Astelehen honetatik hasita eta datorren igandera arte, Donostiako Zinemaldiaren azken edizioko parrillaren lagin txiki bat jasoko du Azkuna Zentroak. Sarrerak dagoeneko salgai daude 5 euroan, 4 euroan AZ txartela izatekotan. Golemen eta Azkuna Zentroko zinema-lehiatiletan eskura daitezke.

Gaur goizean egindako aurkezpen-prentsaurrekoan izan dira José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria; Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria; Hovik Keuchkerian, Isabel Coixetek zuzendutako Un amor filmeko aktorea, aurtengo Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra; eta Marisa Fernández Armenteros, filmaren ekoizlea.

Zinemako eta ikus-entzunezkoetako programazio-ildoaren barruan, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan, Azkuna Zentroak urtero proiektatzen du Zinemaldian aurkeztu diren filmen sorta bat jaialdia itxi ondoren.

Aurten, zikloak zuzendari ospetsuen eta talentu berrien filmen aukeraketa dakar, baita haur eta familiarrentzako filmena ere, zinema eta ikus-entzunezko ekoizpen garaikidea belaunaldi gazteenetara hurbilduz. Urriaren 7an, larunbata, eta 8an, igandea, goizeko zinea izango da, animaziozko bi filmekin.

Filmak

Zikloa gaur arratsaldean irekiko da Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu duen Un amor filmarekin, Sara Mesaren izen bereko eleberriaren egokitzapen filmikoarekin. Laia Costa eta Hovic Keuchkerian dira protagonistak eta Isabel Coixetek zuzendu du. Pelikulak, Feroz Zinemaldia Saria eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra Keuchkerianrentzat irabazi ditu. Nat, hogeita hamar urte ingurukoa, La Escapa herri txikian dago, Espainia landatarraren sakonenean. Erortzear dagoen landetxe batean, zakur basati zakar batek lagunduta, bere bizitza berreraikitzen saiatuko da neska gazte hau. Bere etxejabearen etsaitasunari eta herriko biztanleen mesfidantzari aurre egin ondoren, Andreas bizilagunaren proposamen sexual kezkagarri bat onartuko du, halakorik egingo zuela pentsatuko ez bazuen ere.

Sail Ofizialetik ere beste hiru film aurkezten dira: Un silence, familia drama, Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil protagonista dituena eta Joachim Lafossek zuzendua, Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2015ean, Los caballeros blancos filmarekin.

Thomas Liltiren Un Métier Sérieux ere proiektatuko da, irakasleei buruzko hausnarketa sozial argia, dibertigarria, hezigarria eta hunkigarria; eta Puan film argentinarra, Marcelo Subiotto, Leonardo Sbaraglia eta Julieta Zylberberg protagonista dituen tragikomedia, María Alché eta Benjamín Naishtat zuzendari dituena. Azken zinta honek Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi du, eta Marcelo Subiotto aktoreak, Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra

Zinemaldiaren edizio honetan parte hartu duten zuzendari berrien artean, Carefree Days aurkeztuko da Bilbon, Liang Ming zuzendari txinatarraren bigarren film luzea. Ban Yu idazlearen izen bereko eleberri batean oinarrituta dago filma, eta gaixorik dagoen eta munduan bere lekua aurkitu nahi duen neska gazte bat aurkezten du.

Perlak saileko zintak Estatuan argitaratu gabeko film luzeen aukeraketa batekoak dira, urteko nabarmenenak, kritikak goraipatuak edota nazioarteko beste jaialdi batzuetan sarituak.Aurtengoak honako hauek dira:

Anatomie d'une chute, Justine Trietena. Bere senarra hil izana leporatzen dioten alargun baten prozesua kontatzen duen film honek Cannesko azken Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuen.

Io Capitano, Italia-Belgika-Frantzia koprodukzioa, Matteo Garronek zuzendua. Odisea garaikide honetan, gazteek oztopo ugari gainditu beharko dituzte basamortuan eta itsasoan zehar bizirik irautea lortzeko borrokan. Film honek Europako Film Onenaren Publikoaren Saria irabazi du.

Perfect Days, Japonia-Alemania koprodukzioa, Wim Wendersek zuzendua, edertasuna eguneroko bizitzan bilatzeari buruzko gogoeta hunkigarri eta poetikoa.

Azkuna Zentroko Auditorioan partekatuko diren Perlak saileko proiekzioen zerrendarekin bat egin du La Memoria Infinita, Sundanceko Jaialdiaren iazko edizioan Epaimahaiaren Dokumentala Saria irabazi zuen film txiletarrak. Augusto eta Paulina aurkezten ditu, 25 urte elkarrekin daramatzan bikotea. Augustori duela zortzi urte Alzheimerra diagnostikatu zioten eta biak beldurra diote azkenean Paulina ezagutuko ez duen egunari.

Azkuna Zentroko Donostia Zinemaldiaren zikloak euskarazko bi saio izango ditu asteburuan, haurrentzat eta familientzat pentsatuak. Batetik, Superheroien Familia, superheroien filma, Rasmus A. Sivertsenek zuzendua; eta, bestetik, Ali Samadi Ahadiren Ilargirantz, Alemaniako haurrentzako libururik ezagunenetako batean oinarritutako animaziozko film luzea, astronauta izatea amesten duen Pete txikiaren istorioa kontatzen du, bere aitak bezala.