Hizkuntza guztietan egon ohi den hierarkia literarioak aspaldi gai-tzetsi zituen auto-lagun-tza liburuak, eta literatur idazleek ere mespretxu disimulatu batekin begiratzen diote genero hori irakurtzen duenari, eliteak herrikoiegiak diren gauzei begiratzen dioten bezala. Nago auto-laguntza libururik kaskarrenak eta komertzialenak hartzen dituztela gogoan erdeinuz deskalifikatzeko genero horretan idazten den oro; baina ustez literatura jasoarekin ere gertatzen da: zenbat esaldi eder irakurtzen ditugu solapetan, batez ere espainolez, "un debut extraordinario", "una narradora exquisita" eta gisakoak, eta gero hamargarren orrialderako ohartzeko zabor hutsa dela hainbeste kostatu zaizun liburu hori.

Hiru adar bereiziko nituzke auto-laguntza saileko liburuetan: liburu batzuk beren-bereki espiritu komer-tzial batekin idatziak dira, psikologiatik erakarritako hitz eta errezetekin eginak: hau dago modan, hori ustiatuko dut ea milaka ale batzuk saltzen ditudan; eta hainbat aldiz aipatuak izan diren terminoak errepikatzera datoz. Badira egileen esperientzian oinarrituta idatzi diren liburuak, era guztietako trantze txarretatik atera direnenak, eta euren zoritxarretik besteentzat lagungarri izan daitekeen ikasgai bat erauzi dutenenak. Egileen zintzotasuna zalantzan jarri gabe, batzuk besteak baino hobeto idatziak daude, noski, eta nobela askotan baino mami gehiago aurki liteke haietako batzuetan.

Hirugarren adarra da labainkorrena, Ekialdeko filosofia moduak nolabait jaso eta Mendebaldeko irakurleoi eskaintzen dizkigutenek osatzen dutena. Hemen, ziurrena, jatorrizko egilearen lana irakurtzea da, itzulpenak itzulpen. Horietako asko nahiko testu hermetikoak dira, Tao Te King liburua bezala: itzulpen bakoitzean poemak ezberdin emanak daude, eta agian hala behar du, duela 2.500 urte idatzitako testu bati dagokion moduan. Guztiaren zentzua irakurleak bere ideologia eta esperientziaren arabera osatu beharko du.

Baina ugariagoak dira besteak, ustez Ekialdeko filosofia kapitalismoan txertatu nahi dutenak. Anabasa izugarrian agertzen zaizkigu Zen, Zazen, Mindfulness, txakrak eta gisako terminoak, gehi yogan dauden korronte ezberdinetako deitura exotikoak. Kapitalismoaren interesetara asimilatuak, gehienak funtzio zehatz batera bideratuak daude: soldatapean bizi direnen era guztietako langileen ekimen kolektiboa deuseztatzera, euren indibidualtasuna beste guztiaren gainetik jartzea onartu ondoren. Ideia sinple batzuk daude horretarako: errealitatea ez dela existitzen, baizik eta nik hartaz egiten dudan irakurketa; unibertsoak emango didala merezi dudana; erosotasun esparrutik atera behar dudala; goizero irribarre eginez hobeto sentituko zarela, nahiz eta gorriak pasatzen egon; lana galtzea berpizteko aukera bat dela, eta abar.

Hartara, arazo guztien konponbidea norbanakoaren gainera botata, auto-laguntzako liburu hauek auto-paralisi liburu bilakatzen dira, izaki isolatu bihurtzen zaituzte, estres sozialari musika lasaigarriarekin erantzungo diona, eta ez egoeraren diagnostiko zorrotza eginez ekintzarako tresna bihur dezakeen aktibista.

Literatura asko dago auto-laguntzako liburuetan, zabor asko dago, mezu iraultzaile eta askatzaileak daude eta otzantasun hilgarrira eraman zaitzaketenak. Bizitza honetako gauza guztiekin gertatzen den bezala, aurkitzen jakin behar bakoi-tzak bere maite kutuna.