100 artista baino gehiago bilduko ditu aurten Bilbao BBK Live jaialdiak
Datorren astean, uztailaren 6an, 7an eta 8an konkretuki, Kobetamendin ospatuko da Bilbao BBK Live jaialdia. Aurten, ehun artista baino gehiagok hartuko dute parte goi mailako jaialdi honetan, horien artean Arctic Monkeys, Florence + The Machine, The Chemical Brothers, Phoenix edo Pavement bezalako nazioarteko artistak.
Prentsaurrekoa izan da gaur Bilboko Lasai gunean, eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Otxandianok, eta Last Tour enpresako CEOak, Alfonso Santiagok, edizio honetarako artista-zerrenda osoa eta berrikuntzak aurkeztu dituzte.
Bilbao BBK Live nazioarteko ekitalditzat har dezakegu jada, eta esperientzia sinestezina bizitzea bermatzeko osagai guzti-guztiak biltzen ditu hiru egunetan: musika ona, askotariko publikoa eta dibertsioa naturagune paregabe batean; hori guztia munduko gastronomia onenarekin onduta.
Bilbao BBK Live Kobetamendin
Hamazazpigarren edizioa ostegunean, uztailak 6, hasiko da; egun horretan, Florence + The Machine talde britainiarra Euskal Herrira itzuliko da, eta ezinbesteko artista gehiago ere arituko dira, hala nola The Chemical Brothers, Fever Ray, M83, Arca edo Villano Antillano. Lehen egunean, Desire, Ry X, Dry Cleaning, Friolento, Art School Girlfriend eta eee gee ere ikusi eta entzun ahal izango ditugu. Estatuko musikariei dagokienez, Amaia, Delaporte, Colectivo Da Silva eta, Bartzelonatik zuzenean, Alex Serra & Totidub, Playback Maracas eta Faxu etorriko dira. Eta, beti bezala, jaialdian ohikoa den euskolabela: Txopet eta Bengo gipuzkoarra.
Ostiralean, uztailak 7, 90eko hamarkadan lider izan zen Pavement talde ikonikoa agertoki gainera itzuliko da berriro, eta 2023an Estatu osoko kontzertu bakarra izango da; Frantziatik etorrita, Phoenix taldeari esker denboran atzera egingo dugu bidaia, laurogeita hamarreko eta 2000ko hamarkadako indie arrakasta handien bitartez. Róisín Murphy polifazetikoa eta britainiar technoaren buru den Daniel Avery live bertsioan ere izango ditugu ostiraleko line-upean, lehendik iragarritako The Blaze, Jamie xx eta Dukirekin batera. Nanpa Básico, Bilbao, The Murder Capital eta Tinariwen taldeen txanda izango da jaialdiaren bigarren egunean.
Estatuko talentuari dagokionez, Morgan, La Élite, Baiucaren folklorea eta Cala Vento hurbilduko zaizkigu, Albany, La Plazuela, Dudi eta Maria Escarmientoren doinu urbanoekin batera. Getxotik Dadabe, baita Rüdiger ere.
Jaialdiaren azken txanpan Arctic Monkeys taldea izango da zerrendaburu, line-upean bilduz Idles, Röyksopp, Love of lesbian, 070 Shake, Perfume Genius edo Neo Pistea. Young Fathers, Miss Grit hegokorear-estatubatuar cyborg-a eta merkatuan single bakarra kaleratu duen The Last Dinner Party izango dira egun horretako nota diskordanteak. Larunbatean gitarrak izango dira protagonista jaialdian: La Paloma madrildarrak, Menta, Arde Bogotá edo Merina Gris. Panorama urbanoari dagokionez, Judelineren samurtasuna eta HOFE x 4:40 proiektuaren soinu-fusioa eta sekulako zuzenekoa eskaintzeaz gain, Rojuu eta Ben Yart artistek osatuko dute larunbateko programazio urbanoa. Irundik iritsiko zaizkigu Eneritz Furyaken post-folk doinuak. Jaialdiarekin zerikusirik ez duten arrazoiak direla medio, The Lathums eta Toccororo taldeek ez dute joko, azkenean, jaialdian.