Datorren ostegunetik, urtarrilak 12, igandera bitartean, hilak 15, Arriaga Antzokiak Miguel Delibesen 1981eko 'Los Santos Inocentes' izeneko obra jasoko du, Fernando Maríasek eta Javier Hernández-Simónek antzerkirako moldatutakoa.

Hernández-Simón bilbotarra arduratzen da, gainera, antzezlan hau zuzentzeaz, antzezle-talde bikain batekin: Javier Gutiérrez, Yune Nogueiras, José Fernández, Pepa Pedroche, Marta Gómez, Raquel Varela, Fernando Huesca, Luis Bermejo eta Jacobo Dicenta-rekin.

Miguel Delibesen 'Los santos inocentes' geure burua begiratzeko ispilu bat bezala aurkezten zaigu. Gizarte gisa. Gizabanako gisa. Eta, ispilu guztiek bezala, gure iraganaren isla itzultzen digu, gure oraina azaldu ahal izateko. Parez pare jartzen digun irudia gordina, ederra, basatia da… baina, batez ere, erabat gizatiarra.

Delibesek hain unibertso sendo eta egiazkoa sortzen du, non batzuetan autoreari berari gailentzen zaiola baitirudi. Garai bateko Espainiaren gaineko begirada zuhur eta errukigabe batetik sortutako pertsonaia bikainak bizi dira hor, eta begirada hori gizakiaren, munduaren eta, zalantzarik gabe eta batez ere, gaur egungo Espainiaren gainekoa ere bada. Delibesek ez du bere eleberrian garai batean izan ziren eta jada ez diren inguruabar eta pertsonaiak erakusten. Aitzitik, ohartarazten digu zirkunstantzia eta pertsonaia horiek ez zirela inoiz erabat joan, hor jarraitzen dutela, beste forma batzuekin bada ere, indar berriekin itzultzeko aukeraren zain.

Eta, hain zuzen, egokitzapen honetan itzultzen dira, zeinak eleberrirako bestelako hurbilketa bat proposatzen baitu. Marías eta Hernández-Simónen lehen planteamendu irmoa eleberriaren ilustrazio hutsa baztertzea izan da. Aberasgarriagoa eta kitzikagarriagoa iruditu zaie, eta baita jatorrizkoarekiko begirune handiagokoa ere, bere egitura harrigarria paragrafoz paragrafo desmuntatzea, gauza bera kontatuko duen beste egitura batekin eratzeko. Eta beste erabaki garrantzitsu eta guztiz kontziente bat izan da Mario Camusek 1984an filmatu zuen film mitikoaren begirada baztertzea. Film horrekin, pantailak eta txartel-lehiatilak irauli zituen, eta erretina kolektiboan betirako finkatu zituen Paco, Baxua eta Azarias izenak. Antzerki-proposamen honek gaurko begiradatik berrinterpretatzen ditu pertsonaiak.

Azariasengan heroi anomaloaren arrastoak ikusi ditugu, bihotz handi isila Regularengan, duintasunez eta itxaropenez betetako begirada Nievesengan, dena kaltetzen duen eta dena kaltetu nahi duen Ivanengan gaiztakeria zigorgabea. Paco, bere etsipen sutsuarekin, gehien axola zaigun pertsonaia da 'Los santos inocentes'-en. Paco, Baxua, galdera da, eta gutako bakoitza, erantzuna.