XABIER Lete duela hamar urte hil zen, bizitzan maite izan zituenekinbelaze eder batean elkartzeko esperantzari eutsiz. Ordurako, berrogeita bost urteko ibilbide oparoa egina zuen: existentzialismotik espiritualtasuneraino. Egiaren bila, bakarka gehienetan, etengabeko gogoetan. Fidel haren ideia, kezka eta bidearekiko.

Lete gizon poliedrikoa izan zen: poeta, kantaria, kantugile bikaina, prosa egile, pentsalari zorrotz eta kritikoa, bertsozale eta bertso zaharren dibulgatzailea, politikan ere aritua€ Bistan da lana ongi egina joan zela, Euskal Herrian arrasto sakona utziz. Geroztik, hamaika kantaldi, poesia emanaldi eta hitzaldi antolatu dira haren oroimenez. Hura hizpide harturik idatzitako liburu zerrenda ere luzea da. Azken hilabeteotan, bost argitaratu dira.

Langile baten semea naiz ni

Oiar-tzuarra, 1944an sortua, Xabier Lete Bergaretxe gerra galdua zuen langile baten semea zen. Ama ere langile, etxetik, Donostiako denda baterako jostun. Gurasoek peritu ikasketak egitea nahi zuten, horrek lanpostu ona bermatuko ziolakoan. Gaztearentzat, ordea, hura ez zen amesturiko bidea. Tarragonako ikasketak amaitu gabe itzuli eta fabrika batean hasi zen lanean, harik eta musika ogibide bihurtu zuen arte.

Letek kultura nahiago zuen fabrika baino: antzerkia, musika, bertsolaritza, filosofia eta poesia, poesia batez ere. Erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi zituen poeta zen. Musikan bezala, literaturan ere autodidakta, baina ez maisurik gabea: filosofo klasikoak, Pascal, Camus, Pavese, Rilke eta Lizardi, beste askoren artean.Caro Baroja, Oteiza eta Lekuonatarren eragina ahantzi gabe. Maisu asko, beraz, eta jakin mina izena zuen unibertsitatea.

Jende aurrean kantatzeko parada Ez dok amairu taldeak eman zion, Seguran, Benito Lertxundi gaixotu zen egun batean. Oiartzuarrak ez zuen sekula egun hura ahantzi, ezta Joxean Artzek kantaldia amaiturik bota ziona ere: "Hi, Xabier, hain gaizki kantatzen duk, kriston exitoa edukiko duk".

Jose Angel Irigarayk 1965ean ezagutu zuen Lete. "Orduan, batzuk biltzen hasi ginen kantugintzan eta poesian molde berriekin hasteko asmoz, oraindik Ez dok amairu osatu gabe zegoela. Xabier Joxean Ar-tzek gonbidaturik bildu zen taldera. Ordurako, Letek herri kulturarekiko interes handia zuen: koplak eta bertsoak ezagutu eta kantatzen zituen. Aldi berean, harena begirada modernoa zen, existentzialismo kutsuarekin. Garai hartan poesia ere idazten hasia zen".

Euskal Herri nerea ezin zaitut maite

Ez dok amairuren garaia oparoa izan zen. Mundu berriaamesten zuen gazte taldeak Euskal Herriko txoko askotara eraman zuen egarri hori. Taldekideen artean, Lurdes Iriondo zegoen: garaiko izar handia, Euskal Herriko Joan Baez. Geroztik, Leteren bikote eta oholtzako kide ere askotan.

Lete irakurle amorratua zen, kritikoa, nahiko bakartia. Euskal Herria maite zuen, noski, baina minetik askotan: Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte. "Xabier Letek -dio oiartzuarraren obra sakonki aztertu duen Alex Gurrutxaga EHUko irakasleak- hiru gai nagusi ditu: aberria, heriotza eta maitasuna. Poema, testu eta kantu asko eskaini zizkion aberriari, eta gehienetan maitasun eta min sentipen kontraesankor horretatik".

