Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren hamaikagarren eta azken liburukia argitaratu du ostiral honetan, hogeita hamasei urteko lanari amaiera ematen diona, eta euskararen normalizazioan "urrats erraldoia" izan dena.

Ahozko euskararen aldaerak jaso tzen ditu Atlasak, mapetan, eta azken argitalpen honetan, orotara, 232 mapa ageri dira.

Atzo Bilbon egindako agerraldian azaldu zutenez, itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako lexikoa lantzen du, ondorengo gaiak jorratu direlarik: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

Modu horretan, hamaikagarren liburukia argitaratuta, CDan ere eskuragai dagoena, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa osatu du Akademiak. Azkena izango da atzo Bilbon aurkeztutako lan berria, hala, 1984an abiatutako etapa bati amaiera emango zaiolarik.

Hala ere, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu zuenez, etapa hau amaituta etorkizunean "aukera berriak" sortzen dira, lan honetan bildutako informazioa beste lan batzuk osatzeko aukerari ateak irekita utzi zizkiolarik. "Askotarikoa da 80. hamarkadatik jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena", Urrutiaren aburuz.

Proiektuaren zuzendari Adolfo Arejitak bere aldetik, lanaren garrantzia gailendu zuen: "Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu". Horrenbestez, "gure aurretikoek euskaraz bizi izan duten bizimoduaren ispilu bikaina" dela gaineratu zuen Arejitak.

Ildo beretik, Joan Martí ohorezko euskaltzainak hizkuntzaren normalizazioaren bidean Atlasaren ekarpena gailendu zuen: "Euskararen Atlasa ontzea pausu garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan. Euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana".

Webgunean ikusgai

Hizkeren Atlasaren hamaika liburukiak, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu direnak, webgunean daude kontsultagai jadanik, azkena atzo bertan publikoaren eskura jarri bai tzen.

Hala, edonork PDF formatuan eskuratzeko aukera dauka www.euskaltzaindia.eus/ehha -en.

Gainera, horietako batzuk ikusgai egoteaz gain, entzuteko aukera ere badago. V eta VI liburukien kasua da, izan ere , liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke, bi liburukien audioak eskegita baitaude Akademiaren webgunean bertan.

Euskaltzaindiak argitu zuenez, liburuki berria Elkar liburudendetan eskura daiteke, eta baita Akademiaren helbide elektronikora ida-tziz ere.

Hiru hamarkada luze hauetan zehar, Akademiak ehunka inkesta eraman ditu aurrera ahozko euskararen aldaerak Atlasean ageri diren mapetan jasotzeko.

Egitasmoa 1984an jarri zen abian, eta datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. Guztira, herri horietan eginiko inkestekin Akademiak bildutako testigantzak 4.000 ordu baino gehiagokoak dira, egileek nabarmendu zutenez.

Testigantzak partekatutako pertsonei eskerrak emateko tartea ere izan zen. Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren Negozio Garapenerako zuzendariak azpimarratu zuenez, "euren jakin- tza partekatzeko borondatea erakutsi duten pertsona guztien testigantzei esker, gure euskara maitea berreskuratzea lortu da eta zainduta geratuko da betirako".

"80.hamarkadatik jasotako materiala beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daiteke"

Euskaltzainburua

"Gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko zimendu egonkorra eskaintzen digu Atlasak"

EHHA Proiektuaren zuzendaria