Hasierak nolakoak diren irudikatzeko gaitasuna izateagatik aukeratu dute aurten Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) Klasikoen Irakurraldia protagonizatzeko. Indarrean jarraitzen duen leloa -Euskara jalgi hadi plazara!- helarazten duen poema bilduma baikortasunerantz jotzeko abagune bezala irakurriko da, etenik gabe eta txandaka, ekainaren 3an. Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero Arriaga Antzokian antolatzen duen ekimenean 200 lagun inguruk eta 50 Euskal Etxek hartuko dute parte. Ez da erronka makala aurretik izango dutena. Izan ere, bertsio originalean irakurriko dute obra; hau da, XVI. mendeko sortaldeko behenafarreraz. Hala ere, garbizaletasunean galtzea baino parte-hartzea bilatzen dutela azaldu dute antolatzaileek. Liburuan sakontzeko, bestetik, Xabier Amuriza bertsolariak obraren bertsio berri bat egin du, baita berau ulertzeko saiakera bat.

Sekulako ilusioarekin ekin zion Zornotzako bertsolariak enkarguari, bere lana Etxepareren kantatua izateko poesia herrikoi horretatik oso hurbil kokatzen den heinean. Gainera, euren bizitza pertsonalean hainbat paralelismo daudela azaldu zuen atzo Amurizak; apaiz izandakoak eta kartzelan egondakoak baitira biak. “Irakurketa eta hitzaldirako gonbidapena jaso eta azkenean saiakera bat atera zait”, aitortu zuen. Bere lana batuan jorratu du, betiere “ahal den gehien” autore baxenabartarraren estiloa eta edukia errespetatuz eta estrofarik esanguratsuenak hautatuz. Azken finean, “Etxepare ondo ezagutzeko, bere estiloa, iruditeria, pentsaera eta gizartearen laburpen antologia, kantatua izateko moduan antolatua” da Amurizak egin duen lana. Horretarako, aurretiaz Xalbador eta Lazkao Txikiren lanak moldatzean eskuratutako eskarmentuaz baliatu da.

Klasikoen Irakurraldia

Klasikoen Irakurraldia

Ustez Sarrasketan jaio zen idazlearen estrofetan murgiltzea “izugarria” izan da Amurizarentzat. “Euskarari ematen dion neurria, kategoria, lehenengo idazlea izateko eta nolako kontzientziaz aldarrikatzen duen beti egin zait harrigarria”, azaldu zuen, euskara bera frantsesaren gainetik jartzen duen ahapaldi batzuk irakurri baino lehen. Hamabost poemez osatutako bilduman hamaika maitasunezkoak izatea nabarmendu zuen; izan ere, Etxepare Donibane-Garaziko bikarioa izan zen. Gainera, bere garairako erakutsitako aurrerakoitasuna azpimarratu zuen, kutsu feministadun pasarte bat irakurriz: mila gizon gaixtorik da emazte batendako / gizon baten mila andre bere fedean dago.

Herrikoia

Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hastapenak gogoratu zituen Jon Maguregik, Bilbo Zaharra Euskaltegiko zuzendariak. Azaldu zuenez, ekimena “euskara ikasteko ikasleek egiten duten ahalegina ikusarazteko” jaio zen. Urteen poderioz, irakurketa aurrera eramateko ekimenean gizartearen arlo guztiak ordezkatuta egotea lortu dutela adierazi zuen. Bestetik, obrak aukeratzerakoan irizpide ezberdinak izan dituztela azaldu zuen, haur eta gazte literaturan esanguratsuak diren obrak edota euskarazko itzulpena balioan jartzeko lanak hautatuz. Horrela, besteak beste, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Franz Kafkaren Metamorfosia edota Anjel Lertxundiren Otto Pette irakurri dira. Aurtengoan, hizkuntza herrikoian idatzita egoteaz gain, 500 urte eta gero Etxepareren hitzek daukaten gaurkotasuna nabarmendu zuen.

Bordelen kaleratu zen Linguae Vasconum Primitiae lana irakurtzeko dagoeneko baieztatu dute bere partaidetza Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Unai Rementeria ahaldun nagusiak, Bigen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultur sailburuak edota Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gainera, Unibertsitateko, komunikabideetako eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, kultur eta gizarte eragileak eta irakasleak ere Arriagatik pasatuko dira.

Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kiroleko diputatuak Klasikoen Irakurraldiak euskara lau haizetara zabaltzeaz gain, oso gauza lokala izan daitekeena unibertsal bihurtzea lortu duela azpimarratu zuen, literatura eta euskara biak uztartuz. “Etxepareren liburua argitaratu zen lehenbiziz, baina pentsa zenbat argitara-tzen diren gaur egun euskaraz. Hasiera ahulak segida oparoa izan dezala esanez bukatzen du liburua. Horixe da euskarak egin duen ibilbidea”, adierazi zuen. Koldo Narbaizak, Bilboko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, aurten “oso gurea” den generoa landuko dela nabarmendu zuen: bertsolaritza. “Ekimenak gure helburuan aurrera egiten laguntzen digu: Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea”.

‘Post-it’-a8:00etatik 14:00etara.

Etenik egin gabe eta txandaka ospatuko da irakurraldia Arriaga An-tzokiko foyerrean. Munduko Euskal Etxeetako euskarazko ikasleen partaidetza birtuala tartekatuko da zuzeneko irakurketarekin. Gainera, Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da, baita EITBren webgunetik ere. Halaber, bihar, Xabier Amurizak hitzaldi bat eskainiko du Bernat Etxepareren lanean sakontzeko. Euskaltzaindiako egoitzan izango da, 19:00etan.