BILBO. Datorren asteaztekean, hilak 14, hasita eta azaroaren 8ra arte, Igorreko Kultur Etxeak Ertibil Bizkaia 2020 erakusketa ibiltaria jasoko du. Bilboko Rekalde Aretoan bi hilabetez egon eta gero, Igorrera helduko da 18 artistaren lanak biltzen dituen ekimen hau.

Igorreko Kultur Etxea da erakusketa ibiltari honen bigarren geltokia. Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, azaldu duenez, "Ertibil Bizkaia 2020ri buruz hitz egitea talentuari buruz hitz egitea da, Bizkaiaz, Arteaz. Proiektu finkatua da eta bere helburua Bizkaian sormen lana garatzen ari diren artista berriei laguntzea eta artista horiek sustatzea da."

Ertibil Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ikus-Arteen Erakusketa Ibiltaria da eta dagoeneko 38. edizioa du. Aurtengo edizioan, berriz ere, Bizkaian talentua badagoela frogatzen da, 113 artistaren eta espezialitate guztietako 160 lanen parte-hartzearekin. Horien artean hautatu dira aurtengo erakusketa osatzen duten 18 lanak.

Hauek dira Ertibil Bizkaia 2020an saritutako artistak: lehen saria, Helena Goñi, "Dos retratos de Gabe en el tren" lanarekin; bigarren saria, Maite Leyun, "Kitty & Co" obrarekin, eta hirugarren saria, Daniel Llaria, "Be seen be safe" lanarekin.

Ertibil Bizkaia Ikus-Arteen Erakusketa Ibiltaria abuztuan hasi zen Bilboko Rekalde Aretoan, eta urriaren 14an Igorreko Kultur Etxera iritsiko da eta bertan egongo da azaroaren 8ra arte. Ondoren, erakusketa Basaurira (Ariz Dorrea) joango da, azaroaren 10etik 29ra bitartean, eta Ermuko Lobiano Kultur Gunean amaituko du bere ibilaldia, abenduaren 1etik 29ra.