BILBO. Kalean da Mari Mar Boillos eta Jon Kortazarrek argitaratutako 'Egungo Euskal Literatura eta Futbola' izeneko liburua. Bertan, Ana Merino, Karmele Jaio eta Manuel Rivas bezalako goi-mailako idazleen lanak irakurri ahal izango dira.

'Egungo Euskal Literatura eta Futbola' liburua hiru zatitan banandua dago. Lehen atalean Ikerketa aurkezten da. Bigarrenean Didaktika, testuak irakaskuntzan nola eman. Eta hirugarrenean, irakurlearen gozagarri, Sorkuntza.

“Literatura eta futbola bi errealitate kontrajarritzat har badaitezke ere, asko dira baieztapen horrek errealitatearekin zerikusirik ez duela erakusten diguten adibideak. Horietan murgiltzen den liburua da hau”, azaldu du Mari Mar Boillos UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea eta liburuaren editoreak.

Mari Mar Boillos eta Jon Kortazar ‘Egungo Euskal Literatura eta Futbola’ liburuaren proiektuarekin hasi zirenean, galdera bi egiten zizkieten behin eta berriro: Zergatik aukeratu duzue gai hori, Literatura eta Futbola, zuen ikerketa bideratzeko? Eta bigarrenik, ba al dago futbolari buruzko euskal literaturarik?

“Lehen galderak erantzun bat baino gehiago ditu. Gure bizitza esperientziatik hasiko gara. Biok gara futbolzaleak, nahiz eta bati ikustea gehiago atsegin eta besteak lagunarteko kirol praktika maiteago izan. Mari Mar, gainera, Athletic-eko Peñen Elkarteko idazkaria da. Biok jaso ditugu futbolari diogun maitasuna gurasoen transmisioan, liburu honetan aztertu den Ramiro Pinillaren nobelak azaldu duen moduan, adibidez”, jakinarazi du Jon Kortazar UPV/EHUko literatura katedraduna eta liburuaren editoreak.

FUTBOLZALEA LITERATURZALE BIHURTU

Bigarren galderari (Ba al dago futbolari buruzko euskal literaturarik?) liburuak baiezko sendo batekin erantzuten dio. “Zalantzarik gabe bai, badago euskal literaturan futbola gai duen literaturarik liburu honek frogatzen duen moduan. Ez gara hasiko gogoratzen, baina, adibidez, Lauaxetak bere kazetari lanetan Athletic-en partiduen kronika laburrak idatzi zituen, Arestik ere aipatu zuen Bilboko futbol taldea bere poemetan, giza masen opio gisa, eta Xabier Letek ere bertso gogoangarria eman zigun. «Realak cuatro uno galdu zuen atzo»”, gogorarazi du Boillosek.

Laburbilduz, Futbolzalea literaturazale bihurtu nahi du liburuak, eta literaturazaleei futbolaz duten arbuioa kentzen saiatu. Jorge Valdano futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak intelektualen eta futbolzaleen arteko hesia hautsi eta zubia eraikitzeko esan zuen bezala: «Futbola gustuko baduzu galdu beldurra letrei, literatura maite baduzu, ez pentsa baloia objektu okerra denik».