Síguenos en redes sociales:

Arriaga Antzokiak 'Cantando bajo la lluvia' musikala jasoko du maiatzean

Arriaga Antzokiak Àngel Llàcer eta Manu Guixek zuzendutako Cantando bajo la lluvia izeneko musikala jasoko du maiatzaren 11tik 21era bitartean. Hamar egun horietan, 16 emanaldi eskainiko dira Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan 250.000 ikusle baino gehiago bildu ondoren.

Àngel Llàcer eta Manu Guixek osatutako tandemak, joan den udan Arriaga Antzokian La jaula de las locas antzezlanarekin izugarrizko arrakasta izan ondoren, Cantando bajo la lluvia lanaren muntaia zuzentzeaz arduratu da eta, horrez gain, Miryam Beneditedek ere errepikatzen du, koreografien arduradun gisa. Izan ere, hirukote sortzaileak aurrera eraman duen hirugarren musikala da hau, haiena baita ere La tienda de los horrores.

Hiru aste barru, Bilbora iritsiko da Cantando bajo la lluvia, inoiz egin den komedia musikal erromantikoena, Adrià García —Don Lockwood-ena egiten— eta Diana Roig —Kathy Selden— protagonista dituela. Antzezle taldea luxuzkoa da, eta haren parte dira ere Ricky Mata —Cosmo Brown-en paperarekin— eta Mireia Portas —Lina Lamont-ena egiten—; azkenari “Musikaleko emakumezko aktore onena” Talía Saria eman diote orain gutxi paper horrengatik.

Ikuskizunak ikusleen eta kritikaren balorazio onenak jaso ditu eta, guztira, 25 aktore eta dantzari, eta bederatzi musikariz osatutako orkestra bat jartzen ditu agertokian. Cantando bajo la lluvia, zalantzarik gabe, Broadwayko komedia musikal ospetsuena da. Ikuskizuna ikusle guztientzat pentsatuta dago, eta testu dibertigarriena, koreografia onenak eta dagoeneko antzerki musikalaren himnoak diren abestiak uztartzen ditu, hala nola “Singin' in the Rain”, “Good Morning” edo “Make 'em laugh”. Sentiberatasunez, umorez, zinemaren zaleentzako keinuz eta dantza-saio ikusgarriz beteriko maitasun-istorio bat da, hogeiko hamarkadako glamourrez beteriko Hollywood-ean girotuta dagoena. Izan ere, komedia klasiko honek, Betty Comden eta Adolph Greenen gidoiarekin, ikuslea hunkitu eta zirrara egiten dio irudikatzen den maitasun-istorio ederrarekin, eta, aldi berean, iraganera eramaten du, soinudun zinemaren hastapenak eta horren inguruko sekretu guztiak erakusteko.

Ekoizpen handia

Muntaiak 1952an Estatu Batuetan eta urtebete geroago, 1953an, Espainian estreinatu zen pelikula mitikoaren 70. urteurrena ospatzen du, eta ekoizpen handi gisa diseinatuta dago. Horregatik, bere konplexutasuna dela eta, antzoki gutxik bete ditzakete musikalaren baldintza teknikoak, eszenografia oso handia delako. Gainera, egitura handiei proiekzioaren 60.000 lumenak gehitu behar zaizkio, eta teknologia berriena darabilen sistema bat, gauero “Singin' in the Rain” ikonikoan agertokiaren gainean 1.000 litro euri egitea ahalbidetzen duena. Baldintza horiekin, bira “soilik” sei hirira iritsiko da, eta Bilbo eta Arriaga Antzokia izango dira lehen geltokia.

Sinopsia

Zinema mutuko Don Lockwood eta Lina Lamont izarrek arriskuan ikusten dute beren ibilbide profesional bikaina ustekabeko iraultza bat dela eta: zinema soinuduna iritsi da. Lockwoodek, haurtzaroko lagun Cosmo Brownekin eta Kathy Shelden aktore ezezagunarekin batera, borroka egin beharko du ahotsa eta musika funtsezkoak diren film berrietan arrakasta izateko.

Emanaldiak

  • Maiatzak 11, osteguna - 19:30
  • Maiatzak 12, ostirala - 18:00 eta 21:30
  • Maiatzak 13, larunbata - 18:00 eta 21:30
  • Maiatzak 14, igandea - 17:00 eta 20:30
  • Maiatzak 16, asteartea - 19:30
  • Maiatzak 17, asteazkena - 19:30
  • Maiatzak 18, osteguna - 19:30
  • Maiatzak 19, ostirala - 18:00 eta 21:30
  • Maiatzak 20, larunbata - 18:00 eta 21:30
  • Maiatzak 21, igandea - 17:00 eta 20:30