Apirilaren 15ean, larunbata, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Arriaga Antzokiak berak ekoitzitako Alessandro Scarlattiren 'Cain, overo il primo omicidio' izeneko oratorioa aurkeztuko du.
Oratorio hau maisulana da, perfekzio estruktural eta estilistiko handiko konposizioa. Izan ere, esan daiteke erabateko opera bat dela, ofizialki horrela sailkatuta ez dagoen arren. Cain, overo il primo omicidio azpimarratzekoa da egile italiarraren ahotsekoizpen harrigarriaren artean, zeinak 600 kantata, 120 opera eta 40 oratorio inguru konposatu baitzituen.
Orain, Arriaga Antzokiak obra musikal bikain hura aurkezten die ikusleei, kalitate handieneko elementuak dituen ikuskizun baten bidez. Hala dela berretsi du muntaia zuzentzen duen “bikoteak”. Izan ere, Arriaga Antzokiaren ekoizpen propio honetan, Carlos Mena kontratenor prestigiotsua, nazioarteko aintzatespena duena, arduratu da musika-zuzendaritzaz eta Tatjana Gurbaça, berriz, eszena-zuzendaritzaz. Alemaniarra puntako zuzendarietako bat da nazioartean, eta mundu osoan egiten du lan. State Theatre Mainz-eko opera-zuzendaria izan zen.
Scarlattiren musikaren interpretazioa sei bakarlari bikainek eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) egingo dute, eta horiei bi emakumezko aktoreren eta gizonezko aktore baten ekarpena gehitu behar zaie, lankidetza berezi gisa.
Carlos Menak berak, ikuskizunaren zuzendaritza musikalaz arduratzeaz gain, Jainkoaren rola (Voce di Dio) interpretatuko du, beraz, Cain, overo il primo omicidio honetan bere ahotsak batuko dituzten sei abeslarietako bat izango da. Beste bostak ere bakarlari bikainak dira eta, gazteak izan arren, ibilbide oso egonkortua dute. Josu Cabrerok jarriko dio ahotsa Adami eta Sonia de Munck arduratuko da Evarenaz; Christian Borrelli Kain izango da, eta Lucía Caihuela Abel. Amaitzeko, Ferran Albrich izango da Luziferren ahotsa (Voce di Lucifero).
Horrez gain, Jainkoak eta Luziferrek bere aktore-erreplikak izango dituzte. Emakumezko bi aktorek antzeztuko dute Jainkoa, ikuspegi bikoitz batean: batetik, Ane Guisasolarena (Jainkoa ama) eta, bestetik, Ainhoa Artetxerena (Jainkoa alabaren bertsioan erakutsiz). Luziferren rolak, berriz, Gaizka Chamizoren aktore-erantzuna izango du. Hiru antzezpen horiek gorputzaren eta adierazpenaren bidez soilik garatuko dira, Carlos Menaren (Jainkoa) eta Ferran Albrichen (Luzifer) emanaldietan izango dituztelako beren alter ego ahostunak.
Lehen homizidioa
Arriaga Antzokiaren produkzio berri honek Alessandro Scarlatti Napoliko jenioaren arteaz gozatzeko aukera ederra eskainiko digu. Gizakiaren lehenengo ekintza kriminalaren traman murgilduko gaitu, paradisuko giro idilikoan eta berezko giza sentimenduen borroka sakonean. Scarlattik askotariko karaktereen eta afektuen paleta inprimatzen du musikalki pertsonaia bakoitzean, eta, horien bidez, diskurtso dramatikoa gure kulturaren lehen fratrizidiorako bidaia handi bihurtzen da, Kainek Abelen aurka egindako fratrizidioaren istorio biblikorakoa, alegia.
Bere kontakizuna sexuz, krimenez, dramaz eta umorez beteta dago. Jainkoa eta deabrua agertzen dira eta borroka egiten dute giza arima eramateko. Lanak oreka barroko liluragarria du, lau "giza" pertsonaien (Eva, Adam, Kain, Abel) kontzeptuak bi jainkoren tentsioak jasotzen ditu, bata gorenetik -“Voce di Dio”-, eta bestea sakonetik - “Voce di Lucifero”-. Emozioak eta grinak kolorez eta xehetasunez betetako musikaz islatzen dira arietan, sukarraldien antzera.
Oratorio honetan daude mitoari egin diezazkiokegun oinarrizko galdera guztiak: Nola iristen da gaizkia mundura? Jainkoak zergatik jartzen dizkie probak gizakiei? Nola aurkitu bide zuzena? Gure zoriona fedearen mende jarri behar al dugu? Prozesuan, Kain gizaki alderraiaren ikur bihurtuko da, zalantza egiten duen eta bila dabilen gizakiaren ikur, baina, beste alde batetik, ezagutzaren jabe ere bada, eta maitatzeko eta desiratzeko gehiegizko ahalmen horrekin, gizakiaren beraren ikur ere izango da. Harekin batera konturatuko gara gure barnean bilatu behar dugula beti jainkotiarra dena eskatzen dugunean