Joan den asteburuan, martxoaren 4tik 6ra bitartean, ospatutako Musika-Música jaialdiak 70 emanalditik gora eskaini zituen. Jaialdia iraun zuen hiru egunetan zehar 20.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren lau egoitzatara (Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Bizkaia Aretoa eta Euskalduna Jauregia).

Publikoak erantzun ezin hobea eman dio Musika-Músicak naturan inspiratutako musikan zehar ibilbide historikoa egiteko proposamenari, musika klasikoaren obrarik bereizgarrienetako batzuk entzungai izan dituen programari esker: Vivaldiren “Lau urtaroak”, Haydn-en “Sorkuntza”, Richard Straussen “Alpetar Sinfonia”, Beethovenen “Pastorala”, Sain Saëns-en “Animalien inauteria”, Mahler-en “Lurraren kantua” edo Copland-en “Apalachian Spring”, besteak beste.

2022ko Musika-Música jaialdiaren oihala barikuan altxatu zen, hilak 4, kasu honetan Arriaga Antzokiko auditorioa betez, izan ere, lehenengoz egin da bertan jaialdia, eta Haydn-en “Sorkuntza” interpretatu zen Robert Howarthen zuzendaritzapean, Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin.

Jaialdiak programazioa banatu du Euskalduna Jauregian: 70 proposamen sendotuta dagoen maratoi-formatuan orkestra sinfonikoekin, nazioarteko ospea duten orkestra barrokoekin, laukoteekin, hirukoteekin, instrumentistekin eta ahotsekin; baina Arriaga Antzokira, Azkuna Zentrora eta UPV/EHUren Bizkaia Aretora ere iritsi da. Espazio horietan, asteburu osoan, ikus-entzuleen joan-etorriak etengabeak izan dira eta oso ondo hartu dute jaialdia uriko beste espazio batzuetara zabaltzea.

Izan ere, Musika-Música jaialdian ibilbide luzea egin duten artistak eta interpretatzaile gazteak izan dira elkarrekin, egoitza eta programa beretan, Euskalduna Jauregiko Kiosko gunean. Agertoki horretan, hilaren 5ean, Bilboko Koral Elkartearen eta Musika-Música Jaialdiaren Kantamundi programa estreinatu zen, jarraipena izateko asmoa daukan ekimena. Uriko hainbat ikastetxek parte hartu dute, abesbatzen sare bat sortzeko eta kulturarteko sistemak sortzearen aldeko apustua egiteko.

PUBLIKO BERRIAK

Gero eta publiko zabalago eta heterogeneoago batengana iristeko eta musika klasikorako publiko berriak sortzeko ahaleginean, Musika-Música jaialdiak tokia utzi die familiei, haurrei egokitutako proposamenekin. Hala, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan “Hodeiak desegiten” ikusi zen, esperientzia sortzailea eta parte-hartzailea. Azkuna Zentroan Companyia del Príncep Totilau-ren “Ama Lurra” ikusi zuten, familian gozatzeko musika- eta antzerki-ikuskizunarekin.

“Modu asko dago musika eta natura aurkezteko, gozatzeko eta sentitzeko, zirrara eragiteko. Hori dela eta, Musika-Músicaren edizio honetan formatu berriak ikertu dira, publiko berriak erakartzearren eta zirrara berriak eragitearren”, adierazi dute Udaletik. Aurtengo edizioan, Azkuna Zentroaren Argizulo espazioak eta Euskalduna Jauregiak instalazio interaktibo bana hartu dute, jendearen ekintzetarako irekita. Proposamen berri horiek guztiak, joan den barikuko gaueko saioa bezalaxe, Musika-Músicak hurrengo edizioetan izango dituen formatuak dira, musika klasikoa geroz eta pertsona gehiagori hurbiltzeko.

Jaialdiaren zuzendaritzak publikoak aurtengo edizioan erakutsitako gizabidea eta erantzukizuna nabarmendu ditu, indarrean zeuden neurri soziosanitario guztiak betez: “domekan ia 2.500 lagunek batera utzi zuten Euskalduna Jauregia, programatu ziren azken lau kontzertuak amaitu ondoren. Auditorioa bete egin zen Joaquín Rodrigoren “Aranjuezko kontzertua” eta Fallaren “Espainiako lorategietako gauak” entzuteko, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak, Gabriel Bebeseleak zuzenduta, Rafael Aguirrek (gitarra) eta Judith Jáureguik (pianoa) interpretatuta”.

MUSIKA-MÚSICA 2023

Jaialdia dagoeneko lanean ari da Musika-Musikaren datorren edizioan, 2023ko martxoaren 3, 4 eta 5ean egingo dena, ekitaldi horren berezko kalitate programatikoari eusteko, musika klasikoa jendarteratuz eta biztanleriaren sektore guztietara hurbilduz. 2023ko Musika-Música jaialdiak berriro ekarriko ditu Bilbora estatuan eta atzerrian ospea daukaten orkestrak, taldeak eta interpreteak. Hainbat autonomia-erkidegotako kontserbatorioetako eta musika-eskoletako interprete gazteak ere izango dira.