Nøgen: "Lehen momentutik argi genuen hau zela bigarren diskoa ateratzeko urtea"

Taldeak 'Under Alt', bere bigarren diskoa, aurkeztu du Donostian

24.11.2020 | 17:54
Nøgen: "2020an nola gauden erakusten du disko berriak"

"Pandemiarekin jende askok esan digu apustu bat dela aurten disko bat kaleratzea, arrisku moduko bat asumitu dugula. Lehen momentutik argi genuen hau zela Nøgenen bigarren diskoa ateratzeko urtea: 2020an nola gauden islatu du disko berriak. Datorren urterako utzi izan bagenu, diskoa ez litzateke bera izango". Horrela mintzatu da Donostian, Nøgenen abeslari Eider Saez, taldearen bigarren diskoaren aurkezpenean. Estreinako lanak Under Alt du izena, "denaren azpian" danieraz, azaldu du Markel Idigoras ukelele joleak. Nøgenek ez du "inolako zalantzarik izan", COVID-19ak ez du bere bilakaera baldintzatuko, eta diskoarekin batera bira berri bat ere hasiko dute, datorren abenduaren 4 eta 5ean, Victoria Eugenia Antzokian eskainiko duten kontzertuarekin.

Abenduaren 8an, Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira, 13an berriz, Ondarroako Beikozini Kafe Antzokian. Hego Euskal Herriko geografia zeharkatuko dute, datorren astean hasi eta martxora bitartean eskainiko dituzten hogei bat kontzerturekin. Are gehiago, urtarrilean Zamoran ere izango dira Under Alt aurkezteko asmoz, "industriarentzat" oso garrantzitsua den topagune batean. Aurrez, gaurtik aurrera, diskoa salgai egongo da, baita streaming plataformetan entzungai ere.

Under Alt, azalaren azpian, itxuren azpian... denaren azpian, azken batean. "Itxurakeriaren azpian badago sentimendu gordin bat", esan du Idigorasek, lan berriaren kontzeptua laburbiltzeko. Zentzu honetan, album berrian, azaleratzen ez ditugun sentimenduez hitz egin nahi izan du taldeak. Horregatik, hain zuzen ere, hautatu zuten diskoaren azaleko argazkia, pertsonaren larruazala hurbiletik harrapatu duen Thomas Ibarrolaren irudia: "Azalean irudikatzen dira hoberen denboraren orbanak".

Nøgen "zaharragoa"

Iazko abenduan, Nøgenek Liv til dønen, lehen laneko bira amaitu zuen, hain zuzen ere, Victoria Eugenian. Alex Irazusta gitarristak erantzun egin nahi izan die, aurrekoarekin alderatuta, disko berria ezberdina dela diotenei. "Aldaketa baino, eboluzio naturala bizi dugula ikusi dugu", esan du. Azken batean, "pertsona berak" izaten jarraitzen dute, "musikarekiko pasioa" ere bera da, baina lehen albuma kaleratu zutenetik "bi urte eta 80 kontzertu zaharragoak" dira eta hori, Under Alten ere "nabari den" zerbait da. Konfinamendua hasi aurretik, abesti gehienen zirriborroak prest zituen bandak. Halere, hilabete horietan beste pare bat abesti ere sortu zituzten. Diskoa, berez, Haritz Harreguyren Usurbileko estudioan uztailean grabatu zutela gogoratu zuen Olatz Cuevas baxu-jotzaileak.

Ekainean argitaratu zuten Mila aldiz izeneko lehen singlea; orain aste batzuk, berriz, bigarrena, Zeri begira hartu nahi duzu lo? Aurrenekoak folk-rockean ditu sustraiak; azkenekoak, berriz, zerikusi gehiago dauka Liv til dønen diskoan aurki zitekeenarekin. "Taldean abesteko melodiekin jarraitzen dugu. Zerbait bilatua ez den arren, asko nabaritzen da", esan du. Beraz, Under Alten, taldean abesteko "epikoak" badiren melodia "malenkoniatsuak" ere badira.

Taldekideek, berriro ere, bere abestiekin "autoterapia" egin dute, baina letra aldetik "pista handiegirik eman gabe" jarraitu nahi izan dute, behin publikoak entzunda "bereak egin ditzan". Honi tiraka, anekdota bat kontatu du Irazustak: "Momentu triste batean idatzi dudan kanta bat, beste norbaitek, hartu eta bere ezkontzako egunean jar dezake, jada gertatu zaigun bezala. Hori da musikaren edertasuna. Horretan sinesten dugu eta bide horretatik jarraituko dugu".