Arkitektura

Fosterren gozoki berri bat

Bilboko Arte Ederren Museoaren eraberritze lehiaketarena zeresana eman beharko lukeen proiektua da. Haatik, gutxi hitz egin da bere inguruan

24.01.2020 | 12:32
Bilboko Arte Ederren Museoak etorkizunean izango duen itxura.

Bilbon aski ezaguna den Norman Foster estudioaren proposamenak erreakzio desberdinak sortu ditu jen-dearengan: kanpoko arkitekto ezagun baten proiektua izanik, gehiengoari asko gustatu zaio. Beste ba-tzuentzat, ordea, itsusia da, proposamena ez baita egokia. Eta, azkenik, eszeptikoki begiratzen dutenak daude. Gorka Bereziartua kazetariak mahai gainean jarri du gaia. Izan ere, lehiaketaren ebazpena jorratu zuten epaimahaiko Luis Fernandez-Galiano jauna Norman Foster Foundation erakundeko patronatuan agertzen da. Egoera eta ebazpen bera suertatu zen 2016an, Madrilgo Prado museoaren lehiaketan. 

Informazio honek sortzen dituen erreakzio eta zalantzetatik distan-tzia hartuaz, hurrengo galderak planteatzen dira. Noiz esaten dugu eraikin bat egokia dela? Zeri erreparatzen diogu? Eta alderantziz denean, nola adierazten dugu gaizki dagoela? Berdin helarazten dugu iritzia kritika positibo edo negatibo bat egitean? Esparru publiko eta pribatuan berdin hitz egiten dugu gustuko ez dugun zerbaiten inguruan?

SEI FINALISTA

Esku-hartze arkitektoniko honen bide-orria 2019-2022ko Plan Estrategikoan ezarri zen, antolakuntzaren moderniza-tzea eta instituzioaren handitze fisikoa gauzatzeko helburuarekin. Lehen fasean 57 talde izan ziren hautatuak, eta horietatik izen handiko 6 finalista aukeratu zituen epaimahaiak: Foster+Partners eta LM Uriarte Arkitektura gasteiztarrak, Nieto Sobejano, BIG eta AZAB bilbotarrak, Snøhetta Oslo eta Foraster bilbotarrak, SANAA eta IA+B bilbotarrak eta Rafael Moneo.

Proiektua aniztasun baten adierazle izan arren, estudio bakoitzak bere sinadura uzten du, arkitektura produktu gisa aurkezten da, eta ez "soluzio" gisa. Orokorrean, egun dagoenaren eta planteatzen direnen arteko elkarrizketa bat gauzatu beharrean, inbasio gisa ezartzen dira esku-hartzeak, dagoenari kasu gutxi eginez, eta espazio mugatuak erabaki hori hartzeko baldintza izan daitezke. 

Gehienek euren proposamena kanpo begirada baten bidez jorratu dutela ikusten da, monumentu trataera emanez eta museoaren arazoak beraien bitartez amaituko direlakoan. Grafismo aldetik espero zitekeena baino kalitate baxuagokoak dira eta irudiek garrantzia handia hartzen dute, arkitektura beste plano batean ezarriz.

Epaimahaiak honela deskribatu ditu Agravitas proposamen irabazlearen alderdi esanguratsuak: "Teknologikoa bere irudian, humanistikoa bere ikuspegian eta ekologikoa bere iraunkortasunean, proposamenak arkitekturaren kalitatea, hiri sentsibilitatea eta erantzukizun soziala bateratzen ditu Bilboko bihotz historikoan mugarri argitsu eta arin bat altxatzeko". Hitz politak dira, edonor ados egoteko modukoak, baina hauen atzean beste gauza batzuk ageri dira. 

Irabazleen nahia 1945ko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea bada, sarrerari garrantzia emanez, ez du merezi gainean ezartzen dioten espaziontzi formako plataformaren inguruan asko hitz egitea. Helburu horretan ez du laguntzen. Finean, 2000m2-ko makro pastilla bat ezartzen dute plazaren gainean, lurretik 11 metrotara, 1945 eta 1970eko eraikinak lotzeko asmoarekin. Plaza bertan estalita izateak osotasun bat ematen dio museoari eta egia da bi zatiak lotzen dituela. Haatik, ez du justifikatzen gainean dagoen guztia. Argazkietan ikus daitekeen argi-zuloaren errekurtsoa proiektuak sortzen duen arazo baten soluzioa da, plaza argi gabe geldituko litzateke, eta ez museoari bere baitan egiten zaion aportazioa.

TESTUINGURUA

Estetikoki, esku-hartzeak jan egingo du egungoa. Eskala ikoniko batean ezartzean gehigarriaren materialtasunak indar gehiago hartzen du eta horren aurrean bere baitan uzten da. Testuingurua ez da aintzat hartu, ez museoa ezta inguruko eraikinak ere, eta itxituraren exekuzioa horren adierazle da. Bestetik, inguruari keinu lotsati eta hutsalak egiten zaizkio. Sarreraren aurreko biribilgunea ezabatu eta parkean txertatzen da, oinezkoei eta bejetazioari protagonismoa emateko asmoarekin. Museoari gutxi lagunduko dion erabaki anekdotiko bilakatu daiteke.

Hiriaren azpiegitura kulturalaren epizentroa bilatzeko proposamena ez dela egokia esan daiteke, edo dirua xahutzeko beste era bat dela, edo kanpora begirako elementu propagandistiko bat dela, edo Guggenheimekin lehian sartzeko proiektu sasi faraoniko bat dela, edo, agian, Norma Fosterren inguruan kritika negatibo bat egiteko aitzakia izan dela. Edo agian ez. 

Edonola ere, Arte Ederren Museoak ez dauka proiektu honen beharrik, ez gaitezen itsutu horrelako gozoki bisualekin.