HIRIAK sortutako estresetik aldentzeko asmoz, autokarabana batean bizitzeko hautua egin zuten Eli Garmendia (Tolosa, Gipuzkoa, 1984) eta Carlos Pericas (Palma de Mallorka, Herrialde Katalanak, 1983) argazkilariek. Nomad Studio sormen agentzia eratzearekin batera, autokarabana bat erosi, konpondu eta orain dela hiru urte eta erdi abiatu ziren Bartzelonatik; ordutik, ibilgailua da beraien bizitokia eta lantokia. Nomadak dira, eta, proiektuek, enkarguek eta klimak baldintzatzen dute beraien norabidea ohikoenean. Hala ere, orain, batez ere herri txikietako biztanleak hizpide dituen Erretratu Nomada proiektuan dabiltza lanean.

Iazko udaberrian ekin nahi zioten proiektuari, baina COVID-19aren ondorioz, urtebete atzeratu behar izan zuten. “Deialdi bat egon zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta horri eskerrak lortu genuen proiektu hau hasteko finantziazioa”. Hala, Gipuzkoako zortzi herritan aritu dira lanean, hala nola Altzon eta Beizaman. Huescako (Espainia) eta Kordobako (Espainia) herri banatan ere egon dira, eta pozik daude lortutako emaitzarekin. “Orain, 1.800 erretratu inguru ditugu eginak, eta asmoa da hazten joatea, pixkanaka eta presarik gabe, baina Europara salto egiteko aurreikuspena ere badugu”. Izan ere, zehaztu dute epemugarik gabeko proiektua dela, autokarabanak hala ahalbideratzen badu, bederen.

Proiektuaren helburuari dagokionez, azaldu dute argazki artxibo bat egitea dela: “Herri txikietan bizi diren pertsonen erretratuak ateratzen gabiltza, eta era horretan leku bakoitzeko artxibo bat sortu nahi dugu, herritarrena, eta herriarentzako”. Horrez gainera, parte har-tzaileei ere norbere argazkia bana-tzen diete papereko formatuan, eta nahi izanez gero digitalean ere jaso dezakete. Udalari ere argazki guztiak ematen dizkiete: “Udalek artxibo historikoak izan ohi dituzte, eta ateratako argazki guztiak ematen dizkiegu, herriaren parte direlako eta haren historia kontatzen dutelako”. Erretratu horiek zuri-beltzean ateratzen dituzte, atzealde neutro batekin eta kolore bakarrarekin. “Kameraren aurrean dagoen pertsonarengan kontzentratzen gara”.

BIZITOKIA ETA LANTOKIA

Gaur egun, ‘La Bitxa’ izena duen autokarabana dute bizileku bi argazkilariek, beraien etxetzat izendatzen dute. “Sarri galdetzen digute zein den gure etxeko helbidea, baina zaila da erantzuna, mugitzen baikoaz; hala ere, gehienetan, momentu horretan kokatuta gauden herriko plaza dela esaten dugu, eta jendea shockean gelditzen da”. Biek aitortu dute arrazoi ezberdinengatik geldialdiren bat edo beste egin behar izan dutela, hala nola birusarengatik, baina egoera arrunt batean proiektuengatik, enkarguengatik eta klimarengatik mugitzen direla. “Neguan hegoaldean egon ohi gara, eta, udaran, iparraldean; salbuespenak ere egiten ditugu, lanak agintzen duenean besterik ez dagoelako”.

Bizitokia da, beraz, beraien lantokia ere, eta horren adibide da erretratuak hizpide dituen proiektuaren estudioaren kokapena. “Ibilgailuaren albo batean argazki estudioa jartzen dugu, eta saiatzen gara leku goxo bat izaten, intimitate pixka bat izateko herritarrek; bestean, ateratako argazkiekin erakusketa bat jartzen dugu, eta berriak jartzen joaten gara”. Uste dute “interesgarria” dela jendeari nola gustatzen zaion beraien bizilagunen argazkiak ikustea, eta “giro polita” sortzen dela autokarabanaren inguruan. “Iraultza txiki bat egiten dugu. Hasiera batean, zerbait ludikoa dirudi, baina pixkanaka jendeak ulertzen du proiektuaren zentzua; era batean, herriaren memoria sortzen gabiltza, eta ondasun hori bertan gelditzen da”. Gainera, zehaztu dute, oro har, adineko pertsonek gazteek baino “errazago” ulertzen dutela beraien zeregina.

BESTE ERRITMO BAT

Beraz, nomadak eta argazkilariak dira Garmendia eta Pericas, eta azaldu dute bizi eredu honi esker beste erritmo bat ezagutu dutela. “Jende ezberdina ezagutzen dugu, leku eta bide bakoitzean pertsona andanarekin gurutzatzen gara, eta esperientziak konpartitzen ditugu haietako bakoitzarekin”. Besteak beste, uste dute era honetan bizitzeak “askatasun puntu bat” eman diela, baina, betiere “ziurtasun ezaren prezioa” ordainduta. “Guztiak oso idilikoa dirudi, baina bada erreala den zati bat: zalantzazkoa da egunerokoa, eta, beraz, ziurgabetasun horretan bizitzen ikasten saiatzen gara”. Hala ere, argi azaldu dute nomadak direla, baina, erabaki propioz eta aukera hori izan dutelako, hainbat baitira beste aukerarik ezean hala daudenak.

Hemendik aurrera ere modu honetan bizitzeko jarraitzeko asmoa dute, eta, aldi berean, erretratuen proiektuari indarra ematekoa. “Ikaztegietan (Gipuzkoa) egongo gara urriko lehen astean, eta Nafarroan ere beste bat egiteko asmotan gabiltza hile berberean”. Hala ere, adierazi dute proiektu propioak ere badituztela, nork bereak, eta, beraz, horietan ere lanean dabiltza. Garmendia, esate baterako, liburu formatua izango duen proiektu baten amaierarekin dabil lanean, eta Pericas ere argazki liburu bat itxi nahian dabil. “Kalekume batzuk eginak geunden, eta jendearekin, naturarekin eta denborarekin kontaktu hau berreskuratzea ederra da”.