Poema liburu berriaren bueltan da Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970): 17 segundo. Uriberen bigarren poema liburua da, eta hamazazpi urtez ida-tzitako poemak jasotzen dira bertan. Oinarri dira bere bizitzako zenbait pasarte eta, idazleak adierazi duenez, bere belaunaldiaren "erretratua" izan daiteke bertan bildutakoa. Areago, gaineratu du poemen artean dagoen haria garbia dela, eta beraz, irakurleek erraz ulertuko dutela zer den azaltzen dena. Gainera, nabarmendu du irakurleak aukera edukiko duela poemak "bere egiteko".

'17 segundo'. Zergatik izenburu hori?

Bi arrazoiengatik. New Yorkeko Metropolitar Arte Museora joan ginen, eta bertako gidari batek esan zigun ikusleak, bataz beste, hamazazpi segundoz egoten direla koadro edo artelan bati begira. Oso denbora gutxi da. Gozamen estetikoak denbora behar du, eta horren ordez, jendea ibiltzen da selfieak egiten. Pentsatzen jarri nintzen, eta hausnartu nuen poesia oso bestelakoa dela. Poesia da denbora gelditzea. Poesia da biziaren bizkortasunetik ateratzea eta norbere buruarentzat patxada hartzea.

Hori batetik. Bestetik, eta denbora aipatuta, hamazazpi urtez idatzitako poemak batzen dituzulako lanean, ezta?

Hala da, bai. Hamazazpi urtez idatzitako poemek osatzen dute lana. Azken batean, hamazazpi urte horiek hamazazpi segundo bezain azkar pasatu zaizkit, eta hori ere islatu nahi izan dut lan honetan, izenburutik bertatik hasita.

Zergatik erabaki duzu orain kaleratzea lana?

Ikusten nuen, hiru nobela idatzi ostean, poesiaren garaia zela. Bitartean heldu eskutik poesia lana idatzi nuen 2001ean, eta ostean, hiru nobela etorri dira: Bilbao-New York-Bilbao (2008), Mussche (2012) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (2016). Azken batean, gorputzak eskatzen zidan poesia pixka bat. Beraz, hasi nintzen hainbeste urtetan idatzitako poemak irakurtzen, zer nuen gordeta ikusten. Baita liburuari forma ematen ere. Horrela atera da lana.

Azkenean, 90 poema bildu dituzu zazpi kapitulutan.

Poema asko dira. Pila bat dira, eta hala ere, beste asko gelditu dira kanpoan. Ez nuen ikusten denak sartzeko beharrik, izan ere, pentsatu nuen bakoitzak bere rola bete behar zuela poema liburuan. Azkenean, zazpi ataletan banatu ditut poemak, eta errepasoa egin diot nire bizitzari eta gure belaunaldiaren bizipenei.

Hain zuzen ere, haurtzaroko bizipenak konta-tzetik ekin diozu lanari.

Hala da. Lehenengo atala haurtzaroari buruzkoa da, eta bigarrena, berriz, intsumiso garaikoa, kartzelan egon nintzen garaikoa. Hirugarrenean gaztaroari eta haren amaierari eusten diot. Esaterako, badaude lagunak hiltzen hasten direneko pasarteak eta indarkeriari buruzkoak. Badago poesiari berari buruzko zerbait ere. Laugarren atala Japoniari buruzko da, bertara eginiko bidaia bat da oinarria. Hurrengo atala New Yorki buruzkoa da, hain justu ere, bertan idatzitako poemak dira. Poesia eta hutsunea da seigarren atala, eta zazpigarrena, Daudenak eta ez daudenak. Zazpi poemak osatzen dute azken atala, eta horiek ixten dute liburua.

Hala ere, poema batzuk ez dira garaian idatzitakoak. Adibidez, intsumiso garaikoak.

Bertan jasotako poemak orain idatzitakoak dira, aurten ida-tzi ditut, baina garai hura gogoan hartuta. Izan ere, kartzelan egon nintzen hilabeteetan ez nuen ezer idatzi, eta beraz, poema hauek dira isiltasunetik sor-tzen diren halako kimu bat bezalakoak. Azken batean, txiki-txikiak dira, baina indar handikoak. Horretarako, poesia japoniarreko poesia molde bat erabili dut: haikua. Hiru lerrotakoa eta bost eta zazpi silaba artekoa den poesia da; txikia eta laburra.

Haikuez gain, zeintzuk dira gainontzeko poesia formak?

Nire burua trebatzen saiatu naiz, nire burua bultzatzen forma desberdinetan idaztera. Atal bakoitzak forma aldetik ere desberdintasunak ditu. Esan bezala, batzuk haikuak dira, baina badaude japoniar poesiako tankak ere. Prosaz idatzitako poemak, bertso librean jasotakoak eta kanta egitura dutenak ere badaude, beste zenbaiten artean. Beraz, esan daiteke forma aldetik oso anitza dela, eta baita gai aldetik ere.

Zergatik erabaki duzu forma ezberdinetako poemak egitea?

