Arriaga Antzokiak 'Gesualdo WC Station' ikuskizuna jasoko du
Alex Gerediagak zuzentzen du Errenazimenduko egile handietako bat den Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositorearen madrigalak oholtzaratzen dituen proposamen eszenikoa
Datorren apirilaren 11n eta 12an, arratsaldeko 19:00etan, Alex Gerediagak zuzendutako Gesualdo WC Station izeneko ikuskizuna ikusi ahal izango da Arriaga Antzokiak. Obrak Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositore italiarraren istorioa du inspirazio iturri.
Aspalditik ezaguna eta aitortua den bere ildo estetikoari leial, Gerediagak eta bere ohiko talde artistikoak indar bisual handiko muntaketa bat proposatzen digute, non hizkuntza teatralak eta zinematografikoak bat egiten duten eta, oraingoan, zuzeneko musika ere gehitzen zaien.
Gesualdoren istorioak bizia hartzen du tren geltoki bateko komunetan dauden lau pertsonaien bidez. Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. de Jáuregui, Sandra Fdez. Aguirre eta Aitor Borobia arduratzen dira pertsonaiak interpretatzeaz. Gainera, zuzeneko bideo eta kameren laguntzaz, izaera zinematografikoa ematen zaio ekoizpenari. Talde osoa Gesualdoren madrigalen kantuekin integratzen da: Basileako (Suitza) Voces Suaves taldeak zuzenean eskainiko ditu, a cappella, nazioartean ospe handia duen eta errepertorio klase horretan espezializatutako ahots taldea baita. Musikaren edertasunak eta fintasunak kontraste elementu oso ederra eskaintzen du, konpositorearen istorioarekin bat datorren estetika gordina duen ikuskizun honetan.
Izan ere, azpimarratu behar da Alex Gerediaga buru duen taldeak eta interpretatzaileek Gesualdoren istorioaren alderdirik ilunenari heltzeko erronka hartu dutela bere gain. Adituen arabera, Gesualdo Errenazimenduko autore handienetako bat da eta haren madrigal bikainak garaiaz bestelako adierazkortasunagatik nabarmentzen dira; hori dela eta, bere garairako oso aurreratua egon zela esan ohi da. Bere musika, izan ere, gutxietsita egon zen XX. mendean egile eta konpositore handiak hura erreibindikatzen hasi ziren arte, zalantzarik gabe merezi duen lekuan kokatu ahal izateko. Baina, aldi berean, bere obrara gehiago hurbiltzeak aukera eman du bizitza bat sakonago ezagutzeko, berea, argiz eta itzalez betetakoa, non eszenan garatzeko elementu biziki erakargarriak agertzen diren, hala nola jeloskortasuna, traizioa edo hilketa. Beraz, Alex Gerediagak material ona aurkitu du ikuskizunaren dramaturgia eraikitzeko, eta Gesualdoren bizitzako pasarte gogorrenetako batzuetan libreki inspiratu da.
Sinopsia
Denboran ahaztuta geratu den tren geltoki bateko komun bat: ispiluak, kabinak, komun-ontziak, azulejuak, argiak dir-dirka; mendeak zeharkatzen dituen drama bat hasten da. Bost ahots a cappella durundi egiten ilunantzean, Carlo Gesualdoren lehen eta bigarren liburuetako madrigalak ahanzturatik ateratzen dituztela. Nota bakoitzak, etendako harmonia bakoitzak, konpositorearen tragedia ekartzen du gogora: jeloskortasuna, traizioa, hilketa. Beste aldean, trenen orroa, megafonia irteerak eta iritsierak iragartzen, ahotsak eta arimak igarotzen; jendetza joan-etorrian, eta hautatuak krimen izugarriaren lekuan barrentzeko atea zeharkatzen. Gesualdoren istorioak bizia hartzen du lau pertsonaien bitartez espazio dekadente honetan, non musika aitorpen bihurtzen den eta odola, memoria ezabaezin.
Irisgarria
Gesualdo WC Station-en emanaldiek gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez gaintituluak izango dituzte, bai abestutako zatietan, bai ahozko testuan, entzumen desgaitasuna duten pertsonentzako % 100eko irisgarritasuna bermatzeko.
Neurri honek antzerki ireki eta irisgarriarekiko konpromisoa indartzen du. Zentzu honetan, aipatzekoa da Arriaga Antzokiak soinua anplifikatzeko eta entzumen begizta sistemak eskaintzen dituela bere emanaldi guztietarako.
Temas
Más en Cultura
-
Fito, Amaia, Aitor Etxebarria e Izaro, entre los finalistas de los premios de la Academia de la Música estatal
-
Fallece Christine Ruiz-Picasso, impulsora del Museo de Málaga y nuera del artista
-
BilbaoArte convoca ayudas para la realización de 11 proyectos artísticos
-
"En Goya hay algo de rebeldía y de revolución y, a la vez, una honestidad que me conmueve"