Euskal demokrazia patriarkala liburua argitaratu dute Jule Goikoetxea, Lore Lujanbio, Zuriñe Rodriguez eta Estitxu Garaik. Elkar argitaletxearekin ateratako lanean patriarkatu neoliberala ulertzeko sistema kontzeptual bat aurkeztu dute, gaur egungo mundua hobeto konprenitzeko, xeheki aztertzeko eta eraginkorki iraultzeko asmoz. Aurrekaririk gabeko ikerketa da; ez dago patriarkatu kapitalistaren dimentsio ezberdinak eta horien ondorioak modu bateratuan aztertzen dituen lanik. Goikoetxeak azaldu duenez, patriarkatuaren birsortze mekanismoak aztertzea zen asmoetako bat; jakitea zer instituzio eta praktika erreproduzitzen diren gizonek emakumeak menderatzeko eta zergatik dagoen indarrean patriarkatua XXI. mendean.

Ordezkaritza duten alderdi guztiekin hitz egin dute, eta sindikatuen aldetik ELA, LAB, CCOO eta Steilasekin izan dira. Horrez gain, hainbat emakume elkarteetako kideak elkarrizketatu dituzte, langile antolatuak, ez antolatuak, baita herri mugimenduko partaideak ere. "Emakume desberdin askoren ahotsak jaso ditugu, nahiko anitzak, eta horrekin ikusi nahi genuen zer nolako mekanismoak eta diskurtsoak dauzkaten patriarkatua beraien eremuan aztertzean", azaldu du Goikoetxeak. Datuak, berriz, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren bitartez lortu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) datuak, Nafarroako Foru Erkidegokoak (NFE) eta Euskal Hirigune Elkargokoak (Ipar Euskal Herria) bildu dituzte liburuan.

Lau dimentsio aztertu dituzte: lan ordaindua, lan ez ordaindua, estatuaren ongizate erregimena eta espazio politiko-publikoa. Lan ordainduari dagokionean, liburuaren egileetako bat den Estitxu Garaik azaldu duenez, emakumeek ordu gehiago egiten dituzte lanean, baina %25 baxuagoak dira euren soldatak gizonezkoenekin alderatuta. Pentsiodunen kasuan, %43. Horrez gain, enplegu partziala egiten dutenen hamar langiletatik zortzi emakumeak dira, eta hitzarmen kolektiborik ez daukatenak %75 dira. "Ikusten da emakumeek lan merkatura salto egiten dutenean euren baldintzak askoz ere kaskarragoak direla", adierazi du Garaik.

Desberdin ikusia eta baloratua

Lan ordainduak eta ez ordainduak harreman zuzena dutela azpimarratu du. Egindako ikerketaren arabera, seme-alabak izatean emakumeen soldata %4 jaisten da, eta gizonena, berriz, %6 igo. "Horren arrazoia da emakumeok denbora gehiago eskaintzen diogula lan ez ordainduari; zain-tzari eta etxeko lanei, adibidez", zehaztu du. Horrez gain, azpimarragarria iruditzen zaio gizonek, haurren zaintzari dagokionean, esaterako, ludikoak diren ekintzak egiten dituztela. Parkera joatea izango litzateke adibideetako bat. Errutinazkoak direnak, berriz, arropa garbitzea edo janaria prestatzea, besteak beste, emakumeen esku gelditu ohi direla azaldu du.

Ongizate erregimenari dagokionez, Europako hegoaldeko herrialdeek, Espainiak, Italiak eta Greziak, esaterako, Mediterraneokoa dute, baita Hego Euskal Herriak ere. Izan ere, Goikoetxeak azpimarratu du Hego Euskal Herriko datuak Espainiakoen "berberak" direla, eta "batzuetan okerragoak". Hori neurtzeko merkantilizazioari eta familizazioari erreparatu behar zaie. "Merkantilizazioarekin neurtzen dena da pertsona batek zein punturaino saldu behar duen bere lan indarra ongizatea izateko", zehaztu du. Ez du lan ez ordaindua kontuan hartzen, eta gaur gaurkoz, Europako hegoaldean emakumeen %60-70 daude merkatuan.

Horregatik erreparatu zioten familiarizazioari: "Aztertzen du ea zein puntura arte daukaten emakumeek gizonen soldatarekiko eta gizonen baliabideekiko dependen-tzia". Goikoetxeak adierazi duenez, horrek ez du gizartearen sexismo maila neurtzen, erakunde publikoena baizik. "Mediterraneoko taldean dauden herrialdeek dauzkate erakunde sexistenak zentzu horretan, lan ez ordaindu gehien egiten dutenak direlako, eta horrek esan nahi du emakumeek soldatarik gabeko lana egiten dutela estatuak ez duelako ardura hori beregain hartzen", zehaztu du. Bestelakoa da Europa iparraldeko herrialdeen egoera: "Emakumeen lan ez ordaindu gutxien dutenak dira, estatuak hartzen duelako tradizionalki ordaindu gabe egin duten lana, zaintza, adibidez". Alemaniak eta Frantziak erregimen kontserbadorea dute, eta emakumeek lan ez ordaindu gutxiago egiten dute. Ipar Euskal Herrian, esaterako, erregimen hori dute. Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek, aldiz, ongizate erregimen liberala dute, eta iker-tzaileak azaldu duenez, lan ordaindua egin ezean, "oso zaila" izango zaie herritarrei aurrera egitea.

