Arriaga Antzokiak La cazadora de mitos filmaren erabateko estreinaldia hartuko du datorren astean. Zehazki, bi emanaldi eskainiko ditu: martxoaren 30ean, asteazkena, 19: 30ean, eta 31n, osteguna, ordu berean. Jakinarazi dutenez, antzerkia, zinema, musika eta animazioa uztartzen dituen proposamena da.

Naiel Ibarrola (zuzendaritza artistikoa), Martín Ibarrola (gidoia) eta Roberto San Sebastián (ikus-entzunezkoen zuzendarikidea) bertako mitoak berreskuratzen dituen proposamenarekin datozkigu, eta hizkuntza eszeniko berrien bidez magiaz eta fantasiaz betetako istorioa aurkeztuko dute. Marta Eguilior ezaguna eta ospetsua da, batez ere, ikuskizun lirikoetan egindako zuzendari lanagatik; oraingoan, bera arduratu da ikuskizunaren zuzendaritza eszenikoaz.

La cazadora de mitos antzezlanak proiektua benetan erakargarri bihurtzen duten hainbat elementu ditu. Oholtzan, “bi antzezle baino ez”, protagonistak hezurmamitzen: Naiel Ibarrola bera, Pianista Mutuarena egiten, eta Leire López del Pueyo, Ehiztariarena egiten. Beste antzezpen batzuk pantailen bidez proiektatzen dira, zinemak garrantzi handia baitu ikuskizun honetan. Azken hilabeteetan eszena ugari filmatu dira kanpoaldean aktore oso ezagunekin eta horiek dira ikusleek proiektatuta ikusiko dituztenak. Zerrendak den-dena esaten du: Javier Gurruchaga (Narratzailea), Ramón Ibarra (Galdetzailea), Mikel Losada (Azpiri), José Luis Esteban (Madriles), Leire Ormazabal (Bienvenida), Iñaki Urrutia (Markesa), Jon Ariño (Uuu jauna), Miriam K. Marchante (Errena), Loli Astoreka, Ylenia Baglietto, Alfonso Díez, Iñaki García, Karmele Larrinaga eta Esther Velasco (Musak).

Naiel Ibarrola zuzendari artistikoak La Cazadora de Mitos sortzeko prozesua defendatzen du. “Bi urte daramatzagu unibertso honetan murgilduta. Buru-belarri aritu naiz marraztutako lerro bakoitzean, soinu-bandaren nota bakoitzean eta filmatutako plano bakoitzean — azaldu du musikari eta ilustratzaileak—. Baina, batez ere, talde osoaren talentu ikaragarri handiaren erakustaldia izan da. Elkarrekin, lortu egin dugu agertokia izatea magiak benetan bizirik dirauen leku bakanetako bat”. Martin Ibarrola idazlea da ikuskizun honen gidoigilea, bertako mitoak berreskuratu eta fantasiaz beteriko narrazio bat aurkezten duena. “Memoria kolektiboa uste baino hauskorragoa da eta behinola gure gizartean arrastoa utzi zuten pertsonaietako asko desagertzeko arriskuan daude orain —azaldu du egileak—. Obra hau ez da istorio horiei egindako omenaldi soila, istorio horiek bizirik mantentzeko ahalegina ere bada”.

Madrilesen desagerpena, Bidebarrietaren pintura ezkutuak eta Zabalguneko Zirku Antzokiaren tragedia; horiek dira Ibarrola anaiek beren iruditeria propioaren oinarrian duten mundu mitologikoko gertakari historikoetako batzuk. Marta Eguilior eszena-zuzendariak ikuskizun honetan gertatzen den diziplina artistikoen fusioa azpimarratu du: “Nire ustez, arte eszenikoen etorkizuna artearen egungo tresnak uztartzean datza, eta ‘La cazadora de mitos’ antzezlanak hasiera bat markatzen du”. Bestalde, Roberto San Sebastián zinema zuzendariak, ikus-entzunezkoen zuzendarikide izan denak, zera gaineratu du: "esperientzia murgiltzailea da erabat, estimuluen errusiar mendi bat. Ikusleek unibertso bisual paregabea ezagutuko dute, non hainbat mundu eta genero elkarrekin bizi diren, abenturatik hasi eta terroreraino, ilustraziotik 3Dko animaziora” —aldarrikatu du zinemagileak—. "Oso harro nago, lortu egin baitugu konplexutasun teknikoak ez itzaltzea istorioaren foku emozionala, hori baita benetan alderdirik garrantzitsuena".

Ikuskizunaren sinopsia

Lila izeneko antropologo batek mitoen mundu bitxirako sarbide ezkutua aurkitu du. Mitoen munduan Oroimenaren eta Ahanzturaren arteko borroka handia ari da gertatzen. Mundu horretan ezagutuko ditu beti bustirik dagoen naufragoa, ibaiaren azpian bizi den filosofoa, ipurtargiak ehizatzen dituen haur-taldea, alkimista jakintsu bat… eta Errena, iluntasunetik zelatan dagoen izaki zahar eta iluna.