Txakolina eta komikia uztartzen dituen Txakomic ekimenaren bigarren edizioa ospatuko da apirilaren 2tik 10era, lurraldeko ilustratzaile eta sommelierren partaidetzarekin. Berriz ere, Bakioko Txakolingunea foru museoa eta Leioako Mendibile Jauregia izango dira jaialdiaren eszenatoki. Besteak beste, haurrentzako tailerrak, dastatzeak, kontzertu marraztuak eta showcooking ilustratu bat ospatuko dira kultura eta gastronomia batzen dituen elkarlan proiektu honen baitan. Izan ere, Bizkaiko Txakolina, Mendibilie Jauregia eta Jata-Ondoren lankidetzari esker gauzatuko da.

Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren esanetan, "lehenengo edizioko arrakastaren ondoren familia osoarentzako uztarketa ekimena" berriz programatu dute. Horrela, "programazio erakargarria, askotarikoa eta publiko guztiarentzat eskaintzen duen bigarren edizioa" antolatu dute. "Bizkaiko Txakolina eta komikia uztartzen duen ekintza bat da, biak dira gure kulturaren osagai, errotuta eta sustraituta daudenak", adierazi du bere aldetik Amaia Antxustegik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak.

Maider Zalduondo Bizkaiko Txakolinaren Kontseilu Arautzailearen kidearen arabera, "bost zentzumenen bitartez gozatzeko hainbat ekintza" antolatu dituzte. Horietan, belaunaldi ezberdinetako artistak eta marrazkigileak parte hartuko dute. "Euren artean, Alex Orbe, Higinia Garay, Asisko, Inkoherente edo Asier Sanz izango dira", gaineratu du. Bestetik, Iñaki Suarez, Helena Urigüen, Nerea Cuenco edo Ales Rueda bezalako sommelierren parte hartzea ere izango dute bi asteburutan antolatu diren ekintzek. Apirilaren 2an eta 3an, Mendibile Jauregian antolatuko dira, eta, apirilaren 9an eta 10ean, Txakolingunean.

PROGRAMAZIOA

Zalduondok esan bezala, umeei zuzendutako Superheroi mozorroa diseinatu ekimenarekin hasiko dira ekimenak apirilaren 2an, Nagore Txintxurretaren gidaritzapean. Helduentzako, berriz, Zure txakolina, zure etiketa jarduerak dastaketa eskaintzeaz gain partehartzaileei pertsonalizatutako etiketa duen botila eramateko aukera emango die. Eguna bukatzeko, txakolin eta pintxo artean, Masiompa taldearen kontzertua eskainiko da Higinia Garay komikigileak zuzeneko ilustrazio bat marrazten duten bitartean.

Hurrengo egunean, Baso sortzailea izeneko haurrentzako tailerra ospatuko da, Bruno Munariren Dibujar un árbol liburuan oinarrituta. Bitartean, helduek Mendibile Jatetxeak egindako hiru txakolin eta hiru pintxo dastatzeko aukera izango dute Iñaki Suarez sommelierrarekin, Asiskok osagaiek protagonismo berezia duten marrazkia osatzen duten bitartean.

Hurrengo asteburua, berriz ere, haurrentzako tailer batekin abiaraziko da apirilaren 9an: Amaia Ballesterosen esku eskainiko den Euskal Mitologia kristaleran. Ordu berean, Nere Sikera sommelierrak eta Rober Garay margolariak Japoniatik datorren Gyotaku grabatzeko sistemaren sekretuak azalduko dituzte pintxo eta txakolin artean. Arratsaldean, berriz, Digipen Instituko ikasleek sortu dituzten film laburrik onenak ikusteko aukera egongo da.

Txakomic ekimenaren azken eguna haurrentzako Basomik ekimenarekin abiatuko da, collage teknika erabiliz horma-irudi kolektibo bat egiteko. Eguna Elena Urigüen sommelierrak gidatutako showcooking batekin bukatuko da. Bitartean, Asier Sanz marrazkilariak istorio harrigarriak sortuko ditu osagaiekin. "Objektu guztiek eskatzen dute bere errutinatik ateratzea", adierazi du ilustradoreak, izan ere, gaur goizean erakustaldi bat eskaini du. "Oliba bat mila gauza izan daiteke, gihartsu baten bola izan daiteke", azaldu du. Bere esanetan, "adimenak irudimena beste muga batzuk aurkitzera darama, beste modu batera inoiz planeatuko ez zenituzkeen eremuetara".