Ez dok amairu taldearen bidea amaiturik, Letek oholtza gainean segitu zuen harik eta 1978an kon-tzertuak uztea erabaki zuen arte. Tentsio politiko handiko garaian, kantaldietan ere oihu eta kontsignak nagusitzen ziren. Aberriaren kantariak ez zuen inoren esanetara makurtu nahi. Kontzertuetako giroarekin nazkaturik, kantatzeari utzi zion. Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak, horrela despeditu zen.

Handik bi urtera, kultur arloko 33 euskal herritarrek ETAren indarkeria salatzeko agiria sinatu zuten. Horietako bat, Xabier Lete, askoren-tzat horregatik traidore bihurtua. Mutil kozkorra zelarik, Oiartzungo gerra garaiko zauriak ezagutu zituen. Erreketeak herrian sartu eta hogeita bost bat lagun garbitu zituzten, abertzaleak gehienak. Geroztik, suzko letrekin idatziriko printzipioa eraman zuen kontzientzian: "Ez basakeriarik, ez torturarik, ez fusilamendurik, ez heriotza bortitzik. Eta ez lista beltzik".

Kantatzera noazu bertso 1 edo 2

Xabier Lete tipo iluna zela ematen zuen, ezkorra. Ongi ezagutu zutenek, ordea, ezetz diote. Anjel Lertxundirenak dira ondorengo hitzak: "Adeitsua zen, lagunen laguna, algara errazekoa, dibertigarria, ganberroa alditan". Lete hamabi urtetan ezagutu eta hil arte adiskide izan zuen Antton Valverde ados dago: "Egia da itxura serioa zuela, eta haren poema asko horrelakoak zirela. Baina Xabier Lete oso gizon atsegina zen, eta umoretsua. Lehertu arteko parrak egin izan ditugu. Elkarrekin eginiko bidaietan ere, ederki pasatu dugu, lagun ezin hobea zen. Hain etorri handikoa izanik, imitazioak egiten eta pasadizoak konta-tzen bikaina zen. Jende aurrean tipo iluna ematen bazuen ere, dibertigarria eta umoretsua zen".

Letek kulturaren leiho asko zituen zabalik: Bachekin adina gozatzen zuen Txirritaren bertsoekin. Nostalgia handiko kantuen egile, bestelako tonua erabiltzen ere bazekien. Gaztelako Isabel erreginari bertso xelebreak egin zizkion, espainiar obispoek santifikatu nahi izan zutelarik. Gizon arruntari ere umoretikkantatu zion kopla sorta ezagun batean:Anttonio, Lorentxo edo Joxe Mari€ gauza ederra denik ez ukatu neri.

Etorri handikoa zen, plaza gizona. Kontzertuetan aurkezpen gogoangarriak egiten zituen. Elkarrizketak tantaka ematen zituen, "kazetariengatik baino, nire buruagatik(€)Badakit gauzak esaten ditudala behar ez diren bezala. Motz geratzen naizela batzuetan, beste batzuetan pasa€" Horretan ere, Lete kritikoegi bere buruarekin. Etorri handia eta pentsamendu sakona, horra hor kazetarien ametsetako solaskidearen bertuteak. Lete bien jabea zen.

Berriro itzuliko balitz

Pianorik ez Leteren sortetxean, baina gogorik bai amesturiko lurraldeetara joan-etorriak egin eta hango doinuak gurera ekartzeko. Habanera da horietakoa. Euskaraz bakarra dugunez, kantuak ez du beste izenik behar.

