarritasuna kalkulatu eta abar, eta abar. Hor hasi zen dena.

Ia lau urte igaro dira geroztik eta Tellorentzat "oso esperientzia polita" izan da. Erabateko sintonian aritu dira denak, bakoitza beretik, baina taldean. Harro agertu da, aurrean zuen erronkaren tamainari so: "Niri errespetu handia ematen zidan, eta baita Juleni ere. Material eta ondare oso ona duen talde baten kantuak hartu eta eraldatu ditugu. Lotsa emango liguke txapuza bat egiteak. Baina zaila zen zerbait txarra bat egitea, letrak onak izanda, marrazkilaria oso ona... Azkenean emaitza hor dago, lan polita egin dugu".

Egi bihurtutako ametsa Orotara, 80 orritik gorako lana ondu dute elkarlanean. Komikiak 60 bat izango ditu, eta gainerakoak Mikel Sotok egindako hitzaurrea eta egileen agurrak dira. Komikian ez dago elkarrizketarik, binetetan abestien zatiak eta irudiak baino ez ditugu ikusiko. Azkenean, 33 kanta inguru jaso dituzte, gidoia laburtu behar izan baitzuten. Lehen zirriborroa 2012rako zuen amaituta Tellok, 2016an eman zuen argitara Su Ta Garrek Maitasunari Pasioa diskoa. Bada, berehala sartu omen zituen hamar kantu berriak. "Orain beste disko bat aterako balute, zuzenean kanta zatiak erantsi ahalko nituzke, istorioa oso ondo kontrolatzen dudalako", argitu du.

Bere hitzetan, "komikiak Su Ta Garren esentzia dauka, beren diskoetan agertzen diren gaiak eta giroak komikian daude". Istorioa fikziozkoa da, eta kantek euren funtsa manten-tzen badute ere, istorioan ezinbestean eraldatu egiten dira. Letrek beste irudi eta kontzeptu bat hartzearen ideiak liluratu egiten du egilea. Gainera, taldearen zaleek "ikaragarri" gozatuko dutela iragarri du, irakurri ahala abestien doinuak etorriko zaizkie burura. "Efektua oso polita da". Dena dela, abestiak ezagutzen ez dituztenek ere asko gozatuko dute, istorioa atenporala baita, eta edonor identifikatu daitekeelako Suarekin.

Amets bat lortu izanaren sentsazioarekin bizi da Alex Tello: "Honek ezinezkoa zirudien eta lortu dugu, eta gainera taldekideen onespenarekin eta parte hartzearekin. Alde horretatik chapeau. Uste dut oso zaila dela eta modu natural batean lortu dugu".