BilbaoArte 'Jade' erakusketa jasoko du
Pintura gustokoa dutenek plan berezi bat izango dute Bilbon, BilbaoArte Fundazioak Natalia Suárez Ortiz de Zarate artistaren 'Jade' izeneko erakusketa jasoko baitu. Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da 17:30etatik 20:30etara, urriaren 14ra arte. Jaiegunak eta asteburuak, itxita.
2021ean ekoizpen-zentroan beka jaso zuen artistak, azken urtean egindako olio-pinturen eta tinta japoniarreko marrazkien aukeraketa batekin beteko du arte erakusketa aretoa.
'Jade' gauzatzeko, Bilbon finkatutako artista arabarrak BilbaoArten egoiliar izan zenetik gaur arte ekoitzitako lanen artean aukeraketa egin du. Izenburuak izen bereko arrokaren kolore berde bereizgarria aipatzen du, azken aldian artistaren tonalitate-paletan oso presente egon dena. Era berean, izenburu hutsala ere bada, ikusleak piezei buruz egiten duen interpretazioarekin osatzeko askatasuna har dezan.
Oraingo honetan, aretoa hiru espazio irekietan banatzen da, aretoaren berezko arkitektura ezkutatzen ez dutenak. Obra nagusia formatu ertaineko triptikoa da, aurten bertan egina, eta errepikapena eta gizakien itxurak nabarmentzen dira bertan. Nataliak onartu du seriean lan egiten duen lehen aldia dela, olio-pintura lehortzeko denboren ondorioz, aldi berean hainbat mihise garatzeko joera duelako.
Margolanen artean Ertibil bekarekin Japonian egindako lanetako batzuk daude, tintaz egindako marrazkiekin osatzen direnak, paperetan eta pintzel japoniarrekin eginak. «JADE»-n ikusgai dauden obra guztietan, pintura garaikidearen berezko aldarrikapena dago, medio bereko hizkuntzatik abiatuta, eta ez kontzienteki egindako ekintza gisa, baizik eta barne-munduaren adierazpen gisa.
Erakusketarekin batera doan katalogoak Nataliak azken urteotan zirriborro-koaderno gisa egindako margolan eta marrazki ugari biltzen ditu, eta Mayi Martiarena artistaren poesia bat ere bai, ex profeso egina.
Artistari buruz
Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Vitoria-Gasteiz, 1994) Bilbon bizi da. Pinturan eta marrazkian oinarritzen da bere lana, nahiz eta arte eszenikoen mundua ere arakatzen duen Tripak konpainiaren barruan. Azken urteotan banakako erakusketak egin ditu, besteak beste, honako hauek: “AI, PUNA” (Rekalde Aretoa, Bilbo) eta “DIENTE DE LECHE” (Montehermoso, Vitoria-Gasteiz). Era berean, hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du; besteak beste: “Confi” Aire Galerian (Bilbo), “Estudiotik at” Tabakaleran (Donostia) edo XVI AMP “Markak” Okela Sormen Lantegian (Bilbo).