Ez zaidalako erosotasuna gustatzen. Gusta-tzen zait beti bilaketa lan batean aritzea, eta gainera, uste dut literatura hori ere badela: bilaketa bat. Beti saiatu izan naiz aurrez erakutsi dizkiguten arauak eta egiturak ez jarrai-tzen eta intuizioari eusten. Azken batean, horrela egiten du aurrera literaturak; eta, poema liburuen kasuan, poemak biltzeaz gain, bidaia bat ere eskaintzen dute.

Bilaketa aipatu duzu. Irakurleak ere edukiko al du poemen artean dagoen hariaren gainean interpretazioak egiteko aukera?

Poemen arteko haria oso garbi ikusten da, eta, gainera, pertsonaiak ere badaude. Asko errepikatu egiten dira poema liburuan zehar, eta baita giro batzuk ere. Ispilu joko asko daude, eta baliteke irakurleak berak bere burua ikustea zenbait egoeratan. Esate baterako, amari buruz idazten ditudan poemetan irakurleak ikus dezake bere ama. Berdin alabari buruz idazten dudanean ere. Irakurleak bere egingo ditu hainbat poema. Gainera, nik ez dut nire buruarentzat idazten, baizik eta parteka-tzeko. Nolabait, irakurleari hausnarketa bat ere eskaini nahi diot.

Euskara aldetik ere desberdintasunak daude. Batetik, euskara batua; bestetik, ondarroarra.

Jolas bat egin nahi nuen horrekin ere, euskararekin. Neure jatorrizko mintzoa edo barru barrutik datorkidana ondarroarra da. Hori da ikasi nuen lehenengo euskara, eta soinua, nire haurtzaroko soinua ondarroarrez da. Orain, haurtzarora bueltatu naizenean, berriro agertu zait soinu hori. Gerora ikasi nuen euskara batua, eta ikasi nituen gaztelania eta ingelesa ere. Baina, esandakoa, jatorrizkoa ondarroarra da. Joan nahi izan dut soinu horren putzura, eta putzu horretatik hitza atera.

Lehen poema liburutik hemezortzi urte igaro dira. Garai hartako Kirmen Uribek gaurko berbera izaten jarraitzen al du?

Nik uste dut berdintsua dela. Bizitzan zauriak agertzen dira, eta kolpe batzuk jaso ditut, baina baita pozak ere. Hala ere, nire izaera ez da asko aldatu. Ez naiz ozpindu, eta baikortasun bera agertzen da; baita ilusio berdina ere. Mundua ikusteko era ere berbera da.

Eta idazkerari dagokionean, egon al da aldaketarik?

Idazkera aldetik, bai, ikasi egin dut. Orain, buruan ditudan ideiak egokiago jartzen ditut paperean orain urte batzuk baino. Trebezian ikasi dut, eta baita ofizioan ere. Idaztearen idaztez lortzen dena da: idazleak idaztea. Baina barru-barruko Kirmen berbera da.

Kirmen horretatik aritu zara liburua aurkezten ere, Euskal Herrian.

Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako An-tzoki Zaharrean ibili gara oraintsu. Sarrera guztiak agortu ziren, ikaragarria izan zen. Gainera, ikuskizuna belaunaldi kideen eta lagunen artean egin dugu. Esate baterako, Bilboko ikuskizunean Asier Altuna egon zen. Mikel Urdangarin, Ixiar Oreja eta Txomin Uribe musikariek ere parte hartu zuten, eta baita Juanjo Elordik ere. Bera arduratu da zuzendaritzaz, ikuskizunaren diseinuaz. Donostiako saioan, berriz, Jon Garaño zuzendaria ere egon zen. Beraz, poesiak du protagonismoa, baina musika eta irudia ere garrantzitsuak dira.

Zein da orain arte jendeak eman duen eran-tzuna?

Hainbatek ezustekoa hartu zuten, oso gauza ezberdina baita. Emozioa ere izugarria izan zen; jendeak negar egin zuen ikuskizunean, eta baita barre ere. Emozio horiek sortzea, piztea da gauzarik handienetarikoa. Poesia, azken batean, emozioa ere bada.

Emozioak bizitzearekin batera, baliteke norbaitek kontatutakoa bere sentitzea.

Poesiaren gauzarik ederrena da irakurleak bere egiten duenean, poema bat behin eta berriz irakurtzen duenean edo lagunei irakurtzen dienean. Disko bat edo kanta bat behin eta berriz jartzea bezala da poema bat irakurtzea. Hori da politena. Poesiak abantaila hori dauka, behin gustatzen zaizunean ate handi bat zabaltzen da zure bizitzan.

Halako ateak zabaltzen arituko al zara hemendik aurrera?

Oraingoz New Yorken jarraituko dut. Hara joan nintzen liburutegi publikoak eskainitako idazketa beka bati esker. Bertara joan nin-tzen hurrengo nobela idaztera. Gaur egun, Columbiako Unibertsitatean ere eskolak ematen nabil, New Yorken. Zehazki, XXI. mendeko literaturaren inguruko ikastaro bat ematen nabil. Familia osoa gaude bertan, eta printzipioz, bertan jarraituko dugu. Betikoan arituko gara: bilatzen, ikasten eta gauza berriak probatzen. Hori da nire bizitza, bilaketa etengabe bat. Helburua da bertan bizi-takoa, pentsatutakoa eta sortutakoa euskarara ekartzea.