Síguenos en redes sociales:

Lied Arriagan zikloaren laugarren emanaldia, ikusgai asteartean

Laura Brasó sopranoak, Mikel Uskola kontratenoreak, Rubén Fdez. Aguirre piano-jotzaileak hartuko dute parte

Lied Arriagan zikloaren laugarren emanaldia, ikusgai astearteanB. U.

Astearte honetan, maiatzaren 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Lied Arriagan zikloaren hirugarren edizioaren baitan programatutako bost emanaldietatik laugarrenaz gozatzeko aukera izango dute ikusleak. Bertan, Laura Brasó soprano bartzelonarrak eta Mikel Uskola kontratenore donostiarrak, Rubén Fdez. Aguirre pianoan lagun dutela, bat egingo dute errezital honetan.

Normalean ahots batek eta pianista batek osatu ohi dute Lied Arriagan zikloko kontzertuen artisten zerrenda baina oraingoan bi ahots batuko dira Frantziako musika-literaturaren atal garrantzitsu bat erakusteko: errepertorioa bi ahotsetara. XIX. mendean hain modan jarri ziren Parisko musika-aretoak, ezen konpositore eta interprete ospetsuenek ere parte hartzen baitzuten. Ez da harritzekoa, adibidez, bi emakume abeslari ezagun musika-emanaldi esklusibo batean egongo zirela jakindakoan sortzaile batzuek une horretarako duoak konposatzea. Horrela iritsi dira guregana «mélodies à deux voix» eder eta inspiratzaileak. Errezital honetan, Cesar Franck eta Marie Widor organista ospetsuen duoak entzungo ditugu, bai eta Reynaldo Hahn de Echenagucia enblematikoaren abestiak ere —ama Elena María euskal jatorriko venezuelarra zuen—.

Lied Arriagan zikloa

Emanaldi honen ondoren, beste hitzordu bat geratuko zaigu Arriaga Antzokiak antolatutako zikloaren hirugarren edizioa osatzeko. Ekainean izango da, hilaren 18an, eta Lied Arriagan zikloari amaiera emango dion kontzertua egingo dute Nuria Rial sopranoak eta Rubén Fdez. Aguirrek berak. Datorren denboraldian berriz ere eskainiko da ziklo hau.