Asteazken honetan, ekainaren 18an, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Arriaga Antzokiak agur esango dio Lied Arriagan zikloaren hirugarren edizioari. Nuria Rial sopranoa eta Rubén Fdez. Aguirre pianista dira hain berezia den ekimen honi amaiera emateko aukeratutako artistak.

Oraingoan, Rialek eta Fdez. Aguirrek euren obran Frantziako eragina zuten espainiar Estatuko hainbat lekutako egileen konposizioak biltzen dituen errepertorio bat prestatu dute. Ez da kasualitatea, beraz, emanaldirako La chanson de ma vie izenburua aukeratu izana.

Egile askok Frantziarekin zuten harremanari dagokionez, aipatzekoa da bere garaian Felip Pedrell musikologo eta konpositore handiak, zeina musikaren historiara Maisuen Maisu gisa igaro baita, egindako ekarpena. Espainiako musika-tradizionalismoa berreskuratzeaz gain, Europako korronte garrantzitsuekin nahasi zuen. Haren dizipulu guztiek —Granadosek, Fallak, Albénizek, Lamote de Grignonek…—, ia salbuespenik gabe, Parisen eman zuten denboraldi bat, Tortosako konpositoreak gomendatuta.

Senaren hiriburuan urte batzuk ikasten eman ondoren, musika-estetiken eraginez eta hizkuntza ezagutzen zutenez, haietako asko «chansonak» konposatzera ausartu ziren, eta pieza horietako batzuk dira Bilboko publikoak kontzertuan entzungo dituenak. Hain da handia eta ezezaguna konpositore espainiarren abesti frantsesen errepertorioa, ezen material horrekin hainbat errezital egin baitaitezke. Núria Rial ospetsuak, nazioarteko artista handiak, Pedrellen dizipulu batzuen «melodien»aukeraketa bikaina interpretatuko du, baina baita, besteak beste, Rodrigo, Montsalvatge, Mompou, Guridi, Sorozabal, Aita Donostia, Pau Casals, Chapí eta Padilla konpositoreenak ere. Zalantzarik gabe, joan-etorriko musika jai bat izango da.

Hurrengo denboraldian…

Arriaga Antzokiak Lied Arriagan zikloarekin jarraituko du datorren denboraldian, ahotsa eta pianoa uztartzen dituzten sei errezitalekin: Ilker Arkayürek eta Malcolm Martineau (azaroak 4); Ferrán Albrich eta Rubén Fdez. Aguirre (urtarrilaren 27an); Hera Hyesang Park eta Rubén Fdez. Aguirre (martxoak 24); Juan Laborería eta Carmen Santamaría bere Norteñas errezitalarekin (apirilak 14); Iris Candelaria eta Rubén Fdez. Aguirre (maiatzak 19), eta Marisa Martins eta Miquel Ortega (ekainak 9).