Askotan hegazkinarekin eta autoarekin lotzen dugu bidaia, baina hamaika modu daude munduak eskaintzen dituen txoko ederrak eta ezezagunak bertatik bertara ikusteko. Eight feet in the Andes liburuan azaldu zuen bezala, Dervla Murphy eta bere bederatzi urteko alabak Peruko mendialdea oinez esploratu zuten, euren alboan Juana izeneko Mando bat zeramatela. May French Sherldon estatubatuarrak aldiz, Kenya zeharkatu zuen palankin batean eserita ("laguntzaile" sufritu batzuen beso indarrez eramandako kabina moduko bat). Halako luxuak alde batera utzita, jende andana dabil bizikletari eraginez aurrera eta atzera leku berriak ezagutzen, eta batzuek, Ed Pratt gazte ingelesa esaterako, bi gurpil gehiegi direla iritzita edo, bakarrarekin munduari bira emateko gai izan dira.

Egia esan, mugitzeko balio duen edozein aparatu erabili daiteke bidaiatzeko. Originala izan nahi baduzu, zaila duzu, egon ziur munduan badela norbait honezkero saiatu dena buruan duzun hori egiten. Iaz, adibidez, Ukrainan nenbilela, patinete baten gainean 3.000 km-tik gora eginak zeuzkan txekiar bat ezagutu nuen. Orain dela urte batzuk aldiz, Hungarian, Alemaniatik motorrik gabeko hegazkinetan zetorren hirukote batekin egin nuen topo. Esandakoa, edozer delarik buruan duzuna, honezkero saiatu dira, egon ziur.

DENON ESKURA Originala izatearena baztertuta, onena bakoitzari barnetik irteten zaion moduan bidaiatzea litzateke. Edo ahal duen moduan, noski, izan ere Karibea belaontzi batean esploratzea gustatuko litzaidake niri, baina ez dakit ababorra eta istriborra ezberdintzen; hortaz, jai daukat. Erromes baten moduan oinez joateaz gain, bada beste modu bat denon eskura dagoena distantzia luzeak egiteko. Hitzez-hitz gure eskura dagoena. Auto-stopa egiteari buruz ari naiz, hain justu.

Nire aitak beti kontatzen dit nola joaten zen Madrilera soldaduska egitera auto-stopa egiten, lasai asko. Igande goizean etxetik irteten zen bere soldadu-zakua bizkarrean zuela, eta hatz lodia errepide bazterrean erakutsiz, Madrilgo kuartelera iristen zen iluntzerako, arazorik gabe.

Zorionez soldaduskarik egin behar izan ez dudan arren, nik ere esperientzia hori izateko irrika nuen. etorkizunean, Gabon eguneko bazkalondoan, nire ilobei konta-tzeko bada ere. Pertsona heldu guztiek diote garai batean erreza zela auto-stopa egitea, ohikoagoa zela, gaur egun jende gutxiago dabilela horrela. Dabiltzan gutxi horiek baina, lortzen al dute norbaitek eramatea, ala errepide bazterrean zimeltzen dira ureztatu gabeko loreen modura?

JARRERA EGOKIA Gomendio bila, Europa osoa alderik alde hatz lodiaren indarraz gurutzatu duen lagun poloniar batekin egin nuen berba. Hitchhiking egitea erreza zela zioen, baina trikimailu interesgarri batzuk eman zizkidan. Errepide bazterrean jarriz gero, kontuan izanda gidariak segundo erdi baina gutxiagoan erabaki behar duela zu jaso ala bere horretan jarraitu, auto-stopistak jarrera egokia izan behar du: irribarretsu, gidariarekin kontaktu bisuala eginez, eskuak libre edo hobe mahukak bilduta (ezer ezkutatzen ez duzula erakusteko), autoa eroso geldi daitekeen leku batean, eta abar. Leku batzuetan, Herbehereetan esaterako, auto-stopa egiteko leku bereziak daude, bide seinale eta guzti, Liftplaats deituak.

TURIN JOMUGA Lehen ahalegin modura, etxetik Italiako Turin hirira bidaiatzea proposatu nion nire bikoteari, bertan gauzatu baikenituen goi mailako ikasketak. Berak, arduragabekeria une batean edo, baiezkoa eman zidan. Ez zegoen atzera bueltarik. Motxila bizkarrean, irribarrea ezpainetan eta hatz lodia eta kartel bat erakutsiz, Donostiako Amara auzoan jarri ginen Irunerako norabidean. Bidaia hasi eta bost ordutara, A-63 autobideko Bidarteko atseden gunean ginen, etxetik ordu erdira alegia.

Bidaia hasi bezain pronto amaituko zen tragedia bat zirudienean, parapente irakasle batek bere furgonetan hartu gintuen eta ia Okzitaniako Tolosaraino eraman gintuen, gure lehen etapako helmuga. Hodei mota ezberdinak, barometroen irakurketa eta haizeteen eta ekaitzen arteko loturaz ikasteaz gain, Turin-era iristeko burutazioa gauzagarria zela ikasi genuen. Hurrengo bost egunetan autoz auto ibili ginen eta jende andana ezagutu genuen, bakoitza bere gorabeherekin: lan elkarrizketa garrantzitsu batera urduri zihoan biokimikaria, frantsesez hitz egiteaz aspertuta zegoen kolonbiarra, errepide txikietatik joanaz, bere etxe inguruko ur-jauzi polit bat erakutsi zigun gizona...

Azkenean, aurrez planifikatu moduan, hatz lodiari esker, bost egunetan iritsi ginen Italiako lehen hiriburua izandakora. Bidean, hamaika pertsonen bizipen, istorio eta kontakizunak entzuteko eta gureak partekatzeko aukera izan genuen, eta une batzuetan errepide bazterrean itxaronaldi luzeak egitea gogorra izan bazen ere, zalan-tzarik gabe esperientzia polita izan zen. Harrezkero beste begi ba-tzuekin begiratzen ditut eskuetako hatz potoloak, a ze boteretsuak!