Musika klasikoaren zaleak asteburu bikaina pasatu dute Bilboko hainbat tokitan (Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian eta Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan, batik bat), Musika-Música jaialdiari esker. Jaialdiak harrera bikaina izan du bere 21. edizioan.

Joan den barikutik, Musika-Música jaialdiak 70 proposamen eskaini ditu, bere formatu dagoeneko finkatuan, eta orkestra sinfonikoak, orkestra barroko nazioartean ospetsuak, laukoteak, hirukoteak, instrumentistak eta ahotsak bildu ditu. Multzo artistiko horretan 1.300 instrumentista inguru izan ditugu, hala dagoeneko ospetsu bihurtuak nola berriak, eta hiru egunean zehar izan ditugu agertokietan, gustu eta publiko mota guztientzako proposamenekin.

Oraingo aldi honetan, Musika-Música 2022 jaialdiak ibilbide bat proposatu dio publikoari naturan inspiratutako musikaren historian zehar, eta han aurkitu ditu musika klasikoko obrarik esanguratsuenetako batzuk, hala nola Vivaldiren “Lau Urtaroak”, Haydn-en “Kreazioa”, Richard Strauseen “Alpetar Sinfonia”, Beethovenen “Pastorala”, Sain Saëns-en “Animalien Inauteria”, Mahler-en “Lurraren Kantua” edo Copland-en “Apalachian Spring”.

Gaurko azken kontzertuetako batean, 53.ean, leporaino bete da Euskalduna Jauregia, Fallaren “Espainiako lorategietako gauak” eta Joaquín Rodrigoren “Aranjuezko Kontzertua” entzutera bildutako jendearekin; kontzertua Gaztela eta Leóngo Orkestra Sinfonikoak eman du, Gabriel Bebeselea izan delarik zuzendari, eta Judith Jáuregui piano-jotzaile eta Rafael Aguirre gitarra jotzaile.

Publikoak, halaber, aukera izan du berriro klabezinaren soinua entzuteko La Risonanza orkestrak emandako Vilvaldiren “Lau Urtaroak” obraren kontzertuan, musika barrokoari eskainitako aretoan. Guztiz bete da aretoa, halaber, Luis Fernando Pérez profesional ospetsuak emandako piano-errezitaldian; hain zuzen, Musika-Música jaialdian eman zituen hark lehen urratsak, hasiberri moduan.

Musika-Música Jaialdiaren erronketako bat da interpretatzaile gazteei laguntzea musika klasikoaren zabalkundea egiteko zereginean. Hala gertatu da “Origen” izeneko kontzertuan, zeina Neuma txirula-laukoteak eskaini baitu gaur goizean Azkuna Zentroan, musika, eszenografia, hitza, argia eta kolorea konbinatzen dituen proposamen garaikide baten moduan. Musika-Música NATURA 2022 Jaialdiko musika isildu da, beraz, eta itxi ditu ateak, 2023ko ediziora arte.