z dira herritar gutxi Txotxongillo taldearen lanekin hazitakoak. Horren erantzule Enkarni Genua eta Manolo Gomez dira, beraiek sortu baitzuten panpinekin euskaraz jardun zuen lehen konpainia, orain 50 urte. Igandean, Victoria Eugenia antzokian jai-giroan ospatuko dute taldearen urteurren borobila. Horretarako, txotxongilolariek klasiko hilezkor bat taularatuko dute: Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia.Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia Ikuskizunean Ixiar Jauregi eta Lara Mitxelenaren txalaparta lagun izango dute. Gainera, urteurrenarekin bat eginez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Genua adiskide numerario izendatuko du.

Mende erdia igaro arren, oraindik ere "sasoiko" daudela, azpimarratu du Genuak. Txotxongiloak eskuz maneiatzeko osasuntsu egotea ezinbestekoa dela, "fisiko minimo bat" eduki behar duzula aitortu du Genuak, atzera begirada bota aurretik. "Ziztu bizian pasa dira urte hauek", dio.

1971. urtea zen. Genuak eta bere senarrak Donostiako Jakintza ikastolan ikasle zituzten hiru seme-alaba, eta euskalgintza, artean, ez zegoen behar bezala egituraturik. Umeentzako euskarazko eskaintza ez zen inondik inora oparoa; are gutxiago, zuzeneko emanaldiei dagokionean. Datu bat ematearren: Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak ez ziren oraindik taula gainera igotzen hasi, urtebete beranduago egin zuten, 1972an. Zentzu berean, Euskal Herri mailan ez zegoen euskaraz txotxongilo ikuskizunik antolatzen zuen konpainiarik. Bai ordea gaztelaniaz, oso ezaguna den Colorín taldea, esaterako ?haiek ere, donostiarrak. "Gure inguruan -gogoratu du, Genuak- euskara ez zen existitzen" eta bikotea euskara ikasteko prozesuan murgilduta zegoen. Ez bakarrik seme-alabekin hitz egin ahal izateko, baita herri eta kultura eraikuntzaren logikaren baitan ere.

Jakintza ikastolan bertan eman zuten lehen emanaldia Genuak eta Gomezek; orduan ez zitzaien burutik pasa ere egingo, noski, zenbait urteren buruan, haien panpinek Euskal Herriko geografia osoa zeharkatuko zutenik. "Hasiera-hasieratik jaso genuen jendearen onespena eta maitasuna. Berehala jabetu ginen antzerkitxo hura ez zela edonolako gauza", gehitu du Genuak. Hain zuzen ere, "an-tzerkitxo" hura "hutsune bat" betetzera etorri baitzen.

"Lan izugarri" egin zuten, "baina gustura". "Onespen zabala eta maitasuna handia" jaso zuten hasiera-hasieratik, eta horrek panpinen munduan gehiago murgiltzera eraman zituen; baina ez profesionalki, noski. Garai horretan Gomezek banketxe batean egiten zuen lan; Genua, aldiz, garaiko usadioari jarraituz, ezkondu ondoren lana utzi eta haurren zainketara dedikatu zen. Halere, Genuarentzat hura ez zen nahikoa, eta Txotxongillo taldearen emanaldiekin hasi zirenerako, Historia ikasketetan murgildurik zebilen Donostiako Deustuko campusean.

Katalunian ere ibili ziren, Nova Cançó Catalana mugimenduaren inguruan. Han ere, giñolekin lanean hasiak ziren: "Handik edaten hasi ginen". Berehala, Estatu frantsesera ere jauzi egin zuen bikoteak, hiru seme-alabak altzoan hartuta, Charleville-Mézièresen ospatzen den Munduko Txotxongilo Antzerki Jaialdian parte har-tzeko. "Emanaldiak egin eta egin, eta, konturatzerako, hementxe gaude", esan du irribarrez berriro.

"Txotxongiloen sustapenerako oso garrantzitsua izan ziren Titirijai eta Bilboko jaialdia sortzea. Kanpoko txotxongilolariak etortzen hasi, eta horrekin batera, hemengo jendea hura zer zen ikasten hasi zen", dio. Bikoteak ondo ezagutzen ditu Titirijai eta Tolosako Topic museoa, mende erdi honetan egin dituzten gauza guztien artean, proiektu horietan ere murgildurik ibili zirelako.

'Erreka mari'

Emanaldiak etenik gabe, baina baita antzezlan franko ekoiztu ere. Sariak ere, ugari: euskarazko testuen sailean Donostia Hiria saria, arte eszenikoen ibilbideari Victoria Eugenia saria eta Bilboko Ercilla saria, besteak beste.

Mende erdi honetan, haurrentzako 20tik gora lan sortu ditu bikoteak, baita hamahiru ipuin eta 21 disko ere. Eta horien artean, igandean berriro antzeztuko duten Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia. Euskal mitologia eta ingurumenaren defentsa uztartzen dituen obra hau Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen 1978an.

Ipuina ere argitaratu zuen Ereinek, eta eskola askotan ipuin hori erabiltzen da ingurumenaz hitz egiterakoan. "Seguru nago igandean ume asko etorriko direla Victoria Eugeniara, eta baita bere garaian gure ikuskizunak ikusi eta orain helduak diren haurrak ere", esanez amaitu du Genuak. Ziur baietz.