Badira herriak bere egiten dituen kantuak, herri abesti bihurtzeraino. Herritarren memorian txertaturik, egilea nor den ahaztu ere egiten da, betikoak direlakoan. Ohorerik handiena, nire ustez, herriari kantatu nahi dion batentzat. Lete poeta kantariak kantu egile ere bikaina zela erakutsi zigun: Habanerabera, Xalbadorren heriotzean, Lizardiren izotz ondoko eguzki, Izarren hautsa, Ez nau izutzen negu hurbilak, Heriotzaren begiak, Seaska kanta€

Eresirik gabe hil ziren gure aurrekoak Xabier Lete dotore jan-tzirik, traje ilun batekin, argazkilariari begira. Donostiako kafetegi batean dago, aulki batean jarririk. Mahai gainean, kafea eta tabako-paketea. Ondoko aulkian, gabardina txukun-txukun utzia. Eskeintza diskoaren azala da.

1991n argitaratu zuen, urtetako isiltasuna hautsiz. Ordurako, hil arteko bizimodua baldintzatu zion gaixotasunak kolpe handia emana zion, hiltzeko zorian utziz. Garai hartan, Iruñeko irrati batean ari nintzen ni lanean, euskarazko programazioaren arduradun. Gogoan daukat diskoa jaso, kantuak entzuten hasi eta LPari izena ematen zion kantura heldu nintzela. Hura ez zen abestia,oiartzuarrak ederki irakurritako poema eder, sakon eta hunkigarria baizik. Geroztik barruan eraman dut. George Steinerrek arrazoi zuen: ederra da testu onak buruz ikastea (par coeur, frantsesek dioten bezala), sekula ez baititugu galduko, gurekin joanen dira beti. Gogoan eta bihotzean.

Eskeintza aita zenari dago dedikatua, belaunaldi baten ordezkari gisa. Leteren adinkide askok eten bat egin nahi zuten aurrekoekin, haiengandik zer ikasirik ez zutelakoan. Hark, ordea, onarpen eta maitasunaren talaiatik begiratu zien denbora ukatu baten kudeatzaileei, onest joka-tzen saiatu eta eresirik gabe hil ziren haiei. "Hitz gutxi, zuzen bizi, iragana errukiz eta ironiaz begiratu", horrela laburbildu zuen aita zenaren bizi-filosofia. Eta horrez gain, eta oroz gain, dezentzia, gutako askok ere etxean hamaika aldiz entzundako kontzeptu zabal eta zehatza aldi berean: zintzo jokatu bizitzan, inori kalterik egin gabe.

Nafarroa arragoa

Xabier Lete Nafarroako Oiartzunen sortu zela esan genezake. "Gipuzkoako herri bat baino gehiago, Nafarroako mendietan kokatutako herri basati samar bat zirudien", esan zien Pello Zubiria eta Joxe Anjel Arbelaitzi, Oiar-tzungo urtekarirako egin zioten elkarrizketan.

Nafarroa arragoa ongi ezagutu eta biziki maite izan zuen. Altzateko jaunaren Bidasoa aldea, Baztan eta Ultzama bailarak; Nafarroa horiaz ere gozatu zuen, batez ere Obanoseko udaldi goxoetan; Leireko Monasterioazere, transzendentziari dei egiten zioten fraideen kantuekin; Agina mendia ahantzi gabe, noski. Hortik, Nafarroa eta Iparraldeko paisaia maitagarriak, bertako kaperatxoa eta Oteizak Aita Donostiaren omenez eginiko monolitoa, kantu zahar batetik harturiko esaldiarekin: xori kantazale eder hori, non ari aiz kantatzen€

Non hago, zer larretan

Aginari eta esaldi horri loturik, Leteren kanturik ezagunena: Xalbadorren herio-tzean. Urepeleko artzaina pertsonaia misteriotsu eta hunkigarria irudi-tzen zitzaion Leteri: "Xalbadorrek ondu zituen bertsoak ezingo lirateke inola ondu barne mundu berezi eta sakonik gabe", idatzi zuen Abesti-tzak eta poema kantatuak liburuan. Xalbadorrez dioena bere buruaz ere esan zezakeen. Argi dago: Letek barne mundu berezia zuelako utzi digu kultur herentzia eder hori.

Gure artetik joan zenetik hamar urtera, Letek gurekin segitzen du, gugan, haren poema, kantu eta esanetan. Bizi-bizirik