Idazle eta musikariak aurrez aurre ezagutzeko aukerarik emango ez duen arren, euskal kulturak azken urtean jasotako uztaren erakuslehio izaten jarraituko du Durangoko Azokak. Atzotik 2.319 produktuez osatutako on line denda dago abian, euskaltzaleek katalogo horretan dauden liburu zein diskoekin desioen saskia bete dezaten. Ordainketa abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo da, azoka ospatuko den egunetan zehar. Izan ere, edizio berezi honetarako ere ehun kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dira Landakon eta Plateruenan, Durangoko eta mugakide diren herrietako kultur zaleek disfruta di-tzaten aurretik izena eman ondoren. Gainera, programazio guztia streaming bidez eskainiko da azokaren webgunean.

“Durangoko Azokako 55. edizioa oso berezia izango da osasun krisiaren eraginez”, aitortu zuen atzo Nerea Mujikak, Gerediagako presidenteak. Horrela, azokak lehen aldiz on line denda izateaz gain, egitaraua osasun egoera berrira egokituko dela azaldu zuen. “Erakusmahaiz ikustera ohituta gauden gune hau aurtengoan on line dendaren biltegi eta sormen eta kultur ekitaldi ezberdinen erakustoki bihurtuko da abenduraren 4tik 8ra”, adierazi zuen. Eusko Jaurlari-tzak ezarritako mugak direla eta, Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak bakarrik bertaratu ahalko dira ekitaldietara. “Baina Euskal Herri osoko kultur zaleek ere izango dute azokaz gozatzeko aukera, Durangon gertatzen dena streaming bidez jarraitu ahal izango dute”, argitu zuen. Bestetik, gogoratu zuenez, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Durangotik kanpo beste zenbait herritan ere -Amurrio, Gasteiz, Bermeo, Bilbao, Ondarroa, Azpeitia, Donostia y Atarrabia- hainbat kontzertu eskainiko dira.

On line dendari dagokionez, Aran-tza Atutxa Gerediagako kudeatzaileak azaldu zuenez, nobedadeak jasoko ditu denda horrek, baina baita beste produktu batzuk ere; best seller-ak zein crowdfunding bidez kaleratutakoak. “Pozik gaude osatutako katalogoarekin eta oso eskertuta parte har-tzaile guztiek gugan jarri duten konfiantzagatik”, adierazi zuen. Bere esanetan, aurreko edizioetan parte hartu zuten sortzaile eta banatzaileez gain, lehen aldiz azokara gerturatuko diren argitaletxe, disketxe, sortzaile eta autoekoizleak ere izango dira.

Produktuen katalogoa atzo jarri zuten martxan eta dagoeneko desioen saskia osatzeko aukera dute kultur zaleek. Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako saski hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. “Dendan eskuratzen diren produktuak etxean jasoko dira. Tartean jaiegunak daudenez bi edo lau egunetara helduko da eskaera. Bidalketa gastuak erosleak ordainduko ditu baina 45 eurotik gorako erosketetan doakoa izango da”, azaldu zuen Atutxak, lehen 1.000 eroslek Taupada boltsaren edizio berezia jasoko dutela adierazi ondoren.

Salerosketa gune bat baino gehiago den neurrian, mugak muga aurrez aurreko egitaraua ere egongo da. Oihane Agirre azokako telebistako ordezkariak argitu zuenez, 10.30etatik 21.00retara bi espazioetan ospatuko dira ekitaldiak: Plateruenan eta Landako guneko eszenatokian. “Disziplina anitzeko egitaraua osatu da. Osaketa horretan ohiko guneek parte hartu dute”, adierazi zuen. Plateruena disko aurkezpenei lotutako kontzertuen gunea izango da, eta, orotara, 37 musika taldek parte hartuko dute: Mikel Urdangarin, Korrontzi, Gatibu, Zetak, X Sakara edota Maria Rivero, bestak beste. Gainontzeko jarduerak Landakoko eszenatokian jarraitu ahal izango dira. Ikus-entzunezkoei eta arte eszenikoei lotutako programazioaz gain literaturak ere bere tokia izango du. Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe edota Danele Sarriugarte bezalako idazleen partaidetza egongo da.