Datorren asteko asteartean, azaroak 8, arratsaldeko 19.30etik aurrera, "Bestearen begirada" antzezlana antzeztuko da Bilboko Campos Elíseos Antzokian, indarkeria eta terrorismoaren biktimak ikusgarri egiteko ekimenaren barruan.
María San Miguelek idatzi eta Chani Martínek zuzendutako lan hau, 43-2 Proiektuaren eskutik, "Rescoldos de paz y violencia, trilogía sobre la violencia y el proceso de paz en Euskadi" lanaren barruan kokatzen da.
“Langraitz bidea” izenekoaren testuinguruan biktimen eta biktimarioen artean egin ziren bilerei heltzen die gidoiak. Protagonismoa hiru pertsonak daukate: bitartekariak, biktimak eta biktimarioak. Hirurek gai hau aztertuko dute: “Gauza gehiagok elkartzen ala bereizten gaituzte besteengandik?”. 2010aren amaieran, gutun bat atera zen Langraizko kartzelatik (Araba), ETAko disidente talde batena; gutun hartan, adierazten zuten nahiko luketela biktimen senideekin egon. “Bestearen begirada” antzezlanean, topaketa horren istorioa antzezten da. Nola prestatu zen, eta nola gauzatu.
Antzezlana amaitutakoan, mahai-inguru bat egingo da. Inés Nuñez eta Dori Monasterio biktimek parte hartuko dute, euren bizitzako esperientzia azaltzeko.
Bakerako eta Bizikidetzarako Foroa
Bakerako eta Bizikidetzarako Bilboko Foroa 2017ko urrian sortu zen, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa.
Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostu eta horien inguruan lan egitea da. Enpatiaren, elkartasunaren, erantzukizunaren, konpromisoaren, tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuaren balioetan oinarrituta, Bilboko Foroak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aintzatestea, elkarrizketa ahalbidetzea bai biktimekin, bai euren artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aintzatesten eta babesten dituen lege-esparru bat garatzen jarraitzeko".
Bilboko Foroak 20 kide ditu, eta haien artean biktimak, alderdi politikoak eta bakearen eta bizikidetzaren arloko adituak daude.
- Antzezlana ikusteko beharrezkoa da gonbidapena eskatzea, e-mail bat bidaliz (izen-abizenak eta ordezkatzen duzun entitatea adierazita), azaroaren 4a (barikua) baino lehen. Leku guztiak bete arte.