Emakumeek biolentzia sinboliko handiagoa jasaten dutela ere ikusi dute. Biolentzia bezala antzematen ez den biolentzia dela azaldu du Goikoetxeak. Heziketaren bidez ezaugarri batzuk transmititzen zaizkie gizonezkoei eta beste batzuk emakumezkoei: "Belaunak itxi behar dituztela esaten zaie neskei, barkamena eskatu behar dutela eta baxuago hitz egin, besteak beste". Horrez gain, emakumeek egiten dituzten lanek prestigioa galtzen dute. "Kontua ez da egiten dituzten lanek ez dutela prestigiorik, baizik eta emakumeek egiten duenak ez duela baliorik", zehaztu du. Sukaldaritza jarri du adibide gisara; emakumeak betidanik egon dira sukaldean, baina gizonezkoak kozinatzen hasi direnean sortu da "sukaldaritzarako talentua".

Ikusgarritasun gutxi

Espazio politiko-publikoari dagokionean, Garaik azaldu du emakumeen presentzia "nabarmen txikiagoa" dela botere guneetan; bai alderdi politikoetan, bai sindikatuetan, baita herri mugimenduetan ere. Goikoetxeak gaineratu du emakumeen ahotsa entzuten denetan "balio gutxiago" duela eurek esandakoak: "Elkarrizketatu guztiek esan digute 11.000 aldiz errepikatu behar izaten dituztela gauzak, eta gizonei, aldiz, segituan egiten zaie kasu". Horretaz aparte, ikusi dute gizonek eremu informaletan hartu izan dituztela erabaki asko, eta emakumeak, zaintza lanak direla eta, ez dira leku horietan egoten. Alderdi askotan aldatu dute jada erabakiak hartzeko modu hori.

Komunikabideetan ere presentzia ez da parekatua. Emakume gutxiago izaten dira erredakzioetan. Iritzi sailetan "oso emakume gutxi" daudela adierazi du Garaik. Adibidez, EiTBren kasuan, ikusi dute ez irratiko ezta telebistako saio batean ere ez direla iristen emakumeak %50 izatera. "Beste kontu bat da zertaz hitz egiten agertzen diren emakumeak, normalean esperientziak kontatzen baitituzte, eta gauza teorikoetarako gizonezkoak agertzen dira", azpimarratu du Goikoetxeak. Garaik adierazi du emakumeek lekua hartzeko gizonek toki hori galdu behar dutela. "Hor erresistentziak daude, pribilegiatuen erosotasunetik jokatzen dutelako gizonezkoek", gaineratu du.

Azaldutako egoera aldatzeko proposamen zehatzak egin dituzte. Alde batetik, estatugintza feminista bat egitea eskatu dute. "Instituzionalizazio feminista bat egitea izango litzateke, deszentralizatua eta federala", azaldu du Goikoetxeak. Horrez gain, konsozianismo feminista proposatu dute: erabaki gune guztietan gizonezko bat badago, emakume bat egon beharko litzateke. Horrek suposatuko luke biderkatu egingo liratekeela postu guztiak, eta, esaterako, bi lehendakari egon beharko zirela; bat emakumezkoa eta bestea gizonezkoa. Zaintza derrigorrezkoa izatea ere beharrezkotzat jo dute, herritar guztientzako, eta txandakakoa. "Zaintza derrigorrez egin beharreko zerbait izan beharko litzateke gizartean bizi nahi izanez gero", zehaztu du. Horretarako hirigintza eta legeak aldatu beharko liratekeela argi ikusten dute. Beto eskubidea ere eska-tzen dute emakumeen gune autonomo eta ez mistoetarako. Azkenik, sistema publiko komunitario bat proposatzen dute, non lehen gobernu maila auzoak izango liratekeen eta erabakimena eta betoa izango luketen emakumeek. "Auzoetan emakumeak hor daude, eta geroz eta gehiago jaitsi boterea, orduan eta emakume gehiago daude", adierazi du.

Krisia, berrasmatzeko bide COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren aurrean, erakundeek ongizate kolektiboaren aldeko apustua egin beharko luketela uste dute. Krisitik irteteko planen eta aurrekontuen egituraketa, gauzatzea eta ebaluazioa feminista izatea eskatu dute, estatistika desagregatuen beharra azpimarratuta. Egileek azaldu dute konfinamenduan argi gelditu dela funtsezko zerbitzu asko oso sektore feminizatuak eta prekarizatuak direla, eta aitortza soziala eta lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte. Telelanak ekarri dezakeen arriskuaz ere ohartarazi dute. "Ikusi dugu nola telelanak dakarrena den aldi berean egotea lanean eta zaintza lanetan, eta horrek emakumeen doako lana areagotzea ekar dezake", azpimarratu du Garaik. Horrez gain, publifikazioa proposatu dute, pandemiak zahar etxeetan izan duen eragina adibide gisa jarriz.

Etorkizunera begira, biolentzia handituko dela uste du Goikoetxeak, neoliberalismoa "zabaltzen eta irmotzen" ari baita. Garaik azaldu du espero duela agintariek liburua irakurtzea eta proposamenak inplementa-tzea. Krisi garaiak erabakigarri ikusten ditu Goikoetxeak etorkizunerako balioko duten ideiak, aliantzak eta antolakuntza ereduak sortzeko. "Alde batetik momentu ederra da, nahiz eta miseria zabaldu eta pobretzea handitu, ideia berri eta oso onak jartzen baitira mahai gainean", azaldu du Goikoetxeak, eta jende askok "haserrea modu kreatiboan" kanporatzen duela adierazi du.