Eguerdiko 12:00etan, 58. Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldia hartu du San Agustin Kultu Gunean dagoen Szenatokiak. Aurten ere, Gerediaga Elkarteko, erakundeetako, eskualdeko agintari, elkarteetako eta babesle publiko eta pribatuetako ordezkariak izan dira agerraldian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek hartu dute hitza, eta, ondoren, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak egin du irekiera ofizialeko irakurketa. Amaieratik hasita, “hunkigarria izaten da Durangoko Azokari hasiera emateko une hau, eta aurten ere horrelaxe da. Ilusioz beterik gatoz. Izan ere, bost egun eder ditugu aurretik, fantasiaz beteriko bost egun. Berriro ere kulturaren topagune bihurtuko da Durango, eta egitarau oparoa daukagu: literatura solasaldiak, kontzertuak, zinea, arte eszenikoak, erakusketak, tailerrak, ipuin kontaketak, mahainguruak…”, azaldu du Mujikak, egitarauko 265 ekintzei balioa emanez.

Anfitrioi gisa, hitza hartu duen lehena Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea izan da. “Aldi baterako euskararen eta euskal kulturaren Euskal Herriko agertoki Nagusia bilakatu da Durango. Argi daukagu Durangoko Azoka Durangotik haratako doan ekimen eta proiektu fantastikoa dela eta zuen guztion laguntzarik gabe fantasia hutsean geratuko litzateke”, eskertu du. Zentzu horretan ere, Zupiria sailburuak Durangoko Azokaren garrantzia azpimarratu du. “Fantasia da” lelopean dator aurtengo edizioa baina “Durangoko Azoka benetakoa da, egiazkoa; bilgune garrantzitsua da. Beste gauza askoren artean bertan egiten dute topo sortzaileek eta irakurle, musika-entzule eta erosleek. Sorkuntza eta kontsumoa dira bermatu eta sendotu behar ditugun zutabeak euskaraz sortutako eta ekoitzitako kulturak iraupena izan dezan”, adierazi du.

Ondoren, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek hartu du hitza. "Poz berezia ematen dit 58. edizio honetan egoteak. Urtero, azoka une berezia izaten da gure kultura eta euskararekiko dugun konpromisoa partekatzeko", zehaztu du.

Amaitzeko, fantasiaren sormenak lekua izan du, dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA performance estreinaldiarekin. Taula gainean Amaia Lejarreta artista durangarra eta Janire Etxabe dantzari bertikala egon dira.