Bilboko Udalak bilbotarrak zoriondu ditu 2026ko parte hartze bidezko aurrekontuen ekimenean izan duten inplikazioagatik, 5.504 pertsonak 15 proiektu aukeratu baitituzte, datorren ekitaldiko udal aurrekontuetan sartzeko, udalak onartzen dituen gainerako ekimenekin batera.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, partaidetzazko aurrekontuen ekimenaren hamargarren aldia izan da aurtengoa, eta orain arte parte hartzaile gehien izan dituena da. "Hain zuzen ere, horregatik txalotu ditu udalak herritar guztiak, haiek izan baitira protagonista nagusiak prozesu osoan", adierazi dute.
Bozketaren emaitzak ezagutu ondoren, parte hartze bidezko aurrekontuetarako 2.165.000 euro gehitzea erabaki da aurten, eta horri esker beste proiektu bat txertatu ahal izan zaio aurrekontuari.
PROIEKTUAK
Beraz, guztira, 15 proiektu izango dira, eta zerrenda www.bilbao.eus webgunean dago eskuragarri, parte hartze bidezko aurrekontuen atalean.
Bozketa fasea urriaren 3an amaitu zen, eta herritarrek aukera izan zuten azken fasean aukeratutako 50 proiektuetatik interesgarrienak iruditu zaizkienen alde bozkatzeko. Pertsona bakoitzak nahi izan duen beste proposamen hautatzeko aukera izan du, betiere parte hartze bidezko aurrekontuetarako ezarri den gehieneko zenbatekora heldu gabe. Bozketaren azken azterketatik 15 proiektu hautatu dira, eta hurrengo ekitaldirako Udal Aurrekontuaren Aurreproiektuan sartuko dira.
Bozketaren emaitzak ezagutu ondoren, parte hartze bidezko aurrekontuetarako 2.165.000 euro gehitzea erabaki da aurten
Guztira, 8.504 bilbotarrek 65.994 boto eman dituzte; aurreko edizioan baino 1.479 pertsona gehiago dira, 2024an 7.025 pertsonak bozkatu baitzuten. Boto emaile gehienak emakumezkoak izan dira (%61,47), eta, adinari erreparatuta, 41 eta 50 urte bitartekoak izan dira boto gehien eman dutenak (%32,31). Barrutiak kontuan izanda, boto emaile gehien izan dituztenak Ibaiondo eta Deustu izan dira, 2.251 (%26,5) eta 1.721rekin (%20,2), hau da, ia guztizkoaren %50.