Udaberrian hasitako bide luzea hurrengo asteko larunbatean, abenduaren 20an, amaituko da, orduan jokatuko baita 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilbon. Casillako kiroldegian batuko dira 4.500 ikusle inguru, zortzi finalistak kantuan entzuteko: Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga.

Aurreko edizio bietako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartu aurten eta, beraz, lehia irekia espero da. Onintza Enbeitak 2018an jantzi zuen txapela eta gainerako finalistek ez dute inoiz irabazi, baina batzuk oso hurbil ibili izan dira. Enbeitak hamargarrenez jokatuko du Bizkaiko finala; Txaber Altube, aldiz, estreinakoz arituko da.

Irabazleari txapela jartzeko ardura Arantza Plazari egokitu zaio. Fokuetatik urrun, bertsolaritza zabaltzen aritu da luzaroan eta ikastetxeetan bertsolaritza irakasle izan zen 2004tik 2024ra. Plazak onartu du “harrituta” jaso zuela irabazleari txapela janzteko proposamena, baina “bulkada bat” sentitu eta berehala onartu zuela. “Barru-barrutik irten zitzaidan baietza, gainera finalean ez naiz bakarrik egongo, beti izan ditut ikasleak eta lankideak atzean eta finalean ere sentituko dut haien babesa”, adierazi du.

Aitor Bizkarrak hirugarrenez kantatuko du finalean. “Trankil hasi nuen txapelketa, baina aurrera egin ahala agertu da tentsioa”, azaldu du abadiñarrak. Finalean “beharrera eta jokora” joango dela esan du, “onena emateko asmoz”. Aitor Etxebarriazarragak kontatu du “gorputzaldi ona” izan duela finalaurrekoetan eta finalean horri eutsi nahi diola. “Inoiz egon naizen momenturik onenean nagoela uste dut”, gaineratu du gernikarrak.

Gorka Pagonabarragak, zortzikoteko gazteena izan arren, badu eskarmentua finaletan: “aurreko finalen oroitzapen onak ditut eta horiek berritzeko gogoz nago”. Bestetik, Jone Uriaren kezka da “gorputzak fisikoki nola erantzungo duen”, haurdun baitago. Nolanahi ere, baikor dago algortarra, finalaurrekoetan “aho zapore gozoa” geratu zaiolako.

Oihana Bartra “gogotsu eta lasai samar” doa finalera, txapelketari motibazio handirik gabe ekin ziola aitortu duen arren: “Bidea eginez piztu zait txapelketan egoteko gogoa”. Kontrara, Txaber Altubek inoiz baino gehiago gozatu du bideaz, azkenik finalera heltzea lortu duelako. “Oso babestuta sentitu naiz txapelketan”, adierazi du abadiñarrak.

Xabat Galletebeitiak onartu du batzuetan kostatu egiten zaiola bere buruarengan konfiantza izatea eta horrek oholtza gaineko jardunean eragiten diola. Barakaldon eroso egon zenez, saio biribila egin zuen; Markina-Xemeinen, ordea, apalago aritu zen. “Beste egun eskas bat izan daiteke finala? Bai, baina ez dut uste hala izango denik”, esan du lekeitiarrak, baikor. “Ondo deskantsatuta joatea” giltzarria izango dela uste du.

Azkenik, esperientziaren talaiatik, Onintza Enbeitak esan du gusturago kantatzen duela gaur egungo txapelketetan orain dela 25 urtekoetan baino, “diskurtso eta kantatzeko modu diferente gehiago” daudelako. Gogotsu doa Casillara, “demostratu nahi diet neure buruari eta Bizkaiko Txapelketari duela 25 urte baino gozagarriagoa dela orain”.

Bertsolaritzaren jai handia izango da abenduaren 20koa, harmaila beteak eta giro beroa espero dira Casillan. Dagoeneko ia 4.000 sarrera saldu dira, baina oraindik geratzen dira batzuk: bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko arduradun Belate Olabarriak azpimarratu duenez, udazkenean jokatutako saioetan ikusle gazte asko egon dira: “ikusi dugu jende gaztea txapelketara hurbiltzen ari dela”.