2021ean baino distira gutxiagoz, baina heldutasun handiagoz sumatu zuen Nerea Ibarzabalek bere burua Bilboko azken saioan. Beste zazpi finalisten lana ere goraipatu du, denen artean saio ederra eskaini zutelako.

Zer zapore utzi dizu bigarren txapelak?

—Poztasuna, bigarrenez irabaztea atsegina da. Egia da aurten poz lasaixeagoa sumatzen dudala lehenengoan baino, saioa bera ere diferentea izan zen. Aurten hortzak estutzea tokatu zait, sentsazio kontrajarriak izan nituen finalean.

Oraingoan faboritoa zinen txapeldun izateko. Horrek nola baldintzatu zaitu?

—Egonarri handiagoz bizi izan dut, presio sinboliko horri soseguz eran-tzun nahi izan diot. Duela bi urteko saioan su artifizial piloa bota nituen eta, aurten, publikoak ezagutzen izan nau eta ez dut ez naizen ezer agindu nahi izan. Ikasten ere joan naiz, orain dela urte biko Nereak ezin izango zion laprastada bati buelta eman, beharbada. Finaleko zortzikotean, irabazteko hautagai asko zeuden, ez zen nik bai ala bai irabazi beharreko saioa eta, irabaztekotan ere, lehia estu baten ondorio izango zela garbi neukan. Irabazi ez izana ez zen drama bat izango niretzat.

Gogoratzeko moduko bertsoren bat botatzea edo arrastoa uztea zen zure helburuetako bat. Asmo hori bete zenuen?

—Momentu batean uste nuen ez nuela lortuko, baina buruz burukoan berotu edo askatu egin nintzen. Azken ganbarakoan laguntasunari gorazarre moduko bat egin nuen, bestelako etorkizun bat marraztea lortu nuen, bertsoaldi hori zalantzati hasi arren. Ez nekien funtzionatuko zuen egitera nindoanak, irtengo ote zen zerbait ideia horretatik. Bertsoa bidean egiten joan nintzen eta sorkuntza horretan gozatu nuen. Azken batean, ez dakigu zer gai etorriko diren saioan eta, tokatzen denaren barruan, disdira egitea da erronka. Esango nuke zortziok lortu genuela jendearengan markatxoa uztea.

Lehenengo ariketan, behar baino silaba bat gehiago joan zitzaizun. Nola eman zenion buelta huts horri?

—Formulazio zailarekin hasi nuen bertsoa eta, kantatu ahala, desegiten joan zitzaidan pentsatutakoa. Ondoren, nire zati bat haserre jarri zen eta beste zati bat, trankil. Pentsatu nuen akaso txapela hor galdu nuela, erlaxatu egin nintzen nolabait. Zorionez, beste aldeak ere tira egin zuen eta pentsatu nuen bertso on batek aurreko hutsa estali zezakeela.

Buruz burukoan sartzea espero zenuen?

—Xabat [Galletebeitia] ikusten nuen ziur, besteok hankasartzeren bat egin genuelako, eta bigarren lekua irekiagoa ikusten nuen. Desaktibatu samar amaitu nuen lehenengo fasea, ez nuen uste kantatzen segitu beharko nuenik. Buruz burukoan nengoela jakin eta berehala, ahalegin handia egin behar izan nuen berriro kantuari ekiteko. Pozik nago, Jonek [Uria] eta biok lortu genuelako saioari erremate ona ematen. Aurreko fasean baino trankilago ibili nintzen.

Jone Uriaren ondoan gustura kantatu zenuen.

—Konfiantza handia transmititzen du, garantia da Jonerekin kantatzea. Lasaigarria da, norbera pixka bat deskolokatuta dagoenean, albokoa hain seguru ikustea. Orain dela bi urteko buruz burukoa ere partekatu genuen, eta plazako momentu eder asko ere bai. Miretsi egiten dut Jone, orain arte txapelaren ateetan geratu izan da, baina egunen batean helduko zaio momentua.

Berdintasun handia egon zen finaleko puntuazioetan, sei bertsolari ibili zineten txapelaren bueltan.

—Bizkaiko bertsolaritzak duen maila onaren adierazgarri da. Denok eman genituen ale onak, detaile txikiek erabaki zuten finala. Oholtzan zortzi bertsolari handi egon ginen, bakoitza bere ahotsetik kantatzen. Batzuk lehenengoz finalean, beste batzuk bigarrenez, beteranoak ere bai… Elkarrengandik ikasten dugu. Finalaurreetatik egon da maila bikaina, espero dut luzaro iraungo duen katea izatea.

Gehienetan, txikitik heltzen diezu gaiei, jende arruntaren bizipen eta sentimenduak ardatz. Nahita egindako hautua da?

—Nire izaeraren parte da. Kantatzen dudanean hunkitzen banaiz, publikoaren hunkidurara bidezidor laburragoa hartu behar dut. Arrazoiketa pisutsuetan baino, sentitzen dudana transmititzen aritzen naiz erosoago, txikitasunean ere badago politikotasun handia. Gaia entzuten dudanean, nire bizipenetatik urrun egon arren, enpatia bilatzen saiatzen naiz sor-tzen ari naizen pertsonaiarekin. Sinesgarritasunaren giltza da.

2021ean Bizkaiko Txapelketa irabazi, 2022an Txapelketa Nagusiko finala eta 2023an berriro Bizkaian nagusi. Hiru urte intentso izan dira?

—Pandemian oso ezkor egon nintzen, uste nuen ez ginela lehengora bueltatuko bertsolaritzan, baina nire bizi-tzako urterik gogoangarrienak hiru hauek izan dira. Pozten naiz ez etsi izanaz, bertsoa bizitokitzat aukeratu izanaz. Dena dela, ezin da olinpiadetan bizi urtero, barealdia ere behar dut. Aurtengo txapelketarako, iaz Nagusirako baino prestakuntza txikiagoa egin dut, ezin dut hainbeste motibazio birsortu, modu duinean eusten saiatu naiz eta emaitza eman du. 2024an, lasai.

Norentzat da txapel hau?

—Inguruan ditudanentzat, bizikideentzat: ama, lagunak, bikotekidea. Hiru urteotan ez naiz behar beste egon haiekin, eta haiek nirekin beti egon dira.