BILBO. Mathieu Turi zuzendari frantzesaren 'Méandre' filmak Film Luzerik Onenari Saria jaso du FANT - Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioan, "fantasiazko zinema hutsa aldarrikatzen duen proposamen sinplea eta zuzena delako". Filma, a contracorriente filmsek estreinatuko du 2021eko bigarren seihilekoan.

Gainera, Márk Bodzsárren "Comrade Drakulich" filmak aipamen berezia lortu du "oso estetika landua duen umorezko eta beldurrezko istorioa izateagatik, gerra hotza hondoko oihal gisa erabiliz".

Film laburrei dagokienez, Epaimahaiaren Saria Sail Ofizialeko Film Laburra Onenari Javier Khüneren "Flora"-rentzat izan da "beldurrezko generoaren jatorri historikoei dagokielako, eszenaratze dotore eta zaindua erabiliz". Gainera, Alberto Vázquezen "Homeless Home" aukeratu dute Euskal Film Laburrik Onena izateko. Bere kasuan, epaimahaiak "gizarte izugarri baten erretratua, animazio teknika original eta zirraragarri baten bidez" nabarmendu du.

Publikoak ere zeresan handia izan du Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren - FANTen edizio honetan, eta Erik Camposen "Si te mueres, te mato" filmari eman dio Publikoaren Saria Film Laburrik Onenari.

Bestalde, Euskal Gidoigileen Elkarteak Sail Ofizialeko Film Luzeko Gidoirik Onenari Saria irabazi duen titulua Anthony Scott Burnsen "Come True"-rentzat dela esan du, "bere argumentuaren originaltasuna eta asmamenagatik; izan ere, zientzia-fikzioaren bidez, ikuslea bere pertsonaiak sartzen diren unibertso onirikora eramatea lortzen du".

FANT-2021 honetan, Sail Ofizialeko Zuzendari Berritzaileenari Fas Zineklubak Emandako Saria "Mother Schmuckers"-entzat da, Harpo Guit eta Lenny Guitena, "Beavis and Butthead protagonista duen Nouvelle Vagueko film baten bertsio makarra eta gaurkotasunera egokitua delako".

IKUSPEGI FANTASTIKOA

Ikuspegi Fantastikoa sailaren epaimahaiak, Jon Mikel Caballero, zuzendari eta gidoilariak, zeinaren opera prima, "El increíble finde menguante", Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria eskuratu baitzuen FANT 2019an; Esther Caberok, Kimuak euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko programaren koordinatzaileak; eta Diego H. Katarynuik zuzendari eta ekoizleak, ECPV Euskal Herriko Zinema Eskolaren sortzaileetako batek osatuta, Julian Richbergen "Arboretum" filmari eman diote Film Luzerik Onenaren Saria "fantasiaren bidez, gazteek denboran irauten duten autoritalismoekiko duten zaurgarritasuna testuinguruan kokatzen duelako".

Sasha Voronoven "Mom, I Befriended Ghosts" pelikulari ere eman diote aipamen berezia "bere teknika bikainagatik, bere ikusmen-poetikagatik, ingurumeneko hondamendien aurrean gizarteak duen jitoari buruzko historia intimista kontatzen duelako".

Sail honetan, Film Laburra Onenari Saria Isabela Littger de Pinho, Bruno Cohen, Rohit Kelkar, Yujia Wang, Germaine Colajanni eta Rohan Deshchougeren "Blind Eye" filmari eman diote. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "Platonen haitzuloaren mitoa bezalako kontzeptu konplexu bat modu erraz eta irudimentsuan biziberritzen du".