Oharkabean otu zi-tzaion Eva Guerrero dantza zuzendariari erlijioetan gorputzak bete-tzen duen papera ikertzen hastea. Sinesmenei ez zien arretarik jarri nahi; bai, ordea, errezo edo erlijioetan behin eta berriz errepikatzen diren zenbait mugimenduri. “Sarritan joaten naiz harategi marokoar batera, eta egun batean harakina errezoa egiten ari zen eta zain egon behar izan ginen. Orduan hasi nin-tzen pentsatzen liluragarria irudi-tzen zitzaidala nola erabiltzen zuen bere gorputza otoitz egiteko”, azaldu du Guerrerok.

Gero, beste zenbait oroitzapenekin nahastu zitzaion artistari gertakari hura eta apurka-apurka erlijio guztietan berdina gertatzen ote zen galdetu zion bere buruari: “Konturatu nintzen erlijio askotan gorputza baliatzen zutela eta, gainera, mugimendu horiek nolabait errepikakorrak zirela, koreografia bat bailiran. Premisa bat izan nuen ardatz: praktika horiek nire azalean ikasi nahi nituen, era korporalean ulertu ahal izateko”, kontatu du. Gorputza izan du interesgune Guerrerok une oro. Hainbat erlijiotako kideekin kontaktuan jartzea erabaki zuen orduan, bakoitzarengandik bere erlijioko mugimendu fisikoak ikasteko prest. Prozesu guzti horren azken xedea dantza pieza bat osatzea izan da: Gorpuztu. Datorren ostiralean taularatuko du Barakaldo antzokian.

DIKOTOMIAK Azterketa aurrera joan ahala, zenbait kezka ere agertu zitzaizkion Guerrerori. “Nik ez nituen mugimendu horiek kopiatu nahi. Horiek ulertu, eraldatu eta dantzara aplikatzea zen helburua”, jakinarazi du. Guerreroren helburua ez da izan erlijioari protagonismoa ematea, eta obraren ardatza ere beste bat da. Dikotomiak ditu hizpide, norbanako bakoitzaren barne gatazkak: animalia eta arrazoia, kaosa eta sosegua, zoramena eta kontrola. Horrelako kontzeptuak bata bestearen aurrean jarri eta horien arteko orekaz hausnartu nahi du Gorpuztu-ren sortzaileak. Erantzuna, baina, irekia dela dio: “Ez zait gustatzen erantzunak ematea, ikusleak gauzen inguruan gogoetatzera bultzatu nahi ditut”. Zentzu horretan, dramaturgikoki lineala ez den pieza plazaratuko du Guerrerok, non eszena “emozionalak” izango diren haria. Dantzariak bide emozionala jarraitzen duela azaldu du zuzendariak. “Orekaren bila abiatzen da, baina beste gauza askorekin egiten du topo”.

Ikerketa prozesuak urtebeteko epea izan du eta penaz dio Guerrerok gustura eskainiko liokeela beste urtebete ere esperimentuari. Halere, pozik dago emaitzarekin. Azterketari dagokionez, hiru zatitan banatu du gorputza, mugimenduak tentuz behatu ahal izateko. Burua, bizkar hezurra eta hankak. Erritu erlijiosoen behaketan hiru ardatz horiei erreparatu die, lana arintze aldera. Bestalde, zorura jaisteko erak ere kontuan izan ditu.

EKIALDEKO HAIZEA Dantza ikuskizun bat den heinean, gorpu-tza du protagonista emanaldiak eta aurrez aipaturiko hiru ardatz horien buelta ibiliko da. Topaketa erlijioso guztien ondotik heldu zen aukeraketa, Guerrerori interesgarrien suertatu zitzaizkion alderdiak hartuta. Ezaugarrien artean ekialdeko eraginaren zantzuak dituela azaldu du zuzendariak. Gauzak horrela, jantzietan, musika doinuetan zein eszenografian izango da nabari eragina. Aztertutako erlijioen ondorio ere bada hori. Guerrerok egindako topaldi guztien artean batzuek besteek baino fruitu gehiago eman zuten; adibidez, erlijio taoistek presentzia nabarmena dutela uste du sortzaileak. Izan ere, lehen aipaturiko bi barne munduen arteko talka horrek, adibidez, jing eta jangaren filosofia ekartzen du gogora.

Bost emakume izango dira oholtzan, eta artistak onartu du ez duela inoiz “hain talde handia” zuzendu. Garazi Lopez de Armentia da dantzaria, eta gainerako lauek zuzeneko musika joko dute dantzaldian: Ainara Legardon, Cristina Samaniego, Nerea Alberdi eta Carla Sevilla izango dira zuzeneko musikaren arduradunak. “Musikarien doinuek ikusleari istorioan zehar bidaiatzen lagunduko diote. Sarritan, musika dantza baino zuzenagoa izaten da; edo, behintzat, ohitura handiagoa dugu musika en-tzun eta interpretatzeko”, uste du zuzendariak.

Gorpuztu-ren estreinaldiaren atarian gogotsu agertu da Guerrero. Hiru hitz erabili ditu dantzaldia deskribatzeko: “Zintzoa, poetikoa eta indartsua”. Hiru pista horiek jasota, ikusleak izango du azken hi-tza, apirilaren 26an, Barakaldon.