Bilbao BBK Live jaialdiak 2025eko kartela itxi du
100 artista baino gehiago bilduko dira Kobetamendin uztailaren 10etik 12ra
KEECAP taldeak osatu du Bilbao BBK Live jaialdiaren artisten zerrenda. Lasai guneko azken berrikuntzak iragarrita eta hiriaren erdialderako Bereziak ekimenaren barruan antolatutako doako programazioaren berri emanda, antolatzaileek itxi egin dute 100 artista baino gehiago bilduko dituen kartela. Jaialdia uztailaren 10etik 12ra bitartean ospatuko da Kobetamendin.
Gatazka eta zentsura nonahi dabiltzan honetan, musika behar-beharrezko bozgorailu dugu oraindik ere. Uztailaren 11n KNEECAP taldea Kobetamendin egotea kultur erresistentziako ekintza bat da: adierazpen-askatasunaren ospakizuna, bidegabekeriak ozenki salatzeko beldur ez direnen aldetik. Belfastetik, Mo Chara, Móglaí Bap eta DJ Próvaí taldekideek probokazio politikoa eta nortasunarekiko harrotasuna dituzte bereizgarri, gaelikoz abestutako rap doinuak punk jarrerarekin uztartuta eta ezarritako botereei erronka jota. Bilbao BBK Live jaialdian besoak zabalik hartuko ditugu beti deserosotasuna eragiten duten, galderak egiten dituzten eta isilik egoteari uko egiten dioten ahotsak.
Lasai. Musikaren abangoardia Bilboko ikuspegi onenekin batera
Intentsitateak konpasa markatzen duen jaialdi honetan, Lasai izango da, ostera ere, erritmoa baretu eta 100 BPM baino gutxiagoko musikarekin lasaitzeko gunea. Entzute aktiboa, pultsu patxadatsua eta presak alde batera uztera eramango gaituzten soinu-narratibak. Iragarria genuen jada lehen egunean Olivia jardungo zela komisario-lanetan, bere ‘textape’ eta guzti, intimitatearen, sonoritatearen eta kolektibotasunaren arteko loturak arakatzen dituen proposamenarekin; orain, berriz, lehen eguneko gainerako artisten berri emango dugu. Ángel Molina handiak saio zehatz eta inguratzailea eskainiko du; Chica Acostaren doinuak baporetsu eta emozionalak izango dira; Lamia Mari donostiar DJk erritmo hibridoak eta tropikalismo deseraikia baliatzen ditu mugimenduaren zerbitzura; eta Verushkak bere presentzia hipnotikoa ekarriko digu, groove inguratzaileen eta testura etereoen bitartez. Bestalde, ostiraleko programazioa ezaguna zen lehendik: Populous, Mattias El Mansouri, Moopie, Toni Bass eta Daniel Kelsan elkartuko dira, beat pausatuak etengabeko bilakaeran dauden atmosferekin uztartzen diren bidaia batean. Larunbatean, Lasai guneko bigarren komisarioaren txanda izango da: Vladimir Ivkovic, kultuzko DJ eta elektronika globalaren funtsezko figura. Ondoan izango ditu Hugo Sánchez, sorta eklektiko eta sofistikatu batekin; Melina Serser, testura delikatuetan eta giro intimoetan barrena nabigatzen; Promising/Youngster (live), giro melodikoa eta emozio digitala eskaintzen zuzenean; eta, eguna amaitzeko, Azu Tiwaline, dub eta Magrebeko erritmoak uztartuta.
Bereziak: musika Bilboko kaleetan zehar
2011. urteaz geroztik, Bereziak ekimenari esker Bilbao BBK Live jaialdiaren espiritua hiriaren bihotzera hedatzen da hiru egunez doako kontzertuak antolatuta. Kreatibo Industriak Fundazioaren eta Bilbao BBK Live jaialdiaren proiektua da Bereziak, musikarekin, kulturarekin eta aniztasunarekin konpromiso sendoa duten erakundeak diren aldetik. Proiektu sozial horren xedea esperientzia paregabea sortzea da, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren katalizatzaile bihur dadin, herritar guztien partaidetza sustatuta eta eraginpeko komunitateari balioa ekarrita.
Uztailaren 10ean, osteguna, Javier Calvo (Los Javis) buru duen Raya Diplomática taldeak emango dio hasiera Berezia programazioari, antzerki-itxurako eta jai-giroko punk-pop ironikoarekin. Hurrengo bi egunetan, musika hiriaren erdialdean zehar hedatuko da, askotariko eta guztiontzako moduko proposamen artistikoen eskutik. Ostiralean Puño Dragón izango dira lehenak, rock melodikoak umore-ukitua izan dezakeela erakutsiko digute; segidan, Estatuko pop independentean zeresan handia emandako Sr. Chinarroren txanda izango da, eta bere ibilbideko abestiak gogoratuko ditu, ironiaz eta malenkoniaz beterik. Egunean zehar, Grande Amore taldeak garage, elektronika eta kostunbrismo galegoa uztartuko ditu, eta La Plata taldekoek synth-pop ilun eta premiazkoa ekarriko digute. Bukatzeko, alde batetik, Azuleja, zeinak sustraidun musikaren bere ikuspegia aurkeztuko digun, ikuspuntu futurista batetik begiratuta; eta, bestetik, Dano, gaztelaniaz egindako rap musikaren arkitekto nagusietako bat, hitza erdigunean jarrita. Larunbata, hilak 12, Bereziak ekimenaren azken eguna izango da eta, hasteko, Sanguijuelas del Guadiana taldeak punk, rumba eta elektronikaren nahasketa izango dugu; eta, jarraitzeko, Ultraligera, gitarra garbien pop emozionalarekin. Geroago, Estatuko queer erreferente ikonikoetako bi arituko dira: La Prohibidak ingurune guztia dantza-pista bihurtuko du bere pop elektronikoarekin; eta Putochinomaricónek glitch-pop aldarria taularatuko du, disidentziaz eta umore garratzez beterik. Azkenik, Bereziak programazioa agurtzeko R&B doinu sofistikatuak izango ditugu Girl Ultrarekin, eta Lua de Santanaren fusio garaikideko proposamenak, berriz, soul erritmoak, funk karioka eta elektronika ekarriko dizkigu, begirada intimo eta sutsu baten pean.
Bilbao BBK Live: musika baino gehiago, bizipen paregabea
Kobetamendiko natura-ingurunean, Bilboko ikuspegi zoragarriak izanik eta hiritik 10 minutu eskasera, Bilbao BBK Live jaialdi bat baino askoz gehiago da: musikatik haratago doan esperientzia da. Kontzertu bakoitzaren hasierako zirrararekin hasi eta jaialdiaren amaierako magiarekin bukatu, edizio bakoitzak arrasto ezabaezina uzten du esperientzia bizi dutenengan.