Deitu zarata edo musika, baina entzun

Askorentzat heldu ezina iruditu dezakeen arren, gure musika esperimentalaren eszena osasuntsu eta aberasgarrienetakoa da

31.05.2021 | 12:40
Garazi Gorostiaga zuzenean Inmersiones jaialdian.

Ez da batere erraza gaur dakargun gaiari buruz hitz egitea. Ez da musika mota mugatua, eta hala izan behar du. Izendatzeko ere zailtasun handia dago. Batzuek musika esperimentala deitzen diote, esperientziaren bidezegiteko era definiziotzat hartuta. Soinu artearen barruan kokatzen dute hainbatek, soinua material gisa erabiltzen duen ekintza artistikotzat. Beste askok zuzenean zarata deitzen diote, batere pretentsiorik gabe. Argi dago ez dela estetikoki definitzen den musika, ez dagoela forma zehatz bat, ezta praktikatzeko arau zurrunik eta musika korronte nagusietatik at mugitzen dela. Esan daiteke hainbat praktika artistiko biltzen dituela soinuaren eta entzutearen nozio desberdinak helburu nagusitzat dituelarik.

Jarraian ikusiko dugun bezala, artista hauek ez daukate estilo, kontzeptu edo aurreiritzietan sakontzeko interesik. Zarata musikaria esperientziaren bidez egikaritzen da, eta interesa horretara bideratzen dute: esperimentatzera, soinuaren ezaugarriak ikertzera, ariketa medio, jotzera€azken finean, egitearen ondorioz sortzen den musika da, eta ez aurretik hartutako erabaki estetiko, tekniko edo musikalei esker. Edo bai? Arrazoi hauengatik agian eta beste faktore askorengatik ziur, eszena nahiko txikia baina oparoa eta berezia da. Izan ere, gaurko hiru elkarrizketatuek bakarka ibilbide sendoak dituzten arren, haien artean behin baino gehiagotan eta proiektu ezberdinetan kolaboratu dute.

Itziar Markiegi artista bideo edizioaren bitartez hasi zen soinuarekin esperimentatzen. Gerora, Miguel A. Garcia eta Daniel Llariarekin Baba Llaga proiektu labur eta bizia egin zuen. Behin ordenagailua zuzeneko erdian bertan behera utzita, egun feedbackaren aukera anitzak ikertzen dihardu, tresna analogikoen bidez. Magmadam proiektuan Myriam RZMrekin egin zuen bat. Myriamek Gora Japon bikotean (Jon Mantzisidorrekin) deskubritu zuen inprobisazio eta esperimentazio mundua. Zazpi urtez egon ziren jardunean, eta bi disko kaleratu zituzten Bidehuts zigiluarekin. Orain bakarka ari da (nahiz eta Txaranga Urretabizkaia haize konboarekin kolaboratu), gorputza eta mugimendua soinuarekin erlazioan jartzen, berak egindako tresna elektronikoekin. Garazi Gorostiagak bide luzea egin zuen gaur egun jorratzen duen dronera heldu arte. Gaztetan bumpingarekin hasi eta techno, trance, industrial edota EBMa jarri ditu DJ bezala lantresnak lapurtu zizkioten arte. Gerora, OB-12 sintetizadoreak soinu anbiental eta barnerakoiagoetara eraman zuen: "eta berehala ikusi nuen nire burua identifikatuta, material horrekin zeharo konektatu nuela sentitu nuen. Oso sendatzailea izan zen eta hortik atera zen nire lehen lana: Irauten".

Zer da musika zarata ez bada?

Markiegiri "zarata egiten duela" esatea gustatzen zaio: "Mugatzeko behar hori baino zabalagoa dela uste dut. Zarata gustatzen zait, irekiera bezala ikusten dut, queer, eraikuntza sozial eta finkatuetatik haratago". Garazi Gorostiagaren-tzat "dronean, musika anbientalean, soinu testuretan egiazkoa eta beldurgarria den zarata batetik ihes egiteko modu bat" aurkitu du, "gertatzen ari den guztitik eta horrek sortzen didan antsietatetik ihes egiteko". Gainera, zarata eta musikaren arteko ezberdintasunik ez dagoela argudiatu du: "uste dut pertzepzio kontua dela, pertsonala eta subjektiboa. Jarrera sozial, sistemaren aurkako eta ezarritako guztia etengabe birplanteatzen duen kontu gisa ulertzen dut nik zarata". Myriamen ustez, "soinua eta bere erabilera eta pertzepzioaren mundu zabalaren definizio edo irakurketa ezberdinak baino ez dira" zarata, musika esperimentala edo soinu artea bezalako kontzeptuak.

Bere lan egiteko era "espresio libre bezala, soinu esperimentazioa, kodifikatu barik dauden material eta elementuek eta bizi arrasto edo energiaz kontziente izaten saiatzen eta momentu bakoitzean, tresna desberdinekin, paisaia, kosmos txiki bat eraikitzen hasi, eta bertan bizi, isildu edo amaitu arte" saiatu egin da definitzen Myriam RZM: "esperimentazioa gorputz osoz, soinuaren bidetik". Itziar Markiegik, aldiz tresna eta era ezberdinetan lan egiten du proiektuaren arabera: "soinuaren sorkuntza eta manipulazioa, metaketa eta feedbacka aztertzen ditut, inprobisazioaren bidez eta akatsaren erabilera sortzailearekin, DIY sintetizadoreen bidez eta gorputza tresna sortzaile aktibo gisa erabilita".

MyriamRZMk argi utzi du musika mainstreamaren aurrean bere iritzia: "mainstream edo nagusia izateak ez du esan nahi bakarra denik ezta baliodun bakarra ezta errealena ezta ezer€ baizik eta besteen gainetik indarra egiten duena" eta "diferentziak, desberdintasun/aniztasun moduan ez du aurkakotasun edo oposiziorik inplikatzen" gehitu du era aberasgarrian. Gainera, Garazi Gorostiagak mainstreamean daukan eragina aipatu du Rosaliaren abesti berriaren harira: "ordu ba-tzuk besterik ez darama interneten eta milaka bistaratze ditu, eta hori Oneohtrix Point Never musikari esperimentalarekin elkarlanean egin duela".

Burua eta gorputza irekita

Garaziren ustez, eszena osasuntsu badago ere (rave pila bat, kontzertuak, jende askotarikoa, prekarizaziotik harago lanean tinko dabilen jendea€) "arazoa agian estilo hauek industria musikalaren barruan zelan mugitzen diren" da, interes ekonomiko eta modak barne. Gainera, aretoak geroz eta gutxiago direla salatu du. Horretan bat datoz beste bi elkarrizketatuak ere. Myriamek "zuzenezko ekitaldiak erakunde edo areto instituzionaletara mugatuak" gelditu direla aipatu du eta Itziar berdintsu agertu da, "sare interesgarri eta sendoa dagoela" uste badu ere.

Hala ere, hirurek gomendatu diote entzuleari konbentzioak alde batera uztea eta belarriak eta gorputza soinu berriei irekitzea. Itziar Markiegiren hitzetan "burua eta gorputza ireki eta disfrutatu, konbentzio hegemonikoetatik harago". Beraz, kasu egin, zabaldu belarriak bertan aukera paregabea dugulako horretarako.

noticias de deia